Zamaketariek erantzun dute betetzen ari direla gutxieneko zerbitzuak

Arantxa Tapiak grebalariei egotzi die ez direla egin Bilboko portuko oinarrizko lan batzuk, eta haiek ez datoz bat sailburuarekin. Idoia Mendiak negoziatzen jarraitzeko eskatu die Bilbo Estibari eta langileei

Zamaketarien grebaren lehen asteburuan eginiko manifestazioaren amaiera ekitaldia, Santurtzin. GOYODOCKER.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Bilboko portuko zamaketarien langile batzordeak ukatu egin du ez direla ari betetzen gutxieneko zerbitzuak, eta, bide batez, Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuari erantzun diote. Sailburuak aurkakoa egotzi die, Bilboko portuko «gutxieneko zerbitzuak betetzen direla bermatu» behar dela esanez, eta greba zamaketa ez diren beste alor batzuetara zabaldu dutela salatuz: «Esaterako, garraiora, zeina jardun erabat ezberdina den». Zamaketariek sailburuarekin biltzeko borondatea agertu dute.

Zamaketarien eta Tapia sailburuaren bertsioak ez datoz bat. Sailburuak atzoko gobernu bileraren ondoren egin zuen salaketa: «Grebak ezin ditu oztopatu zamaketa ez diren beste lan batzuk. Bilboko portuaren beharra duten enpresek beren jarduna bermatuta edukitzea ziurtatu behar dugu. Itsasontzi bat portura iristean, karga horren zamaketa lana bermatuta eduki behar du». Gaur grebaren 27. eguna da, eta, hasi zutenean, ontzien karga motaren arabera zehaztu ziren gutxieneko lanak: pertsonen eta merkantzia galkor eta arriskutsuen %100, eta besteen erdiak.

Zamaketarien iritzia bildu zuen BERRIAk, eta nabarmendu zuten bete egin dituztela greba osoan zehazturiko gutxieneko zerbitzuak. Agirien bitartez erakutsi dezaketela gehitu zuten —egunero zehazten dira zeintzuk izango dira hurrengo egunean gutxieneko zerbitzu—, eta bete izan ez balituzte ondorioak jasango zituztela. Greban zehar, hainbatetan jo dute lan ikuskaritzara salatzeko beren greba eskubidea ez dela bermatzen eta zerbitzu minimoak handiegiak direla. Are gehiago, hainbat egunetan ezin izan dute lanuzterik egin gutxieneko zerbitzuek denbora gehiago behar zutelako. Alde horretatik, Tapiarekin biltzeko prest agertu dira, hark hala nahiko balu.

Sailburuak greba eskubidea errespetatzen duela esan zuen, baina ezin dela oztopatu beste enpresa batzuek lan egiteko duten eskubidea. Kezka agertu zuen, aldi berean, grebaren eraginez «hainbat enpresa arriskuan jartzen ari direlako». Hartu beharreko neurriez galdetuta, Espainiako Garraio Ministerioarekin hitz egin behar dela esan zuen. Bilbo Estiba zamaketa enpresak «legea inposatzeko» eskatu zien herenegun erakunde publikoei, eta Idoia Mendia Lan sailburuak honela erantzun zion: «Desadostasunak negoziatu gabe konpondu daitezkeela pentsatzea arduragabekeria da, eta bi aldeei egiten diegu elkartzeko eta hitz egiten jarraitzeko deia».

Zamaketarien eskaera nagusietako bat langile finko berriak sartzea da, eta, UGT sindikatuak atzo azaldu zuenez, Bilbo Estibak ez du bete lan hitzarmenaren 15. artikulua. Horren arabera, enpresak kontratatu beharreko finko kopurua aurreko urtean eginiko jardunaldi bikoitzen arabera kalkulatzen da, eta aurten 35-40 beharko lukete. Enpresak ez du kontratu mugagaberik egin azken hamabi urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.