Zentral nuklearren giltzak

Zentral bat ixteko azken hitza berea duela oroitarazi die Espainiako Gobernuak argindar konpainiei. Erreaktoreak beren erabakiz itzali izan dituzte enpresek

Iker Aranburu.
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako argindar sistemako zentral nuklearren geroa berriro mahai gainean jarri dute Madrilgo gobernuak faktura txikitzeko asmoz hartu dituen neurriek. Zentral nuklear guztiak baimena agortu aurretik ixteko mehatxua egin dute argindar konpainiek, sistema berriarekin errentagarriak ez direla argudiatuta. Espainiako Gobernuak erantzun die ixteko azken erabakia berea duela, sektore arautua delako argindarrarena. Baina gauza bat da funtzionatzeko baimena ,eta beste bat, itxiera praktikoa, Santa Maria de Garoñako zentralak (Burgos, Espainia) erakutsi zuen moduan: haren jabeek, Nuclenorren bildutako Iberdrolak eta Endesak, 2012ko abenduan itzali zuten, errentagarritasun eskasia aipatuz, baina 2017 arte ez zuen galdu funtzionatzeko baimen ofiziala.

Argindar konpainien etekinetatik 2.600 milioi kentzea eta horiekin herritarren eta enpresen hileroko faktura gutxitzeak garraztu egin du harreman ona izan ohi duten bi aktoreen arteko giroa. Argindar konpainien artean lau handienak biltzen dituen patronala, Aelec, aztertzen ari da azken neurriak bilduko dituen lege dekretu «interbentzionista» auzitara eramango ote duen. Onartezina iruditzen zaio, batez ere energia hidraulikoaren eta nuklearraren truke jasotzen duen diruaren zati bat itzuli behar izatea. Aurtengo energia hidraulikoa, nuklearra eta eolikoa eta hurrengoaren zati handi bat jada prezio baten hitzartua dutela ziurtatu du —merkatu librean dauden erabiltzaileei, hamarretik seiri—, eta handizkako merkatuko prezioaren oso azpitik dagoela.

Ministroaren erantzuna

Neurriek konpainia elektrikoen errentagarritasuna arriskuan ez dutela jartzen;horierantzun die Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroak. Riberak «beroaldian egindako lehen erreakzio» gisa definitu du Foro Nuclearraren mehatxua, eta onartu du haien irabaziak ez direla handitu tarifa handitu den hein berean, gasaren prezioa eta CO2 isurketen eskubideak ere asko garestitu baitzaizkie. Defendatu egin du gobernuaren esku hartzea, «udazken zaila» datorrelako, eta zerbait egin behar zelako argindarraren handizkako prezioaren igoera itzelak «hainbesteko itzala ez izateko etxeen eta industrien poltsikoetan».

TVE telebista kateari emandako elkarrizketan, Riberak zentral nuklearretako jabeei oroitarazi die instalazioak ixteko azken erabakia ez dela haiena, Espainiako Gobernuarena baizik. Horretarako nahikoa du Red Electrica argindar sarearen kudeatzailearen txosten negatibo bat, esanez zentral jakin bat ixteak hornikuntzan arazoak sor ditzakeela. «Oso litekeena da Red Electricak pentsatzea nuklearrak funtsezkoak direla hornikuntza bermatzeko». Azken urtean, sistemako elektrizitatearen %22 sortu dute zentral nuklearrek.

Riberaren oharrik ez dute behar enpresa elektrikoek jakiteko ofizialki azken erabakia gobernuena dela. Baina konpainiek ere badituzte beren bideak zentralak itzaltzeko; haien artean, segurtasun arrazoiak argudiatzea eta ustiapen baimenak berritzeko ez eskatzea.

Aurreko gertakari bat ere badago, Euskal Herritik gertu, gainera: Garoñako zentraleko erreaktorea itzali egin zuten 2012ko abenduan Endesak eta Iberdrolak, kritikatzeko asmoz 2013ko urtarrilean zentral nuklearren gaineko zerga bat indarrean jartzekoa zela. CNE merkatuaren arautzaileak hemezortzi milioi euroren isuna jarri zien alde bakarreko erabaki horrengatik, baina Garoña ez zen berriro martxan jarri. Endesaren eta Iberdrolaren desadostasunak izan ziren, eta CSN Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak 2031 arte funtzionatzeko baimena emateko prest egon arren, Espainiako orduko gobernuak, PPren esku, zentrala behin betiko ixtea erabaki zuen 2017an. Hura eraisteko lanak atzeratzen ari dira, baina 2022an dira horretan hastekoak.

Bat eraisten, beste bat zain

Beste zentral bat, Zorita herrikoa (Guadalajara, Espainia), jada ari dira eraisten. Urte batzukbarru bide bera hartuko du Vandellosko lehen erreaktoreak: 1989an itzali zuten, sute baten ondorioz, eta 2004az geroztik latentzian dago ; hau da, erradioaktibitatea apaltzeko zain daude, eta 2028an dira hastekoak suntsitzeko lanak.

Gaur egun bost zentral nuklear eta zazpi erreaktore daude martxan Espainiako Erresuman: Katalunian, Vandellos II, eta Asco I eta II ; Valentzian, Cofrentes: Extremaduran, Almaraz I eta II, eta Gaztela-Mantxan, Trillo.

2019ko martxoan, zentral horiek ixteko epeak negoziatu zituzten Espainiako Gobernuak eta argindar konpainiek. 2027an da hastekoa, Almarazko zentralarekin, eta 2035. urtean bukatu, Trillorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.