Siriako Gobernuari leporatu diote Darayako sarraskiaren erantzukizuna

Gertaeren hamargarren urteurrenean, lehen azterlan xehea argitaratu du ikertzaile siriarren talde batek. Txostenaren arabera, Irango eta Hezbollahko miliziek ere parte hartu zuten. 700 lagun hil ziren

Siriako armadako bi soldadu, Darayako kale batean posizioa hartzen, 2013ko urtarrilean. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Siriako gerran, zibilen aurka izan den sarraskirik handienetako bat izan zen Darayakoa. 700 lagun baino gehiago hil ziren Siriako Gobernuaren eta haren aliatuen erasoan, Damaskotik zazpi kilometro eskasera. Hamar urte bete berri dira gertakari horietatik—2012ko abuztuaren 24tik 26ra bitartean jazo ziren—, eta, urteurrena baliatuta, hilketa horiei buruzko lehen azterlan xehea argitaratu zuen atzo Siriako eta siriar jatorriko ikertzaile talde batek, Syrian British Consortium elkarteak babestuta.

Txostenean azaldu dutenez, Darayako sarraskiko lekukoen testigantzak bildu dituzte hainbat herrialdetan barrena. Ikertzaileek espero dute testigantza horiek balio izatea erasoaren erantzuleak zigortzeko. «[Ikerketak] Agerian uzten du, hamar urte igaro diren arren eta froga kopuru esanguratsua bildu bada ere kontu emateak eta justiziak izkin egin diela Darayako herritarrei». Lekukoen itxaropena horixe dela nabarmendu dute, eta haien kontakizuna ez gelditzea dokumentazio lan batean soilik.

Darayako sarraskia gertatu zenean, urte eta erdi ez zen igaro Sirian gerra lehertu zenetik. Zibilen kontrako ordura arteko erasorik larrientzat hartu zen. Baxar al-Assad Siriako presidenteak argudiatu zuen «terrorismoaren aurkako» operazioa izan zela, eta nazioartean ez zen gertaera horren inguruko jarraipen handirik egin. NBEk aipamen labur bat egin zion 2013an argitaratutako Siriari buruzko txostenean, esanez Siriako Gobernuaren indarrek gerra krimenak egin zituztela eta gertatutakoa gehiago ikertu behar zela.

Ikertzaile taldeko Yasmine Nahlawik —asmatutako izena da segurtasun arrazoiengatik— The Guardian egunkariari adierazi dionez, aztertu duten sarraskia «Darayaren suntsitzearen hasiera» izan zen. «Armadak liskarrak gogortu zituen aurretik ere, manifestariei tiro eginez. Baina hura hiriaren kontrako kanpaina bat abiatu zuen mugarria izan zen, sarraski gehiago, jazarpena eta bonbardaketak ekarri zituena».

Lekukotzen arabera, sarraskiaren aurreko egunetan Siriako indarrek Darayako zenbait auzo bonbardatu zituzten. «Bonbardaketak normalean baino latzagoak ziren. Morteroak jaurti zituzten, eta ezagutzen ez genituen bestelako lehergailu are okerrago batzuk, ordura arte entzun gabeko soinua egiten zutenak», dio lekuko batek. «Gure txanda iritsi zela jakin genuen morteroak isildu zirenean».

Ikerketak ondorioztatu duenez, Siriako armada hirira sartu zen, eta atez ate hasi zen herritarrak hiltzen eta atxilotzen, haurrak barne. Askok etxeko sotoetara jo zuten babes bila.

Lekukoek beren kontakizunetan erasotzaileen uniformeei, intsigniei eta armei buruzko xehetasun batzuk eman zituzten, eta, horietan oinarrituta, ikertzaileek frogatutzat jo dute sarraskian parte hartu zutela, Siriako soldaduez gain, baita Irango eta Hezbollahko miliziek ere. Norbanako batzuk identifikatzea lortu dutela ziurtatu dute.

Betoa NBEn

Siriako gerrako zenbait gertakari Nazioarteko Zigor Auzitegian ikertzeko ahaleginak ezerezean gelditu dira orain arte, Errusiak eta Txinak eragotzi dutelako NBEren Segurtasun Kontseiluan duten beto eskubidearekin. Alemaniako auzitegi batek, ordea, Siriako koronel bat kondenatu zuen urtarrilean bizi osorako espetxe zigorrera, gizadiaren kontrako krimenengatik, kartzela batean 4.000 lagunek jasan zituzten torturen erantzule izatea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.