Probokazio akusazioak jaurtika

Taiwanek maniobra militarrak hasi ditu uhartearen hegoaldean, eta Txinak eutsi egin die bereei. Nancy Pelosik uste du bere bidaiak «merezi» izan duela

Probokazio akusazioak jaurtika.
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Atzo bete zen astebete AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik Taiwanera egindako bisitatik. Bidaia hark eragindako harrabotsa, ordea, baretzetik urrun dago. Txinak luzatu egin ditu ostegunean hasitako maniobra militarrak, eta Taiwango armadak ere ariketak egiteari ekin dio. Biek elkarri egozten diote tentsioaren erantzule izatea. Pelosik, berriz, uste du bere bidaiak «merezi» izan duela.

Taiwango armadak atzo hasi zituen ariketa militarrak, uhartearen hegoaldeko Pingtung eskualdean, Fenggangeko entrenamendu zelaian. Defentsa Ministerioak azaldu zuen aurrez planifikatutako mugimenduak direla, eta bihar jarraituko dutela maniobrekin. Helburua litzateke atzerriko erasoen aurka defendatzeko entrenatzea, CNA agentziaren arabera.

Taiwango zenbait hedabidek argitaratu dutenez, Pingtungeko zenbait lekutan bengalak jaurti zituen armadak, maniobren berri emateko. Kontua da eremu hori Txina bere ariketak egiteko erabiltzen ari denetik gertu dagoela, nahiz eta Taiwango Gerra Politikako zuzendari Lou Weijiek esan duen bi eremuak ez daudela elkarren gainean.

Txinak aurreko astean jakinarazi zuen bere armadaren maniobrek ostegunetik igandera bitarte iraungo zutela. Astelehenean, ordea, egun batez luzatzea erabaki zuen. Atzo goizaldean berdin egin zuen, eta «borrokara bideratutako maniobra bateratuak antolatzen» jarraituko duela jakinarazi, airez eta itsasoz. Hala, armadak nabigazioa mugatu du Hego Txinako itsasoan.

Horiek «probokazio zentzugabea» dira, Taiwango Atzerri ministro Wu Zhaoxieren esanetan. Hark uste du Pelosiren bisita «aitzakia bat» besterik ez dela, eta Txinaren helburua dela itsasarteko statu quo-an eragin eta «inbasio bat» prestatzea: «Taiwango itsasartea barne itsaso bilakatzen saiatzen ari da Txina».

Txinako Defentsa Ministerioak, berriz, esan zuen Pekinek hartutako neurriak egokiak direla. Wu Qian eledunaren hitzetan, «probokazioak» AEBetatik iritsi dira, eta Washingtonek bere gain hartu behar du erantzukizuna. Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbiek ere AEBak jarri zituen jomugan. Wangek uste du Pelosiren bisitak eta zenbait estatuk azken egunetan izandako jarrerek erakusten dutela «Txina bakarraren» ideia «husteko» lanean ari direla.

Pelosi, bere bostean

Pelosiren beraren hitzetan, ordea, Txina da egoeraren erantzulea; «harropuzkeriaz» jokatzea leporatu dio Pekini, eta jokabide hori herrialdeko presidente Xi Jinpingen «segurtasunik ezaren» ondoriotzat jo du.

AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea aurreko astean izan zen uhartean, eta Taiwango gobernuburu Tsai Ing-wenekin bildu zen. Bidaia horren eraginez, Txinak zigor ekonomikoak ezarri dizkio Taiwani, eta AEBekin adostutako zenbait hitzarmen indargabetu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.