Esportazioen igoerak susperraldi sendo baten zantzuak erakutsi ditu

Industriak bultzatuta, %25,8 igo dira atzerriko salmentak urteko lehen bost hilabeteetan. Maiatzean, 2.171,6 milioi euroko marka finkatu dute esportazioek EAEn, soilik 2019ko abenduan baino apalago

Autoak garraiatzeko ontzi bat Pasaiako portura sartzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
xabier martin
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Koronabirusak ezusteak ematen jarraitzen du Europan, bosgarren olatu oldarkor batekin, baina ekonomiaren susperraldiak ez du bidea galdu Euskal Herrian, eta kanpo merkataritza da motor nagusia jarduera ekonomikoak indarra galdu ez dezan urte bukaera arte. Esportazioen maiatzeko datua bikaina izan da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osotasunean COVID aurreko mailan kokatu da dagoeneko erakuslea. Nafarroan oraindik ez, baina han ere igoera handia erregistratu dute atzerriko salmentek, industria erakusten ari den bizitasunaren isla, inondik ere.

Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ondasunen esportazioek %39,2ko igoera izan dute maiatzean, aurreko urteko hil berarekin alderatuz gero; 2.171,6 milioi euroko marka soilik 2019ko abendukoa baino apalagoa da, Eustaten arabera, eta, beraz, inoizko handienetakoa. Esportazio ez-energetikoek %41,9 egin dute gora, eta energetikoek, %3,5 behera. Alegia, industriak motorrak berotu ditu, eta eskaeren jarioa nabarmen azkartu da munduko merkaturik sendoenetan. Nafarroan, berriz, Volkswagenek indarrez bultzatu ditu gora esportazioak, eta lurraldeko igoera %58,6ra iritsi da iazko maiatzarekin alderatuta. 837,7 milioi euroko balioa izan dute kanpo salmenta horiek guztiek.

Bestalde, inportazioek, EAEko hiru lurraldeetan, %62,2 egin dute gora maiatzean (guztira 1.733,8 milioi); igoera hori produktu energetikoek eragin dute batik bat (%169,9), nahiz eta ez-energetikoetan ere eskaera handiagoa izan den (%45,2). 2021eko maiatzean, balantza komertziala esportazioak ken inportazioak positiboa izan da, 437,8 milioi eurorekin. Nafarroan ere, inportazioek igoera nabarmena izan dute, %78koa, betiere urte arteko tasan, eta 482,6 milioi euroko balioa izan dute. Edonola ere, pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuz gero, esportazioak %12,2 apalagoak dira oraindik; inportazioak, ordea, maila berean daude jadanik. Balantza komertzialak, dena den, 355,1 milioi euroko emaitza positiboa dauka.

Esportazioen jomuga

Horiek horrela, laugarren hilabetez jarraian balio negatiboak izateari utzi diote Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta igoera hauek izan dituzte: %29,7 Gipuzkoan; %35,7 Araban; eta %50,6 Bizkaian. Azken lurralde horretan, esportazio energetikoek %4,5eko beherakada izan dute.

Bost herrialde izan dira euskal esportazioen bezero nagusiak: Alemania, Frantzia, AEBak, Erresuma Batua eta Norvegia. Esportazio guztien ia erdiak (%48,8) haiengana bidali dituzte enpresek, 1.060,2 milioi euro. Bi herrialdek esportazio guztien %59,3 jaso dituzte: Alemania eta Frantzia. Portzentaje hori %65,2 da Erresuma Batua gehituz gero. Brexit-ak ez ditu askorik galgatu momentuz euskal esportazioak.

Zazpi helmuga nagusietara bideratzen diren salmentek esportazio guztien %53,9 hartu dituzte maiatzean. Belgikara zuzendutako salmentak %63,8 handitu dira, eta beste herrialde batzuetako hazkundeak hauek dira: Frantziara %36, Erresuma Batura %35, Italiara %25, Alemaniara %23, Belgikara %22 eta Herbehereetara %17. Europako Batasunetik kanpo, hiru herrialde nabarmendu behar dira: AEBetara bidalitako esportazioek %57ko igoera izan dute; Norvegiakoek, berriz, %703koa; eta Txinakoek %39koa.

Bestalde, inportazioen erdiak baino gehiago Europako Batasunetik etorri dira Hego Euskal Herrira (%54,4), eta, Erresuma Batua gehituz gero, %57,1era iristen da portzentaje hori. Maiatzean betiere, Alemaniak EAEko inportazioen %28 pilatu ditu, guztira 264,9 milioi euro, eta %34,7ko igoera izan du; ondoren daude Frantzia, 158,7 milioi eurorekin (+%66), eta Italia, 100,1 milioirekin (+%66,4). EB27tik kanpora, baina Europako eremuan, Erresuma Batua nabarmendu behar da berriro, %68,6ko igoerarekin (47,9 milioi euro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.