Tubacex prest dago kaleratu nahi dituenak ABEE batean sartzeko

Zuzendaritzak dio kaleratu asmo dituen 129 beharginak ere aintzat hartuko lituzkeela. Sindikatuek begi onez hartu dute proposamena, baina ohartarazi dute kaleratze arriskua badagoela oraindik

Tubacexeko langileak protestan, EAEko auzitegi nagusiaren aurrean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hilabetez elkarrekin bildu gabe egon ondoren, Tubacexeko langileen ordezkariak eta zuzendaritzako kideak mahaiaren bueltan eseri dira ostera. Aldi baterako enplegu erregulazio (ABEE) berri baten baldintzak negoziatzeko bilerak hasi dituzte bi aldeek; izan ere, irailaren 10ean amaituko da egun indarrean dagoena, justiziak indargabetutako lan erregulazioarekin batera indarrean jarri zutena. Zuzendaritzak lehen eskaintza egin die sindikatuei: proposatu die urte amaierara arte luzatzea aldi baterako espedientea, eta prest azaldu da Amurrioko eta Laudioko lantegietako langile guztiak aintzat hartzeko, hots, orain arte erregulazioan direnez gain, kaleratu asmo dituen 129 beharginak ere zerrendan sartzeko.

Uztailaren hondarrean elkartu ziren azkenekoz bi aldeak. Ordu hartan, langile batzordeak argi adierazi zuen ez zuela onartuko zatiketarik lantaldean, eta neurri bat proposatzekotan, langile guztiak aintzat hartzeko eskatu zion enpresari. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak lan erregulazioa indargabetu, eta kaleratu asmo zituen langileak berriz hartzera behartu zuenean, enpresak erabaki zuen soldatak ordaindu bai, baina langileak ez zirela itzuliko lanpostuetara. Modu horretan, justifikatu nahi zuen langile horien beharrik ez zuela. Ordea, batzordeak grebari eutsiko ziola erabaki ostean, enpresak atzera egin eta onartu zuen beharginak modu mailakatuan lanean hastea.

Hori horrela, aldi baterako erregulazio berria ezinbestean aplikatu behar zitzaien 129 langile horiei ere, sindikatuen esanetan. Beharginak laneratzeko erabakiak ulertarazten zuelako haiek ere enpresako langileak direla oraindik ere. Horregatik, proposamena «logikoa» da, Eduardo Ibernia langile batzordeko presidente eta ELAko ordezkariaren iritziz. Langileen ordezkariek begi onez hartu dute eskaintza, baina ohartarazi dute auzibidea oraindik zabalik dagoela, eta, beraz, baita kaleratze mehatxua ere.

Aldi baterako erregulazioa COVID-19aren krisiaren ondorioz eskari kopuruan izandako jaitsieragatik aplikatuko luke enpresak, eta lanaldiaren %70ekoa litzateke gehienez ere. Ez lituzke kontuan hartuko, halere, borondatezko bajak eta erretiro aurreratua hartu duten langileak.

Mugimendurik ez

Sei hilabete pasatu dira jadanik gatazka hasi zenetik; langileek 200 egun baino gehiago daramate protestan, eta luze jo dezake auziak oraindik, baldin eta bi aldeetako batek xake fitxa mugitzen ez badu. «Oraingoz, ez dago inolako mugimendurik, eta grebak aurrera jarraitzen du», adierazi du Iberniak. Aurreneko hartu-emana izan zen atzokoa, eta datozen egunetan berriz bilduko dira negoziatzeko. Ostiralean dute hurrengo bilera, eta hurrengo astelehenean eta asteartean ere bilduko dira, behar izanez gero.

Baina jarrerak urrun daude elkarrengatik, gaur-gaurkoz. Langile batzordeak behin eta berriz ziurtatu du grebak mugagabe iraungo duela auzibidea etetearen baldintza betetzen ez den bitartean. Izan ere, sindikatuek uste dute posible dela egungo produkzioari eustea langilerik kaleratu gabe, eta prest daude aldi baterako enplegu erregulazio bat onartzeko, bai eta lantaldea borondatezko bajen bidez eta erretiro aurreratuekin murrizteko ere. Baina ez dute negoziatu nahi gerora epaile batek indargabetu dezakeen akordio bat, eta bermeak eskatu dizkiote zuzendaritzari; hau da, behin-behineko neurria amaitu biharamunean, ez dute izan nahi kaleratze mehatxurik berriro, urtebeteko epean gutxienez, eta, beraz, helegitea bertan behera uztea galdegin dute.

Enpresak, ordea, ez dio uko egin nahi helduleku horri, nahiz eta badakien hilabeteak beharko direla Madrildik erantzun bat jasotzeko. Zuzendaritzak ez du bat egiten EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiarekin, eta ez dio muzin egin nahi epaile batek lan erregulazioa ontzat emateko aukerari, badakielako aukera horrek indarra ematen diola negoziazioetan. Hain zuzen, abuztuaren erdialdean langileei ohar bidez gogorarazi zien «inola ere» ez duela kenduko Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako helegitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.