Itsasoko haize errotak jartzeko gune onenak aurkitu nahi ditu Gipuzkoak

Azti zentro teknologikoak software bat garatuko du aldundiarentzat, hautemateko kostaldeko eremurik eraginkorrenak eta jasangarrienak. 2021. urterako erabilgarri edukiko dute tresna berria

Windpark Nordergruende offshore parkea, Alemaniako kostaldean. KARSTEN KLAMA / EFE.
xabier martin
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Euskal kostaldean offshore instalazio eolikoen parkeak eraikitzeko aukerari bultzada bat eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azti zentro teknologikoari eginkizun zehatza eman dio energia eolikoa lurraldeko kostaldera irits dadin: eremu eraginkorrenak eta jasangarrienak hautematea itsasoko haize errotak ipintzeko. Aztik berak gogoratu zuen atzo energia berriztagarriak bilatzea dela lehentasunezko jarduera-ardatza EnergiBasque Euskadiko Energia Estrategiaren planean, tartean itsas zabaleko energia eolikoa (offshore). Bada, Gipuzkoako Foru Aldundia lanean hasi da bere kostaldean mota horretako instalazioak jar daitezen, eta hastapeneko urrats gisa jo daitekeen erabakia hartu du: kokagunerik onenak antzemateko tresna bat edukitzea, zehazki Aztik garatuko duen softwarea.

Egoitza nagusia Pasaian (Gipuzkoa) duen zentro teknologikoak azaldu zuen ohar baten bidez euskal kostaldeak «potentzial handia» duela itsas zabaleko energia berriztagarri alternatiboak sortzeko, tartean eolikoa. «Baina, kostaldeak eskaintzen dituen baldintza egokiei ahal bezainbeste etekin ateratzeko, beharrezkoa da instalazio eta mantentze lanetan kostuak murriztea, eta hori lortzeko gakoa da eremurik egokienak hautatzea, sorkuntza energetikoko parkeak instalatzeko orduan».

Premia horri erantzuteko, Aztik akordio bat egin du aldundiarekin programa informatiko berri bat garatzeko. Algoritmo batean oinarrituta dago programa hori, «eta tresna horrek ahalbidetuko du Gipuzkoako kostaldean itsasoko energia berriztagarri eolikoen inguruko proiektuak kokatzeko lekurik egokienak definitzea».

Beraz, Gipuzkoako foru gobernua offshore proiektuak sustatzeko bidean legoke. Proiektu horrek aldundiari erabaki zehatzak hartzeko irizpide zientifikoa eskainiko lioke epe ertainera. Aztik azaldu zuen foru agintariei bide emango diela «aztertzeko modu eraginkorragoan itsas zabaleko energia eolikoak sortzeko etorkizuneko ekintzailetzaren jasangarritasuna eta egokitasuna»; ezagutza zientifikoan oinarritutako irizpidearekin ezagutzeko, esan nahi baita. Edonola ere, software hori garatzea hastapeneko urratsa baizik ez da offshore parkeak eraikitzeari begira; Aztiren tresna hori 2021. urtearen hasieran egongo da eskuragarri.

Jaurlaritza, eolikoaren alde

Eusko Jaurlaritza ere garbi uzten ari da azken hilabeteetan «logikoa» dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeetan parke eoliko gehiago egitea, eta «kontraesana» dela sektorean «industria garatua edukitzea balio kate osoan» eta hain instalazio gutxi. Horrela esan zuen apirilean Arantxa Tapia Ekonomiako Garapenerako sailburuak, eta aldiro errepikatu du «baldintza egokiak» daudela parke berriak egiteko hamahiru urteko geldialdiaren ondoren.

Izan ere, Euskal Herrian ez da parke eolikorik jarri azken hamarkadan, eta, barne merkatua geldirik izan denez, nazioartera hedatu da sektorea, konpainia handiena buru dela: Gamesa. Alta, Nafarroan 650 MWeko potentzia arteko proiektuak garatzeko asmoa dute, eta Jaurlaritzak berak egungo potentzia lau bider handitu nahi du 2030erako.

Hain justu, abenduan 25 urte beteko ditu Euskal Herriko lehen parke eolikoak. Iruñean, Erreniega mendikateko haize errotak dira estreinako proiektua. Garai hartako arrakasta ekonomiko baten isla dira haize errota horiek. EHN sozietate publiko izanak, aitzindari izateaz gain, negozio eredu oso bat sustatu zuen, haren inguruan industria oso bat garatu baita Euskal Herrian.

Gaur egun Euskal Herrian 45 parke daude, horietatik 41 Nafarroan, eta lurralde horretan beste 650 MW gehitzeko hamasei proiektu daude bidean: horietatik hamarri baimena eman die jada Nafarroako Gobernuak.

Aldeko haizea berriro

Urte askoren ondoren, haizea alde du berriro industriak etxean, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere: Aixeindar enpresa, EEE Energiaren Euskal Erakundeak (%40) eta Iberdrolak (%60) osatua, parke eolikoak biziberritzeko helburuz sortu berri dute. Neurketak egiten ari da, eta kokaguneak aztertzen instalazio berriak eraikitzeko xedearekin.

2010. urtetik Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien adostasunez indarrean egondako geldialdia amaitzear dago, eta Aixeindarrek helburu argi bat dauka: bi urtean parke eoliko gehiago zabaltzea. Urtebete barru, izan ere, proiektu zehatz bat izan nahi du enpresaren lehen parke eolikoa eraikitzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.