EBk dei egin die Serbiari eta Kosovori «malgu» jokatzeko, harremana normalizatzeko

NATOk adierazi du esku hartzeko prest dagoela Balkanak ezegonkortzen badira. Vucicek bilera batera deitu ditu Kosovoko serbiarrak, iganderako

Kosovoko lurraldea irudikatzen duen horma irudi bat, gainean serbiarra idatzia duela. ANDREI CUKIC / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Balkanetan gatazka batek eztanda egitea, horixe da EB Europako Batasunari uneotan gutxien komeni zaiona. Nahikoa du Ukrainako gerrarekin, hark eragin dituen ondorio ekonomikoekin eta politikoekin, suteekin, lehorteekin, energiaren garestitzearekin... Horregatik, mokoka ibiltzeari uzteko eskatu zien Bruselak atzo Serbiari eta Kosovori. Josep Borrell EBko diplomaziaburuak «erabateko normalizaziorako» urratsak galdegin zizkien Alaksandar Vucic Serbiako presidenteari eta Albin Kurti Kosovoko lehen ministroari, Bruselan egin zuten bileran. Agintariek ez zuten akordiorik lortu, eta hitz egiten jarraitzeko beharra nabarmendu zuen Borrellek bilkuraren ostean.

Herenegun, Vucic eta Kurti NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergekin bildu ziren, Bruselan, nor bere aldetik. NATOren buruak Borrellen eskari antzekoa egin zien: giroa gaiztotzea eragozteko. Gaineratu zuen aliantza esku hartzeko prest dagoela Balkanetan ezegonkortasuna nagusituz gero. NATOk 4.000 soldadu inguru ditu Kosovon.

Azken asteetan, Kosovo iparraldea izan da Pristinaren eta Belgraden arteko ika-miken agertoki goriena. Abuztuaren hasieran, Kosovoko Gobernuak adierazi zuen herrialdeko gutxiengo serbiarrak —Kosovo iparraldean bizi dira gehienak— ezin izango zituela erabili Serbiako identifikazio dokumentuak eta estatu horretako ibilgailuentzako matrikulak, baliogabeak izango zirela, eta behartuta egongo zirela Kosovokoak egitera, Serbiaren eta Kosovoren arteko 2013ko eta 2015eko akordioek jasotzen duten modura. Iragarpenak Kosovoko serbiarren sumina eragin zuen, eta barrikadekin moztu zituzten hainbat errepide, batzuek armak eskutan zituztela. Tiroak ere izan ziren protestetan, baina ez zen zauriturik izan.

Ordutik, Belgradek eta Pristinak irainak jaurti dizkiote elkarri, eta biek adierazi dute gerrarako prest daudela. Kurtik neurriaren ezarpena atzeratzea erabaki zuen, irailaren 1era arte. Bruselakoa egoera bideratzeko lehen saiakera formala da.

Bestalde, Vucicek Kurtiri egozten dio Serbiako Udalen Elkartearen sorrera trabatzea. Erakundearen sorrera ere jasota dago bi herrialdeen arteko akordioetan.

Mendebaldeko diplomazialariak kezkatuta daude bi gobernutako zenbait kidek ez ote duten tentazioa izango muturreko nazionalismora jotzeko edota Kosovoko gutxiengo serbiarraren haserrea ez ote den lehertuko, Belgradek Pristinari aitortza onartezinak egin dizkiola iritzita.

Borrellekin eta Kurtirekin bildu ostean, Vucicek adierazi du Kosovoko serbiarren ordezkariak deituko dituela bilkura batera, igande goizerako, Belgraden.

Zain egotearen nekea

Auzi hori alde batera utzita, ordea, EBk eta NATOk badute kezkarako beste arrazoi sakon bat: Mendebaldeko Balkanetan EBren parte bihurtzeko zegoen bultzada ahultzen ari dela. Herritar asko nekatu egin dira zain egoteaz. Bruselak duela 20 urte hitzemanzien lehenengoz Balkanetako herrialdeei blokearen parte izango zirela, eta, gaur-gaurkoz, gauzatzetik urrun dagoen proiektu bat da hori.

Mendebaldea jakitun dago Errusiari ez zaiola oharkabean pasatu Balkanetako herritar askoren itxaropen zapuztua, eta uste du Moskuk egoera hori baliatuko duela EBra batzeko nahia duten herrialdeetan zatiketa politikoa sustatzeko.

Balkanetako estatuak blokera gehitzeko bidea are malkartsuagoa egin dute Kroaziak eta Bulgariak —EBko estatu kide direla baliatuta— Bosnia-Herzegovinari eta Ipar Mazedoniari, hurrenez hurren, oztopoak jarri izanak.

Serbiari dagokionez, jakina da Belgradek lotura estuak dituela Kremlinekin, baina Errusiarekin duen harremana ezin da lerratze huts batera murriztu. Vucic oso kritiko mintzatu da Mendebaldeak Errusiari ezarri dizkion zigor ekonomikoen aurka, baina, aldi berean, Ukrainaren inbasioa salatu du Nazio Batuen Erakundean.

Serbiak eta Kosovok 2011. urtean hasi zituzten EBk gidatutako elkarrizketak, bien arteko harremanak normalizatzeko akordio bat lortze aldera.

Kosovok 2008. urtean aldarrikatu zuen independentzia, Serbiatik banatuta, eta Mendebaldeko herrialde gehienek onartu dute estatu independente gisa. Serbiak, aldiz, bere lurraldearen partetzat du. Kosovo estatu gisa aitortzen ez dutenen artean dira Txina, Errusia eta Espainia ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.