Auto berrien matrikulazioa laurden bat jaitsi zen 2020an, Hegoaldean

Auto elektrikoen salmenta ia hirukoiztu egin da, eta merkatuaren %4 dira dagoeneko. Gasolina darabilten autoak saltzen dira gehien, baina haien merkatu kuota hamar puntu jaitsi da, %54,5 arte

Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Hotz handia. Autoen salmenta ekonomiaren tenperaturaren erakusle bada, hori erakutsi dutermometroak 2020. urtearen amaieran. Danbateko historikoa jaso dute matrikulazioek, ekonomiak amaitu berri den urtean jasotako shock ekonomikoaren neurrikoa. Guztira, Hego Euskal Herrian 38.642 auto berri matrikulatu ziren 2020. urtean, aurrekoan baino 12.570 gutxiago(-%24,5).

Bigarren urtea da jarraian matrikulazioek behera egiten dutela, 2019an ere urritu egin baitziren(-%6,8), baina 2013. urtera arte egin behar da atzera iazkoa baino kopuru txikiagoa ikusteko. Urte hartan ere krisi betean zegoen Euskal Herriko ekonomia, Atzeraldi Handiaren bigarren erorikoan.

Konfinamenduaren asteek eta haiek eragindako krisi ekonomikoak markatutako urtea izan da 2020a. Apirilean, esaterako, auto saltoki guztiak itxita izan ziren, eta 90 auto baizik ez ziren matrikulatu; martxotik zintzilik geratu ziren salmentak, hain zuzen ere.

Orduz gero, izan dira matrikulazioak handitu diren hilabete batzuk, erosketa asko atzeratu egin zirelako eta erosleak animatu zituztelako Eusko Jaurlaritzaren laguntzek. Horrela, uztailean salmentak %31,6 handitu ziren eta abuztuan beste %3,6. Baina diru publikoa agortu ahala eskastu ziren erosteko gogoa eta aukerak, eta salmentek berriro behera egin zuten.

Abendua salbuespena izan da udazken triste batean, %2,3 handitu zirelako matrikulazioak, baina hori beste faktore baten ondorio izan da: urte berriarekin indarrean sartu da ibilgailuen CO2 isurketak neurtzeko Europako Batasuneko araudi berria, WLTP izenekoa. Horren bitartez hobeto neurtu ahal izango dituzte autoen isurketak, eta, kasu gehienetan egiaztatuko denez orain arte aitortu baino gehiago kutsatzen dutela, auto batzuk matrikulazio zerga ordaintzen hasiko dira, eta zergaren tasa handiagoa pagatu beharko dute beste batzuek. Kontzesionarioek kalkulatu zutenez, WLTPk batez beste mila euro garestituko ditu autoak.

Matrikulazio zerga ordaintzetik salbuetsita daude ehun kilometroko 120 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen duten autoak. Horiek dira, hain zuzen ere, iaz bilakaera onenak izan dutenak. Izan ere, erregai motor hutsa ez darabilten autoen salmenta %65,6 handitu da 2020. urtean. Horien artean gehienek motor hibridoak dituzte, baina gero eta pisu handiagoa dute motor elektriko hutsak dituztenek. Zehazki, iaz hirukoiztu egin zen auto elektrikoen salmenta, eta jada 1.567 dira, iaz saldutakoen %4.

Autoen artean, motor alternatiboen merkatu kuotak jauzi handia egin du, %10,7tik %23,5era. Gainera, urteak aurrera egin ahala are gehiago igo da, eta abenduan %31,6ra heldu da.

Gasolinari jan dio kuota horren zatirik handiena. Azken urteetan ohi den moduan, gasolina darabilten autoak saldu dira gehien, baina haien merkatu kuota hamar puntu baino gehiago jaitsi da, %65,6tik %54,5era. Ez da, ordea, dieselaren mesedetan izan, azken hori kuota galdu eta galdu ari baita joan den hamarkadaren erdialdetik: 2020an, matrikulatutako autoen %22 baizik ez dira teknologia horretakoak.

Gehien saldu dena: Peugeot

Urte txarra izan da autogile guztientzat, baina batzuentzat besteentzat baino okerragoa. Ez du urte onik izan Peugeotek Hegoaldean (-%22,8), baina, hala ere, hura saldu da gehien aurten ere, hirugarren urtez jarraian. Atzetik doazkio Seat (-%25,3) eta Volskwagen (-%19). Noranahikoetan eta hibridoetan duten arrakastaren eskutik, urtea ez da hain txarra izan Kiarentzat (-%9,8) eta Toyotarentzat (-%6,6).

Gehien saltzen diren hamar marken sailkapenetik erori da klasiko bat, Ford (-%30,2), eta ozta-ozta eutsi dio Opelek (-%44,1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.