Arrantzaleek etekin handiagoa atera diote berdelaren kuota txikiagoari

Ia hamabi milioi euroan saldu dute berdela lonjetan; iaz baino milioi bat baino gehiago da. Antxoa modu onean ari da sartzen, baina iaz baino merkeago

Jaurlaritzako eta kofradietako arduradunak, atzo, Getarian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek etekina atera diote haientzat kaltegarria zirudien egoera bati. Berdelaren kuota jaisten ari da urtetik urtera, espeziearen egoera hala moduzkoa delako iparraldeko uretan eta 2009ko gehiegizko arrantzarengatik zigorra ordaindu behar dutelako. Baina gutxiago arrantzatu ahaldutenez, berdelaren prezioak gora egin du lonjetan, eta iaz baino etekin handiagoa atera ahal izan dute aurten.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzarako sailburuordeak atzo Getarian emandako datuen arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek agortu egin dute aurtengo kuota. Guztira, 8.810 tona arrantzatu dituzte, eta kiloko batez beste 1,36 euro ordaindu dizkiete lonjetan. Biderketa eginez gero, 11.981.600 euro dira.

Iaz, kuota handiagoa izan zen, 11.000 tonakoa, baina nabarmen gutxiago ordaindu zieten arraina: 0,97 euro kiloko, besterik ez. Guztira, 10.670.000 euro; aurten baino 1,31 milioi gutxiago.

Kuota, ezbaian

Berdelaren kuota aste gutxi batzuetan agortu dute arrantzaleek, Europa iparraldeko beste gune batzuetan ez bezala, Bizkaiko Golkoko uretan nahiko arrain aurkitu dutelako. Baina gerta daiteke hurrengo urteetan are murritzagoa izatea arrantzaldia, Galiziako eta Asturiasko arrantzaleek beren kuota handitu nahi dutelako, bizkaitarren eta gipuzkoarren kaltetan.

Oraingo banaketa 2015. urtean lortutako akordio baten ondorio da, baina Asturiasko eta Galiziako kofradiek beste banaketa bat nahi dute orain, beste arrain batzuen eskasia ikusita, oraintsu arte gutxietsi duten berdelari leku gehiago egin nahi diotelako. Betidanik, euskal arrantzaleek eta kantabriarrek gehiago erreparatu izan diote berdelari, eta haien eskubide historikoak aintzat hartzen ditu oraingo banaketak. Zehatzago esateko, 2002-2011 arteko harrapaketek baldintzatzen dute egungo kuotaren %70, eta arrantzale kopuruak, itsasontzien kopuruak eta haien neurriak gainontzeko %30.

Guztira, 24.597 tona eman dizkio aurten EBk Espainiako Erresumari. 2022ra arte 6.000 tona gutxiago arrantzatu ahal dute, 2009ko eta 2010eko kuotak ez errespetatzeagatik.

Apirilaren hasieran, lehen bilera egin zuten Kantauriko kofradiek eta Luis Planas jarduneko Arrantza ministro espainiarrak kuotaren beste banaketa bat aztertzeko, baina erabakirik gabe amaitu zuten.

Antxoarekin kezka

Berdelaren kosterak baino garrantzi handiagoa izan du beti antxoarenak euskal arrantzaleentzat, eta aurten ere hala izango da. «Intentsoa» izaten ari da, Orozen hitzetan. Orain arte 7.000 tona antxoa lehorreratu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan, eta 1,23 euroan saldu ahal izan dute. Guztira, 8,61 milioi euroko diru sarrera.

Antxoaren prezioa behera egiten ari da azken urteetan. Duela urtebete, kosteraren lehen balorazioa egitean, Jaurlaritzak azaldu zuen 8.000 tona arrantzatu zituztela, eta 1,42 euro ordaindu zietela kiloa. 2017an, berriz, 1,78 eurora iritsi zen kiloa.

Prezioa igo nahian, egun batzuetan portuan geratu dira antxoatan ibiltzen diren euskal ontziak, 200en bat. Izan ere, porturatu duten antxoa egokia izan da merkaturako, batez beste 45-60 ale kiloko, baina txikiegia da kontserbarako, eta arrandegietan freskorako saltzeko arazoak izaten ari dira, kontsumoa jaisten ari delako. Hori dela eta, Orozek eskatu die herritarrei antxoa freskoa kontsumitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.