Bizkaiko merkatari elkarteen «xantaia» salatu dute langileek

Soldatak KPIaren arabera igotzearen truke, eskatu diete uko egin diezaiotela antzinakotasunari edota udako larunbat arratsaldeetan jai izateari. Greba egin dute, eta 'black friday' egunean ere egin asmo dute

Merkataritza grebako piketeek atzo egin zuten manifestazioa, Bilboko Kale Nagusian barrena. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
«Nire etxean nirea da sartzen den soldata bakarra. Beharra izanez gero, familiari eska diezaiokezu, baina nik jada esana diot alabari ondo pentsatu behar dugula noiz jarri berogailua. 300 euroko fakturekin, pentsa. Ni ez naiz hilabete bukaerara iristen: gasturen bat kendu behar dut». Maribel de la Dehesaren hitzak dira. Clarel kosmetika kateak Bizkaian duen denda bateko arduraduna da. Alboan du Ruth Pampliega; hark H&M arropa katearentzat egiten du lan: «Ondo pentsatu behar duzu non erosi. Supermerkatu merkeena aurkitu... eta, hala ere, ez zara iristen. Gero, ikusten duzu multinazionalek zer-nolako irabaziak dituzten, eta pentsatzen duzu: nola da posible horrela ibili behar izatea soldata duintzeko?».

Ikusi gehiago:Hiru lan itunak

De la Dehesak 1.059 euroko hamabost soldata ditu; Pampliegak, berriz, 958 euroko hamalau. Hark, dena den, 30 orduko kontratua du. «Hori oso ohikoa da», zehaztu du, «jardunaldi osoko kontratuak gero eta gutxiago dira sektore hauetan». De la Hidalgak arrazoia eman dio: «Nik lan egiten dudan dendan, hiru gara, eta ni naiz jardunaldi osoa duen bakarra. Beste bi lankideak hamabost eta hogei ordura daude». Lehenak merkataritza orokorreko lan ituna du; bigarrenak, ehungintza merkataritzakoa. Atzo grebara deituriko sektoreetako bi dira. Hirugarrena larru eta oinetakoen merkataritzako langileena da, hiruretan prekarioena.

2019an hasi ziren hiru itunak berritzeko bilerak, eta negoziazio epe horretan deituriko bederatzigarren greba eguna izan zen atzokoa. Deitzaileen arabera, %70eko parte hartzea izan zen Bilbon. Zazpikaleetan, eragin nabarmena izan zuen; Kale Nagusian, aldiz, oso txikia. Marije Fernandez ELAko merkataritza arloko arduradunak, dena den, pertsianaz harago begiratu behar dela azaldu zuen eguerdirako deitu zuten manifestazioaren aurretik: «Sektore honetan, zaila da greba egitea. Hain soldata txikiekin, asko nabaritzen dute hilabete amaieran. Baina asko dira grebalariak. Kontua da denda batzuetan arduradunak saltzaile lanetan jartzen dituztela, edota beste langile batzuei txanda aldatzen dietela. Eta, horrela, saltokia irekitzen dute». Hilaren 25erako ere grebara deitua dute, black friday egunerako.

«Txikien aitzakia»

ELAk eta LABek deitu zuten grebara. De la Dehesa eta Pampliegarenaren pareko iritziak oso zabalduta daudela azaldu du Irati Sienra LABeko Merkataritza Saileko arduradunak, eta sektorea «oso haserre» dagoela. Salatu zuenez, Cecobi eta Bilbodendak elkarteek osaturiko patronalak «xantaia» egin die negoziazio mahaian: «Soldatak oso apalak dira, eta hiru itunak aspaldi daude izoztuak. Gutxieneko soldata igotzen bada, hiru itunetako bi hobetuko ditu. Soldatak KPIaren arabera eguneratzearen truke, eskatu digute antzinakotasuna kalkulatzeko modu berri bat ezarri, eta uko egiteko gaixoaldien osagarrien zati bati, edota udako larunbat arratsaldeetan jai izateari. Arratsalde horiek oso baliotsuak dira kontziliaziorako. Hori onartezina da».

Hiru itun horiek 11.000 langileren baldintzak arautzen dituzte. Oso zabalduak daude: denda txikietako langileei eragiten diete, baita oso handietakoei ere. Hori dela eta, besteak beste, modu ezberdinean aplika daitezela eskatzen dute langileek eta sindikatuek. Hori bai, sindikatuak haserre daude patronalek dendari txikiak aitzakia gisa erabiltzen dituztelako. Sienra: «Esaten digute txikiek ezin dituztela onartu baldintza horiek, eta handiek egoera baliatzen dute. Baina ez da egia, merkatari txikiek esaten digute prest daudela. Are gehiago, hainbatek beren kasa igo dute KPIa. Patronala ari da negoziazioa blokeatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.