Irisgarritasuna hezkuntza sisteman txertatzeko asmoa du Jaurlaritzak

Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategia onartu dute. Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailak kontzeptua «gainditu» nahi du

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea, eta Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburua, atzo, Gasteizen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategia onartu du. Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburuak hedabideen aurrean atzo nabarmendu zuenez, irisgarritasunaren orain arteko kontzeptua «gainditzea» da estrategiaren helburua. «Hau da, ez izatea desgaitasuna dutenei oztopo fisikoak kentzea, zerbait zabalagoa baizik: ingurune, prozesu, produktu eta zerbitzu guztiak pertsona guztiek osoki baliatu eta ulertu ahal izateko bermeak ematea».

ISEK Irisgarritasun Sustatzeko Euskal Kontseiluak egindako diagnostikoa eta Jaurlaritzak 1997an ezarritako Irisgarritasuna Sustatzeko Legea aintzat hartuta, sei helburu dauzka estrategiak: «guztiz» bermatzea irisgarritasun gaietan indarrean dagoen araudia betetzen dela; irisgarritasuna kudeaketa publikoko oinarrizko eta zeharkako elementu gisa txertatzea; gizartearen kontzientziazioa hobetzea; irisgarritasun gaietarako ikerketa, berrikuntza eta kalitatea sustatzea teknologiaren bidez; gobernantza eredu bat sortzea estrategiaren lidergoa hartu eta ezagutza eragiteko; eta irisgarritasun unibertsalari buruzko heziketa sustatzea.

Helburu horiek bete ahal izateko, Jaurlaritzak 41 jardun ildo garatu nahi ditu, eta horietako bat da, hain zuzen, lehen zein bigarren hezkuntzan, baita unibertsitatean ere, «irisgarritasun eta diseinu unibertsalei buruzko heziketa» txertatzea. Arriolak ez zuen zehaztu, ordea, nola garatuko dituzten, ez hori, ez beste jardun ildoak. Azaldu zuenez, aurreikusitako asmoak lau urtez behin diseinatutako ekintza planetan zehaztuko dituzte. Lau urteak igaro ondoren «zenbateraino bete diren» ebaluatuko dute, «eta estrategia hurrengo aldirako doituko da». ISEK-k prestatuko du lehendabiziko plana, eta aurten da onartzekoa.

Arriolaren esanetan, 1997ko legearen ondorioz «aurrerapausoak» eman dituzte, «batez ere espazio publikoetan oztopoak kentzeko orduan». Baina sailburuak onartu zuen badaudela «gabeziak» beste esparru batzuetan: «esate baterako, garraioan edo zahar samarrak diren etxebizitzetan».

Datuak etxebizitzez

Egindako diagnostikoaren arabera, urritasunen bat duten pertsonen %37,4k zailtasunen bat dute garraio publikoan. Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitzen %57 ez daude prestatuak iristeko errazak izateko, eta %30ek ez dute igogailurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.