Koronabirusa

PCR testen bitartez, 33 positibo atzeman dituzte; horietako 11, Bilbon

Esan dute ez dagoela motiborik Bizkaiko hiriburuan agerraldi bat dagoela adierazteko. Espainiako Gobernuak plan berri bat atondu du epidemiari aurre egiteko irizpideekin; erkidegoei aurkeztu die.

Jendea maskara jantzia duela, lehengo astean, Gasteizen.
Jendea maskara jantzia duela, lehengo astean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko uztailak 14

Izurriari jarraipena egite aldera egiten ari diren PCR testen bidez atzemandako azken koronabirus kasuen berri eman zuten atzo osasun agintariek. Denera, 33 positibo berri dira. Hamasei Bizkaian atzeman dituzte, eta horietako 11, Bilbon; kasu horien atzean epidemiaren oldartze bat dagoenik esateko motiborik ez dagoela adierazi zuten, baina ikertzen ari dira. Kasuen sorburua zein den ongi argitu nahi dute. Gipuzkoan, kasu berriak zortzi dira; Nafarroan, sei; Araban, hiru. Ordiziako agerraldiak zeresan franko eman du, baina baretzen ari dela dirudi; kasu berri bakar bat zenbatu dute orain kasu multzo horrekin lotuta. Denera, 74 dira. Nafarroako datuetan, positibo bat erlazionatuta dago Tuteran lehengo astean jakinarazitako kasuekin, eta bi Iruñean gaitzak duen agerraldi berri batekin. Eusko Jaurlaritzak ohi baino datu gutxiago eman zituen atzo, arazo batzuk izan zituela argudiatuta. Ez zuen jakinarazi, esaterako, egindako PCR testen kopurua, edota zenbat pertsona dauden erietxean birusaren ondorioz.

 

Izurriarekin lotutako zalantza guneetako bat Donostian egon zen atzo, Etxadi kiroldegian; hango langile batek positibo eman zuela jakin zen, eta, halakoetarako prestatuta dagoen protokoloari atxikita, kiroldegia itxi egin zuten Donostia Kirolak saileko arduradunek. Aste osoan halaxe egongo zela esan zuten, eta desinfektatu egingo zutela; behargin horren gertuko kideei ere testak egingo zizkietela esplikatu zuten. Arratsaldean, ordea, jakin zen «faltsua» izan zela positiboa, eta ez zegoela, beraz, eragozpenik gaur kiroldegia berriz irekitzeko. Kiroldegi horretan ustez positibo eman zuen langileari, izan ere, PCR test batean kutsatu gisa atzemandako pertsona baten kontaktu estua izateagatik egin zioten azterketa, eta emaitza ikusi ostean eman zuen Osakidetzak abisua.

Andoainen (Gipuzkoa) ludoteka bat ere itxi behar izan zuten, erabiltzaile batek positibo eman zuela eta. Udalarena da instalazioa, eta, erakundeak plazaratutako oharraren arabera, herritarrek «lasai» egon behar dute, testak egiten ari zaizkielako positiboaren gertuko kontaktuei, eta osasun agintariekin batera koordinatzen ari direlako zer egin hemendik aurrera.

Getarian (Gipuzkoa) ere hainbat kasu ikertzen ari direla jakin zen. Haritz Alberdi alkateak esan zuen bi kasu daudela baieztatuta, eta hamar lagun bakartuta daudela, badaezpada ere. Ordiziako Udalak, berriz, azaldu zuen izurriaren aurkako aparteko neurriak hartzen jarraituko duela.

Bestalde, Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoekin bilera bat egin zuen, atzo, izurriari aurre egiten jarraitzeko ondu duen plana aurkezteko. Erkidegoek beren gain dute, orain, epidemia hesitzeko neurriak bideratzeko ardura; plan horren arabera, Osasun Ministerioak ere esku hartuko du gaitzaren susperraldiak erkidego batean baina gehiagotan hedatzen badira, eta neurri «koordinatuak» behar badira.

Erkidegoen erabakiei buruz

Egoera larritzen bada, alarma egoera berriz indarrean jartzeko eskumena ere izango du Espainiako Gobernuak, baina, ahal dela, hori saihestu egin nahi da. Planaren helburu nagusia erantzun «bizkorrak» ematea dela gogoratu dute. Erkidegoek hartzen dituzten erabakiekin eskubideren bat urratzen badute — esaterako, joan-etorriak mugatzera egiten badute— epaitegi batean berretsi beharko dituzte neurri horiek. Katalunian, esaterako, arazoa izan zuten atzo, Lleidan zabalduta dagoen agerraldi bat kontrolatze aldera hartu nahi zuten neurri baten ondorioz; Kataluniako Generalitateak Segria eskualdean etxeko itxialdia ezarri nahi zuen, baina epaile batek ez zuen onartu. Espainiako Gobernuko iturriek, hala ere, adierazi zuten erakunde autonomiko horrek «aski erreminta» badituela erabaki hori bideratzeko. Erabakia dekretu baten bidez egiten ahaleginduko zirela esan zuten, gero, Generalitateko arduradunek.

Onbidean Espainiako Gobernuak ondu duen plan hori ostegunean onartzea da asmoa. Erkidegoei zuzenduriko hainbat betebehar ere zehazten ditu: osasun publikoan aski baliabide izan behar dituzte epidemia taxuz kontrolatzeko, alerta eta informazio sistema eraginkor bat martxan izan behar dute, arta berezietarako atondutako 1,5-2 ohe eduki beharko dituzte 10.000 biztanleko, eta fase akutuetarako, 37-40. Babeserako materialetan izurriaren unerik gogorrenetan izan ziren eskasia egoerak berriz gerta ez daitezen, irizpide bat ezarri du Madrilek: aski baliabide izan beharko dute erkidegoek zortzi asterako, kanpotik laguntzarik batere jaso gabe ere.

Espainiako Gobernuko osasun agintariek kezka azaldu zuten atzo leku askotan agerraldiak izaten ari delako epidemia; kasu askoren ondorioz «transmisio komunitarioa» gertatzen ari dela onartu zuten, eta adi ibili behar dela. Toki guztietan agerikoa da joera bat: kutsatuak gero eta gazteagoak dira, adina behera ari da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Raiundo Berri taberan izan zirenak PCR proba egiteko zain, Okendu kultur etxean gaur goizean. ©Gorka Rubio/FOKU

500 positibotik gora atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Atzo baino 119 kasu gehiago izan dira. Ospitaleratzeak areagotu egin dira azken orduetan.

Lasarte-Oriako klasururako konbentua itxita, gaur. ©Javier Etxezarreta / EFE

Lasarte-Oriako klausurako komentu bateko moja guztiek positibo eman dute

Berria

Hamar izan dira positiboak guztira. Alkateak adierazi du agerraldia kontrolpean dagoela.

Kutsatze kopuruen azken datuek gora egin dutela ikusita zientzialariak gaineratu du gaitzak “arazo bat” izaten jarraitzen duela. ©Gorka Rubio / FOKU

Bengoak uste du egoera «larria» dela

Aloña Beraza Peña

Ikuskaritza independente bat eskatu dute gertatu dena ikertzeko, egin diren akatsak berriz ere egin ez daitezen eta aurrera begira ikasteko

PCR proba egiten gaur, Donostiako Okendo kultur etxean. ©Gorka Rubio/FOKU

Gasteizko Kilimanjaro diskotekan eta Galdakaoko Muguru tabernan egon zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Gasteizko diskotekan uztailaren 17tik abuztuaren 6ra izan zirenek egin beharko dute testa, eta Galdakaoko tabernan, uztailaren 27tik abuztuaren 4ra egon zirenek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna