Bilboko portuak astebete eskatu du zamaketarien eskaintza aztertzeko

Langile finko berrien kopurua eta haien baldintzak zeintzuk izango diren, horra negoziazioaren korapilorik estuena. Gaur zortzi bilduko dira berriz, eta, ondo bidean, azken bilera izan beharko luke
Zama itsasontzi errusiar bat bete eginda irteten Bilboko portutik.
Zama itsasontzi errusiar bat bete eginda irteten Bilboko portutik. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2020ko abuztuak 14

Bilboko portuaren eta zamaketarien arteko negoziazioak hirugarren atal bat izango du. BilboEstiba elkartea osatzen duten lau enpresek —Toro y Betolaza, Berge, SLP eta Cosco Txinakoa— astebeteko epea eskatu zioten atzo zamaketarien lan batzordeari haien eskaintzak aztertzeko. Zamaketariek onartu egin zuten epea, eta gaur zortzi bilduko dira berriz. Ondo bidean, azken bilera izan beharko luke, eta, akordioa egon ala ez, mugarri bat bi aldeen arteko harremanean.

Zamaketarien ordezkariak eta lau enpresak lan hitzarmen berria negoziatzen ari dira. Zamaketarien jardunaren liberalizazioak aldaketa asko ekarriko ditu jardunera, eta horiek nola aplikatu aztertzen ari dira. Atsedenak, behin-behineko langileen lekua —orain arte peoi moduan egin zezaketen lan, eta inoiz ez asteburu, gau edo jai egunetan—, txandak... dena berria izango da. Portuan lan egiteko modua «goitik behera» aldatuko dutela diote sindikatuetako iturriek.

Aldaketek pisu handia dute negoziazioetan, baina korapilorik estuena langile mugagabe gehiago egiteko aukera da. Hamabi urte dira langile finko berririk ez dela sartzen portuan, eta, denbora tarte horretan, erretiroen eraginez, zamaketarien kopurua 408tik 320ra jaitsi da. Behin-behinekoen kopurua, aldiz, ia bikoiztu egin da tarte horretan. BERRIAk jakin ahal izan duenez, behin-behineko langile batzuk mugagabe bihurtzeko prest agertu ziren negoziazioen hasieran, baina argitzeko dago zenbat eta zein baldintzatan.

Enpresak bi eskaintza jaso zituen atzo, bileran langile batzordea bi plataformatan banatuta agertu baitzen. Batetik, Coordinadora eta KAIA-BES en eskaintza dago, eta horiena onartzea aski luke enpresak. Langile batzordea hamahiru kidez osatuta dago, eta bi sindikatu horien artean zazpi ordezkari dituzte. UGTk, hiru ordezkarirekin, bere proposamena defendatu zuen. ELA —bi ordezkarirekin— eta LAB ere —batekin— egon ziren bileran.

Eskaintza horiek aurretik enpresak eginikoa dute oinarri, eta horien bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko behar du epea BilboEstibak. Ezer gutxi jakin da baldintzen inguruan, baina ELAk agiri gogorra plazaratu zuen herenegun. «Langile berrientzako soldatak ia %50 txikiagoak izatea; hots, eskandaluzko eskala bikoitz baten onarpena ezin da inolaz ere negoziazioa hasteko hasiera puntu bat izan», salatu zuen sindikatuak. Ez zuen argibide gehiago eman, baina zamaketarien soldatan pisu handia dute txandakako aldagaiek.

Agiri horretan, ELAk «portua gelditzera» deitzen zuen aldarrikapenak lortu arte. Negoziazio epe horren oinarrian greba deialdi bat egon zen, eta sindikatuek bertan behera utzi zuten. Iragan abuztuaren 8an zen hastekoa, baina atzera egin zuten negoziazioak errazteko. Enpresek espresuki eginiko eskaera bat izan zen, eta sindikatuei presio handia egina zien Lehiaren Euskal Auzitegiak. Greba eskubideak aldarrikatzeko edo portuaren lehiakortasunean eragina izateko deitua zen, hori zorrotz aztertuko zuela jakinarazi zien. Lan hitzarmenaren negoziazioan ere eragina izaten ari da lehiaren auzitegia.

Segurtasunaren auzia ere mahai gainean jarri nahi dute sindikatuek. Zamaketarien aldarri nagusietako bat da euren jardunak dakarren arriskua ezagutaraztea. Garabi handiak eta tona askoko zamak mugitzen dituzte. Azken bost urteetan bost langile hil dira Bilboko portuan —denak ez ziren zamaketariak— eta hainbat izan dira zaurituak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna