Egiazko bozketaren esperoan

Sanchezek galdu egin du inbestidurako lehen bozketa. Unidas Podemosek abstentziora jo du, negoziazioari «keinu bat» egiteko. Egun bakarreko epea dute gobernu akordioa lortzeko

Egiazko bozketaren esperoan.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Inbestiduraren geldialdira iritsi da Pedro Sanchez presidentegaia, eta bihar arteko epea du gobernua osatzeko akordioa lortzeko. Orain arte, esku batekin eskean aritu zaie parlamentuko talde guztiei, bestearekin errieta egin dien bitartean. Atzo, Sanchezek galdu egin zuen lehen bozketa: 124 boto lortu zituen, PSOEko 123 diputatuenak, eta PRC Kantabriako Alderdi Erregionalistako diputatuarena. Gehiengo osoa behar zuen, ordea, presidente izendatzeko: 176. Lortu zituenak baino 52 gehiago; abstentziora jo zuten diputatu guztien babesa, hain zuzen. 170ek bozkatu zuten kontra. Sanchezek gaur negoziatu beharko du gobernu proposamena, bihar egingo baitute azken bozketa. Orduan, nahikoa izango du gehiengo soilarekin: kontrako baino aldeko boto gehiago izatearekin, alegia.

Sanchez UP Unidas Podemosekin negoziatzen ari da gobernua, nahiz eta bezperan Pablo Iglesias UPko buruarekin izandako eztabaidak agerian utzi zituen bi aldeek ados jartzeko dituzten ezintasunak. Aurrerapausorik ez badago, Sanchezen huts egindako bigarren inbestidura litzateke oraingoa, eta bera horren jakitun da: «Beti oztopo berarekin egiten dut topo», adierazi zuen, 2016. urtean Podemosek ez baitzuen haren hautagaitzaren alde egin. Atzo, UP abstenitu egin zen, baina, bezperako eztabaidaren haserreak eraginda, azken unean erabaki zuen botoa. Izan ere, Irene Montero diputatuak kontra bozkatu zuen, telematikoki, 09:00ak baino lehen.


 

UPk aitortu zuen atzo abstenitu izana «negoziazioa errazten jarraitzeko keinu bat» dela, eta «azkenera arte» saiatuko direla akordioa lortzen. Hautagaitzak, oraingoz, EAJren, EH Bilduren eta ERCren abstentzioak izango lituzke; litekeena da Compromisek alde bozkatzea azkenean. Oraingoz, PRCren babesa da ziurtzat jo daitekeen bakarra.

Sanchezen aliatuak izan daitezkeen ordezkari batzuk eman zuten hitzaldia atzo Espainiako Kongresuan, eta guztiek aurpegiratu zioten hautagaiari nahikoa ez negoziatu izana. Gabriel Rufian ERCko burua izan zen hitz egiten lehena: harentzat, Sanchez «ardurarik eta gabe» aritu zen astelehenean. «Arduragabe bat zara, edo hauteskundeak nahi dituzu, eta ez dakit zein den bietan okerrena». Rufianek adierazi zion ezin duela ziurtzat jo ERCren biharko abstentzioa —atzo aurka bozkatu zuten—, baina haiek ez dutela egoera blokeatuko.

ERC eta JxC Kataluniako alderdi independentistek elkarrekin bozkatu zuten atzo Sanchezen aurka, baina ez dute jarrera bera. Laura Borras JxCko bozeramaileak hasieratik argi utzi zuen haren taldearen ezezkoa. Borrasek kritikatu zuen Sanchezek gobernatu nahi duela, «baina entzun ez», eta horregatik saiatu dela kide posibleak «umiliatzen». Kongresuko lau eserleku hutsak espetxean dauden buruzagi independentista kataluniarrenak zirela gogorarazi zuen Borrasek, eta salatu egin zuen Espainiako Estatuaren «jazarpena».

Valentziako Compromis koalizioa abstenitu egin zen atzo, baina haiek dira Sanchezi babesa ematetik gertuen daudenak. «Presidente izan zaitezen nahi dugu, baina negozia ezazu», adierazi zion Joan Baldovi diputatuak Sanchezi. Hark babes nahikorik lortuko ez balu, azarorako deituko lituzkete hauteskundeak. Horiek «gobernu progresista baten» eta Sanchezen beraren «hilobia» lirateke, Baldovirentzat.

«Mugitu naiz pixka bat»

Coalicion Canariaren jarrera sendoagoa da: ez du UPrekin egindako akordiorik onartuko. Ana Oramas diputatuak Sanchezi esan zion haren ardura dela «inorekin ezer ez» lortu izana.

Sanchezek ez du aukerarik galtzen UPri aurpegiratzeko eserlekuez besterik ez direla arduratzen negoziazioan. «Mugitu naiz pixka bat, saiatu naiz akordio batera iristen», esan zuen. Adriana Lastra PSOEko bozeramaileak hitz egin zuen hautagaiaren ondoren, eta hark apaldu zuen Sanchezen tonu erasokorra. Aitortu zuen UP dela oraindik PSOEren «lehentasunezko bazkidea», eta haiekin ados jartzeko «borondate irmoa» dutela oraindik.

Carmen Calvo jarduneko presidenteordeak azaldu zuen PSOEk onartu duela UPko «pertsona garrantzitsu bat» izatea gobernuan. Zenbait iturrik adierazi dute Irene Montero UPko bozeramaileak presidenteordetza sozial bat izan dezakeela. Calvok esan zuen «sail oso interesgarriak» eskaini dizkiotela UPri, baina Iglesiasek bezperan esana zuen PSOEk ez ziela pisuzko ministerio bakar bat ere eman nahi. Calvok Pablo Echenique UPko negoziatzailearekin hitz egin zuen atzo, negoziazioari berriro heltzeko. Ordu batzuk besterik ez dituzte ados jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.