Confebaskek %1,9ko hazkundea aurreikusten du 2020. urterako

Urte berria amaitzerako beste 11.000 enplegu sortuko direla uste du, eta langabezia tasa %9tik behera jaitsiko dela. 2019rako egindako hazkunde iragarpena %2,5etik %2,2ra apaldu du

Industria %1,1 haziko da 2020. urtean. Irudian, Aernnovaren Miñaoko lantegia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irune Lasa.
2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Aurten baino pixka bat gutxiago, baina datorren urtean ere,«zazpigarren urtez jarraian», Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak hazten jarraituko du, baita enpleguak ere. Horri esker, Gizarte Segurtasunerako afiliazioak 2007. urteko mailara itzuliko dira, krisi aurreko kopuruetara, alegia.

Confebaskeko buruzagiek, Eduardo Zubiaurre presidenteak eta Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak, atzo aurkeztu zituzten ekonomiaren bilakaerari buruzko hurrengo urterako patronalaren aurreikuspenak. Confebasken ustez, «barne eskariari esker» ekonomia %1,9 handituko da 2020an. Kanpo eskariak, aldiz,«ez dio ekarpenik egingo hazkundeari, 2019an bezala, nazioarteko jokaleku konplexuaren ondorioz». Industriaren alorrak igarriko die gehien nazioarteko arazoei, «baina, hala ere, %1,1 haziko da». Confebasken ustez, eraikuntza izango da, aurten bezala, sektorerik dinamikoena.

Adegik, Cebekek eta SEAk egindako inkestaren arabera, enpresek uste dute aurten baino hazkunde txikiagoa izango dutela 2020an, baina hazkunde hori «egonkorra izango da, lanpostuak sortzen jarraitzeko behar bestekoa». Horiek horrela, urte berria amaitzerako Gizarte Segurantzan 11.000 afiliatu gehiago izango direla dio Confebaskek, eta langabezia tasa %9tik jaitsiko dela. Enplegu maila hori 2007. urtekoaren parekoa litzateke: krisiaren aurrekoa, beraz.

Hori bai, Eduardo Zubiaurreren ustez, «ekonomiaren eta enpleguaren egungo hazkunde aldia luzatu nahi bada, hainbat erronkari erantzun beharko zaie». Confebaskeko presidentearen arabera, adibidez, «inbertitzeko eta kontsumitzeko konfiantza» sortzeko, «beharrezkoa da egonkortasun soziopolitikoa, instituzionala eta legegilea sustatzea». Horrekin akordioak lortu ahalko lirateke, «oinarrizko gaiei erantzun eta gure aurrerabidea eta etorkizuneko ongizatea bermatzeko».

Eskariak

Eskakizun zehatzagoak ere egin zituen Zubiaurrek. Haren aburuz, «hazkundea eta inbertsioa bultzatzeko, politika fiskalak ordezkatu beharko luke diru politika». Hain zuzen, 2020rako iragarritako zerga erreformaren inguruan, Zubiaurrek onartu zuen sozietate zerga Europako herrialdeen parekoa dela, baina aldi berean nabarmendu zuenGizarte Segurantzarako kotizazioak Europako «garestienak» direla. «Kotizazioak igo behar badira, ez daitezela enpresak izan igoera hori ordaintzen dutenak». Horrez gainera, esan zuen «modu bare batean berrikusi» behar dela ondare zerga, «Europan atipikoa den eta talentuari eusteko kaltegarria den figura hori».

Moteltzeari egokitutako erreformak eta politikak ere eskatu zituen Confebaskek. Moteltzea 2019an jada atzeman du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak. Eta, horregatik, aurretik urte honetarako hazkunde aurreikuspenak apaldu egin ditu Confebaskek, %2,5etik %2,2ra. Hala ere, patronalak azpimarratu du hazkunde erritmo hori inguruko herrialdeena baino handiagoa izan dela. Enpleguaren aurreikuspenetan gehiago asmatu du: 14.000 lanpostu sortuko zirela iragarri zuen, eta 13.200 izan dira azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.