Azukrea, petrolioaren pare

Azukrearen prezioa %61 igo da azken urtean eta gehien garestitu den lehengaia bihurtu da. Munduko bi ekoizle nagusiak, Brasilek eta Indiak, etanola ekoizteko erabiltzen ari dira azukre kanabera

Azukrea, petrolioaren pare.
jokin sagarzazu
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Ez gasolina, ez gasa. Lehengai nagusien artean, azukrea garestitu da gehien 2023an. Iaz baino %60,8 gehiago ordaintzen da Hego Euskal Herrian, eta antzera Europako Batasuneko gainerako herrialdeetan ere: %61 batez beste, Eurostatek ostiral honetan jakinarazi duenez. Azukre tonak 700 eurotik gora kotizatzen zuen atzo, iazkoaren halako bi.

Elikagai ugaritan azukrea beste edulkoratzaile batzuekin ordezkatzen ari diren arren, funtsezkoa da oraindik ere; besteak beste, jaki prestatuetan, hestebeteetan, gozogintzako produktuetan eta edarietan. Hala, azukrearen garestitzeak erosketa saskiko produktu ugaritan eragin du, elikagaiek azken urtean izan duten igoera handiaren arrazoien artean pisuzko elementu bat izateraino.

Duela hamar urte krisian sartu zen azukrea, batez ere elikadura kontsumorako haren alternatibak bultzatu zirelako, Europan nagusiki, eta produkzioa asko gutxitu zelako, prezioak igoz. Garestitzea herrialderik txiroenek nabaritu zuten gehien, azukrea kaloria iturri merke eta azkarra izan baita. Hurrengo urteetan, berriz, behera egin zuen prezioak.

Etanola sortzeko

Baina pandemiaren ostean, irauli egin da joera hori. Zer gertatzen ari den ezagutzeko, azukre ekoizle nagusietara jo behar da: Brasil eta India. Azukre kanaberaren aurreko bi kanpainak oso txarrak izan dira, batez ere lehorteen ondorioz. Eta aurtengo uzta hobea izan bada ere, ez da espero prezioak nabarmen eta azkar jaistea.

Zergatiei dagokienez, garrantzitsuena azukrea petrolioaren prezioen mendekoa dela. Azukrearen merkatua berezia da; hau da, erregaiak igotzen badira, haren prezioa ere garestitzen da. Izan ere, azukrea etanola egiteko lehengai nagusia da, artoarekin batera. Eta azken garaiotan erregai horren eskaria izugarri handitu da, erregai tradizionalen prezio garestiengatik eta erregai garbiagoen alde egiteagatik.

Brasil da munduko azukre ekoizle nagusia (%30 inguru). Azken urteetan herrialdeko azukre industria etanolean zentratu da, eta elikagaietarako ekoizpena murriztu egin du. Gainera, Brasil da, AEBekin batera, etanola erregai gisa erabiltzen duen munduko herrialde nagusia.

Dena den, elikagaien kontsumorako azukrearen prezioak izan duen gorakada ikusita, analistek aurreikusten dute aurten horretara bideratutako ekoizpena handituko duela herrialdeak. Gainera, aurtengo uztahilabete honetan hasi da merkaturatzen aurreko biak baino hobea izan da, baina gauza bera gertatu da beste labore batzuekin, sojarekin esaterako, eta Brasilgo portuetan pilaketak egongo direla aurreikusten dute.

Beste ekoizle nagusia India da, zeina munduko azukre kontsumitzaile nagusia ere baden. Gobernuak zerealen, gariaren eta azukrearen esportazioak murriztu ditu inflazio handia gelditzeko. Horri Txinako merkatuaren irekiera gehitu behar zaio, eta etanola. India eta Txina dira, hurrenez hurren, munduko kontsumitzaile nagusietan bosgarren eta hirugarren.

Tokiko ekoizpena

Elikagaientzako azukrearen prezio garestiak argi gorriak piztu ditu Europan. Aste honetan, Europako gozogintzako Caobisco erakundeak Bruselari eskatu dio larrialdiko neurriak hartzeko.

Azukrea lortzeko bi lehengaiak azukre kanabera (% 80) eta erremolatxa (%20) dira. Europan erremolatxarekin ekoizten da, eta barazki horrek klima euritsuak behar ditu. Aurtengo bero boladek ez dute batere lagundu. Gainera, erremolatxatik azukrea lortzeko gasa behar da, eta garen prezioa inoizko garestien egon da.

Horrez gain, Europako erremolatxa eta azukre produkzioa asko jaitsi da azken urteotan; 2005ean Bruselak indarrean sartutako azukre merkatuen erreforma dela eta, nekazariek errentagarritasun txikia lortzen dutela salatu dute.

Frantzia da erremolatxa ekoizle nagusia munduan, Errusiaren atzetik. Euskal Herrian bultzada handia izan zuen, Araban bereziki, baina asko murriztu da. Duela hogei urte, 8.238 hektarea zeuden; gaur egun, 1.117 baino ez. Azukrea asko garestitu arren, nekazariak kexu dira azukre ekoizleek ordaintzen dizkieten prezioengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.