AEBek baieztatu dute ez dutela aldatuko Kabuldik erretiratzeko epemuga

Etxe Zuriak zehaztu du talibanen lankidetzaren araberakoak ere izango direla armadak datorren astearterako amaitu behar dituen ebakuazioak

Hainbat lagun AEBetako armadaren hegazkin batera igotzen, herenegun, Kabulgo aireportuan. SAMUEL RUIZ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Washingtonek bete egingo ditu talibanekin adostutako epeak. Atzo arratsaldean, G7ko goi mandatarien bilera bukatu berritan, Etxe Zuriko iturri batek CNN telebista kateari baieztatu zion ez dela izango aldaketarik hasierako planean, eta, hortaz, datorren astearterako amaituko dituztela Kabulgo aireportuko ebakuazioak: «[Joe] Biden [AEBetako] presidenteak, segurtasun nazionalerako bere talde osoarekin kontsulta egin ostean, erabaki du Afganistango tropak erretiratzeko abuztuaren 31ko epemugari eustea».

Kabulgo aireportuko egoera ikusirik eta bere aliatuen presioak tarteko, Bidenek epea luzatzeko aukeraz hitz egin zuen igandean. Hori egiteak izango lituzkeen «ondorioez» ohartarazi zuten ondoren talibanek, baina adierazpen publikoez gain bi aldeen arteko negoziazioak izan direla jakin zen atzo, The Washington Post egunkariaren bidez. Hedabide horrek zabaldu duenez, William Burns AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendaria talibanen ordezkaritza batekin bildu zen herenegun Kabulen; besteak beste, Abdul Ghani Baradar mullarekin, haien lider politiko nagusietako batekin, epeak luzatzeaz aritzeko.

Ikusteko dago AEBen aliatuek nola hartuko duten erabakia. Izan ere, ebakuazioaren luzapena onartzeko presioa egiten aritu zaizkio; Erresuma Batua eta Frantzia, batez ere. Nicolas Roche Frantziako Atzerri Ministerioko goi funtzionarioak jakinarazi zuen planari bere hartan eutsi eta bihar bukatu beharko dituztela herritarrak ebakuatzeko lanak, kontu «logistikoak» direla eta. Horretaz, Etxe Zuriak zehaztu zuen integristen lankidetzaren araberakoa ere izango dela epemuga betetzea.

Talibanek, bestalde, jakinarazi zuten itxi egin dituztela Kabulgo aireporturako sarbideak —haiek kontrolatzen dituzte—; hala, hara joatea galaraziko diete milaka herritarri. Aireportuko egoera «kaotikoa» dela argudiatuta egin dutela azaldu zuen Zabihula Muyahid eledunak, eta aireportuaren inguruan pilatutako herritarrei euren etxeetara erretiratzeko eskatu zien: «Guk bermatuko dugu haien segurtasuna».

Exekuzioen frogak

Talibanek nazioarteratu nahi duten irudi moderatu eta adeitsua desitxuratzeko moduko jokabideen berri eman zuen atzo Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak. Michelle Bachelet goi mandatariaren arabera, hark gidatutako taldeak txosten «sinesgarriak» jaso ditu talibanek egindako exekuzioen inguruan; besteak beste, zibilen exekuzioak eta Afganistango Gobernuaren alde aritutako segurtasun indarretako kideenak aipatzen dira.

Matxinoek agintera iritsi zirenetik egindako giza eskubideen zenbait urraketa zerrendatu zituen Bacheletek, eta horien artean bereziki nabarmendu zituen emakumeen eskubideen murrizketak. «Oinarrizko marra gorria dira» direla esan zuen. Talibanen mehatxupean daudenez ere aritu zen: «Beldur handia dago emakumeen, kazetarien eta gizarte zibilean azken urteetan lidergoa hartu dutenen inguruan».

Nasir Ahmad Andixa Afganistango Gobernuko diplomazialari ohiak «gutxiengo etniko eta erlijiosoen aurkako indarkeriaz eta jazarpenaz» ohartarazi zuen agerraldi berean. Afganistanen egoera «zalantzazkoa eta beldurgarria» dela azaldu zuen, eta milioika lagunek bizia galtzeko beldurra dutela. Halaber, giza eskubideen alorrean jarduten duten zenbait adituk adierazpen bateratu bat aurkeztu zuten. Herritar asko etxean ezkutatuta daudela salatu zuten, eta, bitartean, talibanak etxeak erregistratzen ari direla, «atez ate».

Jarraitu irakurtzen: Salima Mazari gobernadorea atxilotu duten susmoa, geroz eta zabalduago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.