Gerra Ukrainan

Ukrainako zerealen esportazioari blokeoa kentzeko ituna sinatu dute

Moskuk eta Kievek NBEk babestuta Turkian sinatutako akordioa «munduarentzako aringarri bat» izango da, Guterresen arabera. Aste batzuk barru hastekoak dira, atzera, Itsaso Beltzetik laboreak merkaturatzen

Aurrean, Guterres eta Erdogan; atzean, ezkerrean, Kubrakov Ukrainako Azpiegitura ministroa, eta, eskuinean, Akar Turkiako Defentsa ministroa. SEDAT SUNA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako akordio bat sinatu dute Errusiak eta Ukrainak, modu horretan blokeoa kentzeko Itsaso Beltzetik barrena esportatutako zerealei. Atzo Istanbulen aldeek adostutakoaren arabera, gerra gorabehera Ukrainako hiru portutatik, Odesatik, Pivdennyitik eta Chornomorsketik, aterako dituzte ontziek laboreak, eta zehaztutako bide bati jarraituko dute. NBEko funtzionarioek kalkulatu dute aste batzuk barru esportazio bolumena gerra aurrekoaren parekoa izango dela. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak nabarmendu du «munduarentzako aringarri bat» dela ituna, elikagai krisia areagotzen ari zelako blokeoa.

Horrenbestez, Itsaso Beltzeko Ekimena deitutakoak aterabidea emango die Errusiak joan den otsailaren 24an Ukrainako inbasioa hasi zuenetik hango portuetan pilatuta dauden 22 milioi tona zereali: artoa, garia eta beste. Labore horiek ez merkaturatzeak elikagai krisia handitu du, eta, gainera, horregatik eta Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigor ekonomikoengatik, inflazioak nabarmen egin du gora, elikagaien eta energiaren prezioak bezalaxe. NBEk adierazi du helburua dela astero bost milioi tona esportatzea. Orduan, asmo hori betez gero, akordioan jasotakoa aplikatzen hasi eta hilabetera hustuko lirateke Ukrainako portuetako biltegiak. NBEren esanetan, «aste batzuk» beharko dituzte ituna praktikara eramateko.

Bai Errusiarekin eta bai Ukrainarekin harreman ona duenez eta Itsaso Beltzak bustitzen duenez, Turkiak bitartekari lanak egin ditu. Istanbulgo Dolmabahçe jauregian izenpetu zuten akordioa, eta han egin zuten zeremonia. Ordezkaritza militarrak bidali zituzten Moskuk eta Kievek negoziazioetara, eta Errusiaren aldetik Sergei Xoigu Defentsa ministroa izan da ordezkari gorena, eta Ukrainaren aldetik Oleksandr Kubrakov Azpiegitura ministroa. Haiek sinatu zuten ituna —baita Guterresek eta Turkiako Defentsa ministro Hulusi Akarrek ere— baina informazio agentziek kaleratu zutenez, ez ziren mahai berean eseri; argazkietan ere ez ziren batera ageri. Reuters berri agentziak argitaratu zuen akordioa egiteko bileraren ondoren Xoiguk adierazi ziola Rossiya-24 Errusiako telebista kateari dokumentuan «argikiro azaldutako obligazioak» asumituko dituela Kremlinek.

Guterresek esan zuen Itsaso Beltzean «itsasargi bat» dagoela, eta hori dela «itxaropenaren itsasargia». Eskerrak eman zizkien Errusiari eta Ukrainari «trabak gainditzeagatik» eta elkarren arteko «aldeak» alboratuz «guztion interesak bateratzen dituen ekimen bat bideratzeagatik». Guterresen esanetan, «gizateriaren ongizatearen sustapenak» bultzatu ditu elkarrizketak, eta iruditzen zaio akordioaren ondorioz «porrotetik» gertu zeuden herrialdeen zein «gosetearen atarian» zeuden herritarren egoera «arinduko» dela. NBEren txostenek diotenez, inbasioa hasi aurretik, 276 milioi pertsona zeuden elikagai faltan geratzeko zorian; eta, orain, 345 milioi pertsona dira.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak zeremoniaren aurretik esan zuenez, akordioak ekarriko du inflazio globalaren arintze bat, eta milioika pertsonak goseteak saihestuko dituzte. Uste du adostutakoak «mundu guztiari» eragiten diola, eta «inflexio puntu bat» izango dela.

EBrentzat, «aurrerapausoa»

Josep Borrell Europako Batzordearen diplomaziaburuak Twitterreko bere kontuan idatzitako mezu batean azpimarratu zuen Turkiako akordioa «norabide egokian» emandako «aurrerapauso bat» dela, Errusiaren inbasioak «gosete arriskuan» utzi baititu milioika pertsona. NBEren lana eskertu du, eta adostutakoa «azkar» ezar dezatela. Gogorarazi zuen, bide batez, EB Europako Batasuna Ukrainari laguntzeko prest dagoela laboreak «merkatu globaletara» eramatean.

Alde horretatik, Peter Stano Europako Batzordearen Atzerriko bozeramaileak adierazi zuen, prentsaren aurrean, itsasoko bidea dela «eraginkorrena eta azkarrena» zereal produkzioa mundu guztira eramateko. Galdetu zioten ea EBk zein rol jokatu duen akordioan, eta erantzun zuen Kremlinek ez duela «EBren bitartekaritza» onartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.