Italiako Senatuak immunitatea kendu dio Salvini ministro ohiari

Erabaki horrekin, bidea ireki diote buruzagi ultraeskuindarra auzipetzeari. Epaile batek «botereaz abusatzea eta pertsonak bahitzea» egozten dio, 130 migratzaileri lehorreratzea debekatzeagatik

Matteo Salvini atzo, Italiako Senatuan, azalpenak ematen immunitatea kendu edo ez bozkatu aurretik. RICCARDO ANTIMIANI / EFE.
Ander Perez Zala - Aitor Manterola
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Italiako Senatuak eman du pausoa: Matteo Salvini Barne ministro ohiari immunitatea kentzearen alde bozkatu zuen atzo egindako saioan eta, hortaz, azken orduko ezustekorik ezean, agintari ultraeskuindarrak epaiketa bati egin beharko dio aurre. Salvinik, ordea, bere burua «martiri» gisa aurkeztu zuen, eta defendatu zuen Gregoretti ontzian zeuden 130 bat migratzaile «legez kanpo» blokeatuta edukitzeko erabakia ez zela soilik harena izan, 5 Izar Mugimenduak (M5S) eta Legak osatu zuten koalizio gobernuarena baizik. Legako idazkari nagusia da Barne ministro ohia.

Immunitatea kenduta, senatariek atea ireki diote buruzagi ultraeskuindarra auzipetzeari migratzaileen auzia kudeatzeko moduagatik: Cataniako epaile batek iragan uztailean Gregoretti ontziarekin gertatu zenaren erantzule egiten du. Hortaz, «botereaz abusatzea eta pertsonak bahitzea» egozten dio, baina, orain arte immunitatea zuenez, ezin izan zuten Salviniren aurkako prozesu judizialik abiatu.

AdnKronos berri agentziaren arabera, immunitatea kentzearen alde bozkatu zuten egungo koalizio gobernua osatzen duten M5Sk, Alderdi Demokratikoak (PD) eta Askeak eta Berdinak ezkertiarrak, eta eskuineko Forza Italia eta Italiako Anaiak alderdiek. Legaren senatariek, aldiz, ez zuten bozketan parte hartu. Hortaz, immunitatea kenduta, Cataniako epaileak prozesuarekin jarraitzeko baimena dauka, Salvini inputatze aldera.

Salviniren estrategia

Barne ministro izandakoa hasiera-hasieratik agertu zen epaiketara joateko prest, eta bere burua biktimatzat aurkeztu zuen. Urtarrilaren 21ean egin zuen eskaera haren aurkako kasua ikertzen ari den batzordean: «Eraman nazatela epaitzera, eta argitu dezagun auzi hau behingoagatik». Legako diputatuek beren nagusia epaitzeko aldeko botoa eman zuten Senatuko batzorde horretan, hori egiteko agindu zielako Salvinik berak. Emilia-Romagna eskualdeko boz erabakigarrien atarian izan zen, eta emaitzak hobetzeko mugimendu politikotzat jo zen. Oso garrantzitsuak ziren boz horiek, Italiako Gobernuaren geroa kolokan jar zezaketelako baldin eta Salviniren alderdiak irabazi balitu: «Irabazten badugu, Italiako Gobernuaren dimisioa eskatuko dugu». Legak ez zuen irabazi, ordea, eta ezkerra nagusitu zen, Bigarren Mundu Gerraz geroztik gertatu izan den bezala.

Esan izan da Barne ministro ohiaren jarrera Salviniren estrategia bat izan zela, migrazioaren gaia erdigune mediatikora eramateko. Abuztuan Italiako Gobernua utzi behar izan zuenetik, gai horren oihartzuna apaldu egin da gizartean, eta, epaiketaren alde azaldutako jarreraren eraginez, uste da Salvini eta bere pentsaera baztertzailea eguneroko hizpide izango direla berriz.

«Egindakoaz harro nago»

Horren adierazle dira atzo bertan egin zituen adierazpenak, epaitu egingo zutela jakin eta segituan: «Banekien immunitatea kenduko zidatela. Oso lasai nago, eta egin nuenaz harro; berriz egingo dut gobernura itzultzen naizenean», adierazi zuen Salvinik atzo, bozketaren berri izatean. Aurrez, immunitateari buruzko eztabaidan, agintari ultraeskuindarrak honako hau esan zuen migrazioaren kudeaketa defendatzeko: «Nire bi semeek eskubidea dute jakiteko aita askotan etxetik urrun zegoela bere eginbeharra mugak defendatzea eta herrialdearen segurtasuna bermatzea zelako. Ez bahitzaile bat delako». Epaiketa bati aurre eginez gero, buruzagi ultraeskuindarrak gehienez hamabost urteko espetxealdi bati eta sei eta zortzi urte arteko inhabilitazio zigor bati egin liezaieke aurre.

Ikusteko dago lortuko duen edo ez, baina garbi dago gizartearen zati bat parean jarriko zaiola. Izan ere, lau gazteksardinen mugimendua sortu zuten azaroan Salviniren eskuin muturrari aurre egiteko, Bolonian, Emilia-Romagnako hiriburuan, eta gero eta herritar gehiago ari dira bat egiten mugimendu horrekin. Atzo bertan, Senatuko saioaren aurretik, Salviniri immunitatea kentzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.