Iranek herritar bat exekutatu du, hilabeteotako protestekin lotuta

Estatuko indarren agente bat labanaz zauritzea egotzi diote kondenatuari. Protesten harira auzipetutakoen arteko lehen exekuzio jakinarazia da. Irango justiziak gehiago iragarri ditu

Ebrahim Raisi Irango presidentea (eskuinean), herenegun, Teherango Unibertsitatean, Ikasle Egunaren ospakizunerako ekitaldi batean. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Iranen irailetik hedatu diren protestekin lotuta, kondenatu bat exekutatu zuen herrialdeak atzo goizaldean, Mizan Irango botere judizialaren albiste agentziak jakinarazi zuenez. Protesten harira auzipetutakoen artean, jakinarazi den lehen heriotza zigorra izan da.

Kondenatua Mohsen Xekari zen, 23 urteko gaztea. Justiziak «Jainkoaren kontrako gerra» egitea egotzi zion, estatuko indarren agente bat labanaz zauritzeagatik eta Teheran erdiguneko kale bat mozteagatik. «Izua eragitea eta herritarren askatasuna eta segurtasuna urratzea» ere leporatu zion.

Xekari irailaren 25ean atxilotu zuten, protestak piztu eta astebetera; heriotza zigorrera kondenatu zuten azaroaren 20an; herenegun berretsi zuen epaia Auzitegi Gorenak, eta urkatu egin zuten atzo. Lehen auzi saioa izan zuenetik exekutatu duten arte, hilabete inguruko epean amaitu du auzibidea, Irango Justiziak protestekin lotutako zigorrak azkar ezarri nahi dituen erakusgarri.

Gholam-Hossein Mohseni-Ejei botere judizialeko agintari gorenak ohartarazi duenez, heriotza zigorrera kondenatutako beste manifestari batzuk ere «aurki» exekutatuko dituzte. Amnesty Internationalen esanetan, protestekin lotuta auzipetutako 2.000 herritarretatik gutxienez 28k egin behar diete aurre heriotza zigor eskariei.

Mobilizazioen harira, Iranek azaroaren 14an eman zuen heriotza zigorreko lehen epaia, eta asteartean jakinarazi zituen azkenak: bost lagun kondenatu zituen heriotzara, ustez Basij milizia islamikoko kide bat hiltzea egotzita.

Xekariren exekuzioa hiru eguneko mobilizazioen ostean gauzatu du Teheranek. Ekintzaileek grebara eta protestara deitu zuten, eta unibertsitate ikasleak izan ziren gehienbat kalera irten zirenak.

Protestak irailean piztu ziren, Mahsa Amini 22 urteko emakume kurdua Poliziaren zaintzapean hil zela jakin zenean. Amini Moralaren Poliziak atxilotu zuen, beloa «gaizki jarria» zuelako, eta komisariara eraman zuen. Poliziaren arabera, irailaren 16an hil zen, bihotzekoak jo eta hiru egunez koman egon ostean. Gurasoek argi utzi dute ez zuela osasun arazorik izan aurretik, eta salatu zuten «jasandako torturen ondorioz» hil zela.

Iranen eta, batez ere, herrialde horren menpeko Kurdistanen, hainbat hiritako kaleak amorruz bete ziren Aminiren heriotzaren ondotik, azken lau hamarkadetan agintean dagoen sistemaren aurka egiteko: Errepublika Islamikoaren amaiera eskatzeko. Iranek salatu du mobilizazioak herrialdea desegonkortzeko saiakera bat direla, eta AEBen esku hartzea dagoela horien atzean.

NBE Nazio Batuen Erakundeak protestekin lotutako atxilotuen exekuzioak geldiarazteko eskatu dio Teherani, eta Iranek mobilizazioei eman dien erantzuna ikertzeko misio bat antolatzearen alde bozkatu zuen erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluak joan den hilean. Baina Iranek aurreratu du ez dela elkarlanean arituko halako ikerketa batekin, izaera politikoa duelako.

Protestetan 400 herritar baino gehiago hil dituzte, eta gutxienez beste 15.000 atxilotu, Iran Human Rights elkartearen arabera.

Bortxaketa salaketak

Iranek ukatu egin du estatu indarretako kideek protesten harira atxilotutako emakumeak bortxatu dituztenik kartzeletan. Aurreko astean 22 urteko emakume batek egin zuen salaketa baztertu du horrela. Iran Wire hedabideak gaztearen grabazio bat argitaratu zuen, zeinetan adierazi zuen Guardia Iraultzaileko kide batzuek bortxatu egin zutela atxilo zegoen bitartean. Emakumeak bere buruaz beste egin zuen.

Salaketaren ondotik, Fatemeh Davand ekintzaileak ziurtatu zuen gutxienez beste zortzi emakume gazte —horietako bat adingabea— bortxatu zituztela Guardia Iraultzaileko zenbait kidek, galdeketa egitekotan zirenean.

Irango Espetxe Erakundearen arabera, kartzeletan bermatuta dago «emakumeen duintasunaren erabateko errespetua», eta ohartarazi zuen «albiste faltsuak» zabaltzen dituztenak salatzeko aukera aztertuko duela.

Bestalde, The Guardian-ek argitaratu duenez, Irango mediku batzuek salatu dute Polizia emakumeak modu bereizian ari dela zauritzen. Gizonei ez bezala, emakumeei perdigoi tiroak aurpegian, bularretan eta genitaletan ematen dizkiete batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.