Nafarroako bost errepidetan bidesariak ezarriko zaizkie kamioiei 2024a baino lehen

Sozietate publiko bat eratuko da bidesariak kudeatzeko, eta urtean 45 milioi euro bildu nahi dira. Navarra Sumak izan ezik, alderdi guztiek alde bozkatu dute

joxerra senar
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Sakanako Autobidean, Iruñetik Endarlatsarainoko N-121-A errepidean, Ebroko autobidean, Etxegaratetik Altsasurainoko A-1 autobidearen zatian eta Irurtzun eta Leitza arteko A-15 autobidean, kamioiei bidesari bat ezarriko zaie. Oraindik ez dago argi zehazki noiz sartuko den indarrean neurria, baina, atzo parlamentuan onartutako legearen arabera, Nafarroako Gobernuak 2024a baino lehen onartu beharko du. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bozkatu zuten lege proiektuaren alde, eta Navarra Suma bakarrik geratu zen, ezezkoa emanda. Ordainsaria ezartzen denean, urtean 45 milioi euro bildu nahi dira, eta asmoa da hori sozietate publiko berri batek kudeatzea.

Aspalditik datorren arazo bati emandako konponbidea izan da kamioiei bidesariak ezartzea. Gobernuak iragan legealditik azpimarratu du gero eta handiagoa dela lurraldeko errepide sarearen defizita; hau da, azken bi hamarkadatan handituz joan da mantentze egoki baterako beharko lukeen diru kopuruaren eta egiazki baliatu denaren arteko aldea. Kalkuluen arabera, urtean gutxienez 70 milioi euro behar dira urtero 3.821 kilometroko errepide sarearen mantentze lanak finantzatzeko. Alta, azken hamar urteetan batez beste urtean 28 milioi euro inbertitu dira zeregin horretan; erdia baino gutxiago, alegia.

Egin gabeko inbertsioak

UPNren garaian landutako aurreko errepide planak aurreikusten zuen 2010etik 2018ra bitartean 1.300 milioi euroren inbertsioak egin beharko liratekeela azpiegiturak berritzeko eta bideak baldintza egokietan izateko. Alta, egiazki, asmoak haizeak eraman ditu, eta balizko aurrekontu horren %92 ez da erabili.

Horrek ez du esan nahi errepideetan gutxi gastatzen duela Nafarroak. Urtez urte errepideen kalitatea okertzen ari bada ere, egiazki, Nafarroak urtero beste 75 milioi euro jartzen ditu Pirinioetako eta Bideko autobideetako kanonak ordaintzeko. Izan ere, UPNren garaian egindako bi azpiegitura horiek ezkutuko ordainsari bidez finantzatu ziren, Sistema horren bidez, autobide horietako ibilgailu kopuruaren araberako kanon bat ordaintzen zaie urtero enpresa kudeatzaileei, ustez eraikuntza kostua eta mantentze lanak finantzatzeko. Atzo bertan Navarra Sumari leporatu ziotenez, bi autobideak «lau bider» ordaintzen ari dira zergadunak.

Errepide mapako beste bi autopista nagusiak —Iruñea eta Tutera arteko AP-15 eta Tuteratik Corteserako AP-68 ibilgailu guztientzako bidesariekin finantzatzen dira.

Egoera horretan guztian arduraren parte bat UPNk izan badu ere, atzo neurriaren aurka azaldu zen Navarra Suma. Javier Garcia parlamentariaren arabera, «garraiolariek ordainduko dute gobernuaren eraginkortasunik eza». Haren irudiko, errepideen inbertsio falta ezin da garraiolarien bizkar jarri, eta gobernuak aukera du aurrekontuetatik diru hori ateratzeko.

PSNk eskatu zion zehaztu zezala zer zerbitzu publikotatik murriztuko lukeen finantzaketa errepideetako behar hori asetzeko. Jorge Agirre sozialistaren arabera, eztabaida horretan gakoa ez da nola finantzatu nahi diren errepideak baizik «nolako errepideak» izan nahi diren. Hala, gobernuak 2028rako IV. errepide plana aurkeztu du aurten, eta 1.400 milioi euroren inbertsioak aurreikusten dira. «Funtsezko azpiegiturak dira errepideak lurralde eta gizarte kohesiorako».

Duela aste batzuk, Geroa Baik ez zuen egitasmoa babestu, eta «xantaia egitea» aurpegiratu zion PSNri, bidesarien legea onartu ezean Geroa Baik bultzatutako Etxebizitza legearena ez zela onartuko galdegin ziolako. Haatik, gerora akordioa lortu zuten. Pablo Azkonaren irudiko, euren taldeak egindako aldaketekin «hobetu» egin da proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.