Argindarrak markak hautsi ditu uztailean, eta garestitzen segitzen du

Facuaren arabera, merkatu arautuan daudenek batez beste 85 euro ordainduko dituzte uztailean, iaz baino %36 gehiago. Prezio handienetan bigarrena ordainduko da gaur: 106 euro megawatt-ordu

Iberdrolaren zentral termiko bat, Ladan (Asturias). Itxita dago, eta desmuntatzen ari dira. ELOY ALONSO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Facua Espainiako kontsumitzaileen elkarteak zenbaki bat jarri dio hurrengo egunotan Hego Euskal Herriko etxeetan jasoko duten argindarraren faktura gero eta puztuagoari:%36,2 garestitu da aurtengo uztailean, iazkoarekin alderatuz gero. Eta litekeena da abuztuko faktura ere potoloa izatea, hilabetea prezio garestienetan bigarrenarekin hasi duelako argindar merkatuak.

Garestitzea, noski, tarifa arautua dutenek nabarituko dute hasieran, hamar herritarretik lauk, gutxi gorabehera. Haiek ordaintzen dutena orduero aldatzen da, handizkako merkatuan argindar ekoizpenak lortzen duen prezioaren arabera. Hamarretik seik, berriz, tarifa librea dute, finkoa, argindar konpainiak eskainitakoa, eta, orain arte behintzat, garestiagoa da.

Facuaren arabera, familiak 85,34 euro ordainduko ditu uztailean batez beste, 2020an baino ia 23 euro gehiago. Garestitzea handiagoa zatekeen baldin eta Espainiako Gobernuak, fakturaren igoerak eragindako haserrearengatik kezkatuta, ez balu argindarraren BEZa jaitsi: %21 izan beharrean, %10 izango da megawatt-ordua 45 eurotik gora dagoen bitartean.

Hori gabe, batez besteko faktura 93,88 izango litzateke 85,34 izan beharrean, inoizko garestiena. Orain arteko marka 2012ko lehen hiruhilekokoa da: 88,66 euro.

Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologiko ministroak duela gutxi ohartarazi zuen hurrengo hilabeteetan argindarraren prezioak garesti jarraituko duela. Aurreikuspen horretan bete-betean asmatu zuen Riberak, abuztua goranzko joerarekin hasi duelako argindarraren prezioak. Batez beste 106,27 euro ordainduko da gaur megawatt-ordua, inoizko preziorik garestiena uztailaren 22an markatu zuenaren ondoren (106,27 MWh). Gainera, orduaren araberako oso gorabehera txikia izango denez, 113-100 euro, ez du eragin handirik izango gastu handiko ekintza batzuk —garbigailua jartzea, esaterako— ordu batean zein bestean egiteak, ez bada sarbide tarifa desberdinak baliatu nahi direla —merkeagoa gauean, garestiagoa egunez—.

Handizkako merkatuaren prezioa herritarren tarifaren laurden bat inguru da. Gainontzekoa, sarea erabiltzeagatik ordaintzen den tarifak, energia berriztagarriak bultzatzeko sariak eta zergek osatzen dute. Horregatik, Facuak Espainiako Gobernuari eskatu dio elektrizitatearen zerga %10era jaisteko erabakia ez izatea behin-behinekoa.

Argindarraren prezio igoeraren arrazoien artean gasaren eta CO2 isurketa-eskubideen garestitzea dira aipatuenak. Horrek eragin du, Espainiako argindar merkatuan ez ezik, besteetan ere argindarra garestitu izana.

Baina badira argindar konpainien ezkutuko eskua ikusten dutenak ere: besteak beste, ASE energia aholkularitza. Efe agentziari egindako adierazpenetan, ASEk ohartarazi du azken asteetan erdira jaitsi izan dela ekoizpen eolikoa eguneko hainbat ordutan, eta azalpena ez dela «klimatologikoa». Hau da, haize errotak ez direla geratu haizerik ez zegoelako. Egunaren erdialdean gertatu da hori, argitasunaren ondorioz zentral fotovoltaikoek ekoizpena asko handitu duten orduetan. Eolikoa erdizka baizik sartu ez denez ordu horietan, ziklo konbinatuko zentralak erabili dituzte argindar beharra betetzeko, eta horrek igo du prezioa, teknologia garestiagoa delako. Izan ere, energiagatik ordaintzen den azken prezioa eskaria betetzen duen azken eskaintzak zehazten du; kasu gehienetan ziklo konbinatuko zentralak (gasa) eta ikatza erretzen dutenek.

Uztailean, gainera, bada ASEri susmagarria iruditzen zaion beste zerbait: zentral hidroelektriko bat sartu izana. Azken energia horrek oso kostu txikia du, eta, horregatik, etekin izugarriak eman ditzake argindarra ziklo konbinatuaren prezioan ordaintzen denean. Horregatik, ikerketa bat hasteko eskatu dio ASEk Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.