Greba giroa zabaltzen ari da

Gipuzkoako papergintzan, zortzi greba egunetan lehena egingo dute gaur, Adegi presionatzeko. Lehenengo lanuztea dute bihar Gipuzkoako arte grafikoetan, eta laugarrena Bizkaiko metalgintzan

Gipuzkoako arte grafikoetako ordezkari sindikalak Adegiren egoitzaren aurrean, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako grebari sektorekako beste bi batu zaizkio. Gipuzkoako papergintzan, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek lana uztera deitu dituzte langileak gaur, hitzarmena berritzeko negoziazioetan Adegiri presio egiteko. Helburu horrek berak eraman ditzake grebara Gipuzkoako arte grafikoetako langileak, baldin eta etziko bileran ez badituzte jarrerak hurbiltzen patronalarekin.

Greba luzeak izan daitezke Gipuzkoako biak, batean zein betean zortzi eguneko lanuzteak deitu baitituzte sindikatuek. Papergintzan, gaur dute lehen protesta eguna, eta bihar bigarrena. Hernanin deitu dute manifestazioa, gaurko, herri horretan baitago lurraldeko paper fabrikarik handienetako bat, Zikunaga. Bihar, berriz, Tolosan biltzera deitu dute, hura izan baita historikoki industria horren erdigunea Gipuzkoan. Mila lagun inguru babesten ditu papergintzako lan hitzarmenak, eta 2018. urtearekin batera amaitu zen azkena.

Otsailean bateratu zituzten beren eskaerak ELA, LAB eta CCOO sindikatuek. Soldatak KPI baino gehiago igotzea, lan erreformaren neurri batzuetatik babesteko klausulak jartzea, eta berdintasun eta kontziliazio planak egotea eskatu dute sindikatuek. Adegik inflaziotik gorako soldata igoerak eskaini ditu hitzarmenak irauten duen aldian (2019-2022), baina ez sindikatuek eskatu adina —KPI gehi %2—.

Arte grafikoetan, zortzi

Gipuzkoan ere grebarako bidean dagoen beste sektorea arte grafikoena da. Atzo, patronalaren egoitzaren aurrean elkartu ziren ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariak, Donostiako Miramon parke teknologikoan, eta han iragarri zuten lehen greba eguna hilaren 26a izango dela, eta bigarrena 27a. Akordiorik lortu ezean, uztailaren 3an eta 4an ere ez lukete lanik egingo, ezta irailaren 25ean eta 26an eta urriaren 2an eta 3an ere. Lan hitzarmena berritzeko hurrengo bilera bihar egingo dute, eta «Adegik beste aukera bat izango du egoera desblokeatzeko».

Sindikatuetako ordezkariek ziurtatu zutenez, hiru hilabeteko negoziazioan soldatak KPIra egokitzea baizik ez du eskaini Adegik, eta uko egin die beste motatatako eskakizunei, «baita legera edo jurisprudentziara moldatzeko gaiei ere». Langileen ordezkariek uste dute «soldatatik gaindi doazen gaiak» jorratu behar dituela papergintzako lan hitzarmenak, «urte zailen ondoren sektorea ongi dagoelako, lan karga handiarekin». Besteak beste, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko neurriak, lan osasunari buruzkoak eta lan taldeak berritzeko tresnak eskatu dituzte sindikatuek.

Biharko daude protestatzera deituta, berriz, Bizkaiko metalgintzako 50.000 langileak. Lurralde hartan langile gehien estaltzen dituen lan hitzarmena da metalekoa, eta berritu gabe dago2011. urteaz geroztik. Aurreko hiru greba egunek jarraipen zabala izan dutela ziurtatu dute sindikatuek —%70etik %85era, egunaren arabera—, baina FVEM patronalak asko jaitsi du parte hartze hori —%26ra, azken egunean—Manifestazio jendetsuak egin dituzte sektoreko langileek.

Astelehenean izan zuten azken bilera, eta, horretan, FVEMek soldata igoera handiagoa eskaini zuen, baina betiere KPI gehi %1etik behera. «Mugimendu txikiegia, eta oso urrun jarraitzen du sindikatuen planteamendutik», erantzun zion sindikatu nagusiak, ELAk. KPItik gehi %2ko soldata igoera, lanaldia zortzi orduz txikitzea, behin-behinekotasuna gutxitzea, eta genero arrakala txikitzeko neurriak hartzea ere lortu dute sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.