Europako Parlamenturako bozak. Hungaria

'Viktator' Orbanen iliberalismoa

Lehen ministroak eskubide zibilak mugatu ditu boterea indartzeko. Hedabideen kontrola funtsezkoa izan du herritarren artean diskurtso xenofoboa hedatzeko.

Viktor Orban lehen ministroa Europako hauteskundeetarako programa aurkezten, iragan apirilaren 5ean, Budapesten. SZILLARD KOSZTICSAK / EFE.
Ane irazabal
Budapest
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

Budapesteko Europa Erdiko Unibertsitateak ateak irekita ditu. Normaltasun itxura ematen du jatorriz hungariarra den George Soros enpresari milioidunak ireki zuen ikasketa zentroak. Kanpotik behintzat. «Ez dakigu datorren ikasturtean hemen geratuko garen edo Vienara lekualdatuko gaituzten», adierazi du doktorego ikasketak egiten ari den Deszo Matek. Ikasle gazteak bezala, kolokan dago beste 1.300 pertsonaren etorkizun akademikoa.

Izan ere, Hungariako Parlamentuak onartu berri duen araudiak debekatu egiten die kanpoko unibertsitateei egoitza bat irekitzea, jatorrizko herrialdean zentro nagusi bat ez baldin badute. Sorosen unibertsitateari soilik eragiten dio; horregatik, Stop Soros esaten zaio legeari.

Viktor Orban lehen ministroak gerra deklaratu die haren ustez barne aferetan muturra sartzeko asmoa duten kanpoko esku sartzeei. Giro horretan, Soros bihurtu da gobernuaren etsai nagusia. Orbanen ustez, bankari handikia munstro antzeko bat da, Hungaria ezegonkortu eta sustrai kristauak arriskuan jarri nahi dituena.

«Baina Sorosen argi-ilunak agerikoak direla jakinda ere, enpresariaren kontrako kanpainak iraganeko mamuak piztu ditu», uste du Gabor Miklosi kazetariak. Bada, lehen ministroak afera hori erabili du antisemitismoa xaxatzeko: «Zabaltzen ari da juduen konspirazioaren ideia, hau da, kosta ahala kosta aberastu egin nahi duen bankari juduaren diskurtso zaharra». Horrek ardura eragin du Budapesten, urte luzez Europako komunitate judurik handiena izan duen hiriburua baita.

Halere, Orbanen jarrera antisemitak talka egin du azkenaldian bultzatu berri dituen akordioekin. «Israelekin, adibidez, harremanak sendotu ditu», adierazi du Blanka Zoldi kazetariak. «Eta Txinako eta Errusiako oligarkei Golden Visa edo Urrezko Bisa delakoak eskaini dizkie». Zoldik urteak pasatu ditu bisa pribilegiatu horien nondik norakoak aztertzen: «Funtsean, enpresari handiei erraztasunak ematen dizkie Hungariako herritartasuna lortu, enpresak erosi eta ondasunak hemen pilatzeko».

Publizitatea arma gisa

Trukean, oligarka horietako askok Hungariako hedabideen %90 erosi dituzte. Miklosi Index egunkari digitalaren zuzendariordea da: «Eman begirada bat piztuta dagoen telebistari. Europako bozetako kanpainan, Orbanen Fidesz alderdia da nagusi». Hungariako egunkari digital independenteetan gehien irakurria da Index, eta milioi bat bisita jaso ohi ditu egunero. Halere, arduratuta sumatzen zaio Miklosiri: «Iragan irailetik jabe berria daukagu, eta ez dakigu zer gertatuko den». Kazetariaren ustez, Orbanen gobernuak publizitatea erabiltzen du zentsura inposatzeko: «Hedabide kritikoak mehatxatzen ditu, publizitate publikoa kenduko dietelakoan. Bizirik irauteko, autozentsura nagusitu da».

Zama hori biziki sumatzen da errefuxiatuen dramaren aferan. Lehen ministroaren Fidesz alderdi ultranazionalista aitzindaria izan da ate itxien politika inposatzen. 2015ean, banaketa hesia eraiki zuen Serbiarekiko mugan, eta, Visegradeko Taldeko gainontzeko herrialdeek bezala, ez du onartu errefuxiatuak lekualdatzeko kuota sistema.

Orbanek behin eta berriz errepikatzen du «inbasio musulmana» eragotzi duela. Baina datuak oso bestelakoak dira: «2018ko lehen sei hilabetetan, 310 pertsonak bakarrik lortu zuten asiloa», azaldu du Erno Simonek, Hungariako UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaileak. Gobernuak gutxinaka sartzen uzten ditu asilo eskatzaileak. «Astero 30 pertsonak zeharkatzen dute Serbiako muga, eta guztiak mugaldean dauden trantsizio zentro itxietan sartzen dituzte. Urtebete pasatzen dute horietan».

Bestalde, babes politikoa eskuratuta ere, ez dago errefuxiatuak gizarteratzeko politikarik. «Harrera etxe bakarra dago Eslovakiarekiko mugan, baina hilabete batez bakarrik gera daitezke», azaldu du Gabor Gyulaik, Helsinki Batzordea gobernuz kanpoko erakundeko kideak.

Errefuxiatuak, alde egiten

Hori hala, zenbat iheslari daude orain Hungarian? «Gobernuak emandako datuek diote 5.600 errefuxiatu ofizial daudela. Baina esku artean daukagun informazioaren arabera, horietatik %70ek Hungariatik alde egin dute dagoeneko», erantsi du Gyulaik. Izan ere, haien kontrako xenofobia giroa itogarria bihurtu da. «Kriminalizazio kanpainak errefuxiatuei laguntza ematen dieten erakundeei eragin die. Egun, isunak jartzen zaizkie asilo eskatzaileei laguntza juridikoa eskaintzen dieten abokatuei».

Nolanahi ere, Orbanek onarpen handia dauka. Inkestek diote gehiengo zabala eskuratuko duela Europako hauteskundeetan. «Boz hauek inoiz baino garrantzitsuagoak dira; gure etorkizuna dago jokoan», esan du gobernuburuak Pecs hirian egindako mitin batean. Fidesz eskualde txikietako boto gaztea erakarri nahian dabil. «Bruselak baztertuta sentitzen gara. Bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatzen gaitu», uste du Barnabas gazteak. Hala, Orban arrakastatsua izan da harrotasun magyarra aldarrikatzen. «Europako Batasunak kanpotik inposatu nahi digu nola bizi behar dugun. Guk ez dugu gizarte multietnikoan sinesten», esan du Barnabasek.

Gainera, lider ultranazionalista osorik atera da Europako Alderdi Popularrak ezarri dion behin-behineko zigorretik. Halaxe dio Miklosik: «Mehatxuak mehatxu, lehen ministroak Alderdi Popularraren kide izaten jarraitzen du, eta horrek indartu egin du bere barne lidergoa». Kazetariaren ustez, EBk gutxietsi egin du Orban, berriz ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.