«Borrokan jarraituko dugu»

Gipuzkoako Foru Aldundiko atarian sartu, eta eserialdi bat egin dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, lan ituna hitzartzeko bidean konponbide eske. Ertzainek atera dituzte, identifikatu ostean

Langile bat ateratzen; atzean, ertzainek osatutako hesia. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Jomugan jarri dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak gatazka honetan duen ardura. Izan ere, sektore honen arduraduna aldundia da, eta lan hitzarmenik ez egotearen erantzukizuna harena da. Ezin dugu ahantzi sektore pribatizatu bat dela, finantzaketa publikoa eta titularitate publikoa dituena». LAB sindikatuak deituta, beren aldarria ozentzea lortu zuten atzo Gipuzkoako zahar etxeetako langileek Donostian; horregatik egin zuen sindikatuko ordezkari Ane Sarriegik goizetik arratsaldera aldundian egin zuten ekintzaren balorazio «positiboa». Hogei bat langile batera diputazioko atarian sartu, eta eserialdi bat egin zuten goizean. Bost bat ordu egin zituzten han, ertzainek aterarazi zituzten arte. Banaka-banaka atera zituzten, identifikatu ostean; arrastaka ere atera behar izan zituzten hainbat. Denak kanpoan zirela, aldarriari atxikita segitzeko asmoa berretsi zuten langileek, aho batez: «Borrokan jarraituko dugu».

Arratsaldean izan ziren, bereziki, tentsio uneak. Istiluen aurkako jardueretan erabili ohi dituzten jantziekin agertu ziren ertzainak, eta oldarkor jardun zuten hainbatetan; argazkiak eta bideoak egiten ziharduten guztiak identifikatu zituzten, tartean kazetariak. Goizean langileak diputazioko atarian sartu zirenetik ere izan ziren hainbat une zail. Pankarta handi bat magalean zutela eseri ziren lurrean: Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena orain. Berehala agertu zitzaizkien segurtasun zaindariak, kontu eske. Jarrera irmoa erakutsi zuten, ordea, langileek: «Ez gara hemendik mugituko ateratzen gaituzten arte». Lo zakuak ere bazituzten, eta gaua han igarotzeko prest zeudela adierazi zuten. Protestan ia denak emakumezkoak ziren; ezin bestela, guztiz «feminizatutako» sektorea dela oroitarazi dute sarri langileek, zaintza lanei lotuta dagoela, eta, ondorioz, horregatik ez dela behar bezala aintzatesten. 5.000 langile inguru dira herrialdean.

«Irailean hasi ginen mobilizazioak indartzen; Gipuzkoako eskualde guztietara eraman dugu auzia», azaldu zien atzo goizean LABeko ordezkari Leire Ormazabalek kazetariei. Hain justu, greba ugari egin dituzte; atzokoa hamazazpigarrena zuten LABen, eta hilaren 25era arte luzatuko den grebaldi baten hasiera. Sektorean protesta gehiago ere badira; hain zuzen ere, ELAk ere hamarnaka greba egin ditu igaro hilabeteotan lan itunaren alde. Aparteko estrategietan ari dira, ordea, bi sindikatuak, eta atzo LABekoek hartu zuten protestaren gidaritza.

Aurrera egin ezinik

Atzoko ekintzara beharrak bultzatu zituela esan zuen Ormazabalek, aurrera egin ezinak: «Blokeo egoeran dago negoziazio mahaia». Diotenez, orain arte adostasunera heltzeko erako proposamenik ez dute jaso patronaletatik; «izozketetan» oinarritutakoak izan dira jaso dituzten mezu apurrak. LABek usu salatu du, gainera, herrena dela mahai hori; izan ere, handik alde eginda daude aspalditxotik ELA sindikatuko ordezkariak —haiek dute gehiengoa sektorean, ordezkarien %60—. Jakina da ELAk akordiorako ahaleginak egin dituela negoziazio mahaitik at, zuzenean patronalekin mintzatuta, baina antzuak izan dira horiek ere.

Sindikatuen arteko harreman zaila gehiago okertzea ekarri zuten negoziazio paralelo horiek.Langile guztiak, ordea, bat datoz: auzi honetan erantzule nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia da, erakunde horrek eskaintzen baititu zaharren egoitzetako toki gehienak, itunpean. Uste dute, ordea, ez dela ari hartzen bere gain gatazkan duen ardura. «Aldundiak beste alde batera begiratzen du», salatu zuen atzo Ormazabalek. Hain justu, diputazioko buruzagiek gaia hizpide hartu duten guztietan lan gatazka bat dela nabarmendu dute, eta patronalak eta sindikatuek egin behar dutela akordiorako bidea.

Sindikatuen aburuz, ordea, horrekin ez da aski. Langileen eskubideez harago, zahar etxeetako egoiliarrenak ere aintzat hartu behar direla adierazi dute sarritan. «Langileentzako hitzarmen duin bat nahi dugu, baina egoiliarren eskubideak ere betetzea», gogoratu zuen atzo Ormazabalek. Horiek horrela, lansariarekin-eta lotutako hobekuntzez gain, ratioetan ere aldaketak eskatu dituzte: ugaritzea nahi dute, zaharren egoitzetan bizi diren gizon eta emakumeak artatzen igarotzen duten astia luzatu ahal izateko, eta ongi zaindu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.