Motor mota guztietako autoen erosketa lagunduko du Jaurlaritzak

Funts bat abiaraziko du martxo bukaeran, eta ordurako jakingo da laguntzaren zenbatekoa. Hamar urtetik gorako autoak edozein motorretako auto berriekin ordezkatzeko helburua dauka planak

Bezero bat auto kontzesionario batean, diesel batera sartzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
xabier martin
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Aliatu bat aurkitu du autogintzak, dieselaren gainbeherak egin dion eta egingo dion kaltea arintzeko. Eusko Jaurlaritza harago joan da euskal industriaren oinarrizko sektore horren aldeko mezuetan, eta autoak erosteko operazioak diruz laguntzea erabaki du. Martxoaren bukaeran funts bat abiaraziko du hamar urte baino zaharragoak diren autoak ordezkatu nahi dituzten balizko erosleen mesedetan. Ez da ezaguna zenbateko kopuruz lagunduko dituen auto erosketak, baina motor guztietako ibilgailuen operazioak lagunduko ditu neutraltasun teknologikoaren izenean: «elektriko, hibrido eta isurketa mugatua duten gasolina eta gasolio ibilgailuenak».

Acicae autogintzaren euskal klusterraren atzoko jardunaldian iragarri zuen Renove plana Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak. Sailburuak azaldu zuen gobernuaren planak ez duela teknologia bat sustatuko beste baten aurretik. Irizpide «neutralak» izango dituela elektrikoen, hibridoen, gasolinazkoen eta gasoliozkoen artean, alegia. «Ibilgailu elektrikoetara mugatu gabe, zenbait aukera eskainiko ditu, guztiak baliagarriak eta ingurumena errespetatzen dutenak, gure ustez». Tapiaren arabera aukera horiek «beharrezkoak dira erabiltzaileentzat, autogintzaren industriarentzat eta, azken batean, sistema osoarentzat».

Hamar urte baino gehiago dituzten autoak aldatzeko laguntza da, finean, «erreketa motor zaharreko autoak erretiratuz CO2 isurketak gutxitzeko, eta Europak zein Euskadik hartutako konpromisoak betetzen laguntzeko». Beraz, teknologia alternatiboen aldeko plan bat baino gehiago salmenten gainbehera saihesteko saioa da: dieselaren inguruan moteltze handi bat igarri ondoren iritsi da, eta betiere sektoreak euskal ekonomian duen pisua oso kontuan hartuta. Haatik, oraindik ez dute ezagutzera eman diru laguntza desberdinak egongo ote diren erosten den auto motaren arabera; hau da, elektrikoak eta hibridoak erosteak laguntza handiagoa izango ote duten.

Ohar bat Madrilentzat

Ezagutzen ez den beste aldagai bat da martxorako prest egongo den funtsaren zenbatekoa. Hala ere, luze gabe jakinaraziko ditu planaren xehetasunak Ekonomiaren Garapeneko Sailak. Espainiako Gobernuak, berriz, auto elektrikoen erosketa laguntzeko plana iragarri zuen iaz. Madrilek 200 milioi euroko Renove plana iragarri zuen, baina ez litzateke 2020. urtera arte martxan jarriko, eta, ordurako, Moncloan beste presidente bat egon daiteke, beste asmo batzuekin. Plan horrek, dena den, auto elektrikoen eta hibridoen erosketak lagunduko lituzke, ez beste motorrenak.

Izan ere, Espainiako Gobernuak, Europako beste hainbaten ereduari jarraikiz, gasolio eta gasolina motorrei epemuga jarri zien aurreko urtearen hondarrean: 2040. urtea. Bada, Arantxa Tapiak ez du batere gustuko izan Madrilek horrelako mezuak ematea, besteak beste, Euskal Herrian autogintza sektorea industriaren abangoardia delako. Mercedes eta Volkswagen erraldoien inguruan osagai hornitzaileen sare handia dago, eta CIE Automative, Gestamp eta beste hainbat mundu osorako aritzen dira aspaldian. Tapiak berak egunkari honi gogorarazi zion aurreko astean «seguruenera» dieselaren krisiak eragin duela 2018. urtean EAEko ekonomia hamarren bat gutxiago haztea.

Autogintzaren sektoreari mezu «ordenatuak» emateko deia egin zuen sailburuak, atzo, sektoreko goi ordezkarien aurrean. Pedro Sanchezen gobernuari mezu argia igorri zion: «Elkar gurutzatzen diren mezuak oso arraroak izaten ari dira; ziurgabetasuna eragiten duten seinaleak bidaltzen dira, eta arduratsuagoak izan behar dugu». Finean, Tapiaren tesia da auto elektrikorako trantsizioa egin behar dela, baina, hura iritsi bitartean, sektoreakautoak saltzen jarraitu behar duela. «Motorren araudia sektorearekin batera prestatu behar da, ziurgabetasun mezuek ondorioak dituztelako», esan zuen. «Isurketak murriztu behar direla? Bai, jakina», jarraitu zuen; «Eraginkorragoak izan behar dugula? Egin behar da, bai, baina modu ordenatuan, segurtasun juridikoa erraztuz. Jarduerarekin jarraitzeko aukera izan behar duelako sektoreak bide orri zehatz bati lotua».

Europako salmentak

Hain zuzen, Europako Auto Ekoizleen Elkarteak 2018. urteari dagozkion datuak jakinarazi zituen atzo. 201.284 auto saldu dituzte trakzio elektrikoarekin Europako merkatuan, hidrogeno pila ere multzo horretan sartuta. 2017. urtearekin alderatuta, %48,2 igo dira auto horien salmentak. Hibridoei dagokienez, %33 ugaritu dira salmentak, 606.201 autora arte. Ibilgailu alternatibo gisa ezagutzen den multzoak 1,2 milioi auto saldu zituen 2018. urtean, %28 gehiago.

Salmenten hazkunde handia izan duten arren, motor alternatiboen autoak oso urrun daude oraindik erreketa motor tradizionalen autoen salmenta kopuruetatik: 5,52 milioi auto saldu ziren diesel motorrarekin iaz, aurreko urtean baino %18 gutxiago, eta 8,75 milioi auto saldu ziren gasolinaren merkatuan, %12,4ko igoera lortuta. Trantsizioa hasi dela ezaguna da aspaldian, baina motor elektrikoaren nagusitasuna lortzeko urte ugari beharko dira oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.