Volkswagenek mutualitate baten esku utzi nahi ditu langileen ohiko gaixo agiriak

Zortzi urtean, absentismoa ia bikoiztu egin da %4tik %7,8ra, eta «kezka handia» azaldu du horregatik. Aste Santurako neurriak hitzartzeko eskatu die sindikatuei

Alemaniako auto ekoizleak Iruñean duen fabrikako produkzio katea. VOLKSWAGEN.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Volkswagenek ohartarazpen argi bat egin die langileei eta sindikatuei. «Ezin dugu utzi gorantz doan absentismoak gure fabrikaren etorkizuna arriskuan jartzen», aipatu zuen atzo Jesus Galindo Volkswagen Navarrako Industria Harremanen arduradunak. Iruñeko fabrikako zuzendaritzak prentsa ohar baten bidez jakinarazi du azken zortzi urteetan ia bikoiztu egin dela absentismoa, 2011n %4 zena egun %7,8 bihurtu dela, eta horren gaineko «kezka sakona» adierazi du. Horregatik, Aste Santurako neurri sorta bat hitzartzea proposatu die sindikatuei. Hitzartu zein ez, 2021etik aurrera, gaixo agiri arrunten kudeaketa Mutua Navarra mutualitatearen esku uzteko asmoa du. Alemaniako zuzendaritza zentralak hori egitera behartzen dituela arrazoitu du.

Ez da halako neurriak ezartzen ahalegintzen den lehen aldia. Duela hiru urte, 2016an, neurri bera hartzen ahalegindu zen, baina orduan sindikatuak erabat kontra agertu ziren, eta atzera egitera behartu zuten. Iragan abenduan ere, VWek sindikatuei proposatu zien mutualitateen esku uztea Landabengo langileen gaixo agirien kudeaketa, eta horrek sindikatuen haserrea piztu zuen. Batzordeak, aho batez, bost eguneko grebara deitu zuen, abenduaren 17tik 23ra. Ustez, zuzendaritzak atzera egin zuen proposamenean, baina Wolfsburgeko zuzendaritzak Iruñekoari eskatu zion otsailaren 1erako neurriak hartzeko. Epemuga atzeratu egin bada ere, apirilaren erdialderako neurriak hartu nahi ditu.

Atzo, bilera izan zuten sindikatuekin, eta haren ondotik kaleratu zuen oharra. Zuzendaritzak mehatxatu zuen Iruñeko fabrikak produkzioa gal dezakeela, beste lantoki batzuen mesedetan. Egun, Landabenen Polo eta T-Cross modeloak ekoizten dituzte, eta beste bat hartzeko aukera irekirik dago. Hala ere, Galindoren arabera, beste lantoki batzuek har dezakete ekoizpena «baldin eta lehiakortasuna galtzen bada».

VWek «absentismoa murrizteko» hainbat neurri proposatu ditu; izan ere, haren hitzetan, arazoaren zergatiak ere anitz dira: langileen lan osasuna, lanaren antolakuntza, langileen motibazioa eta lana familiarekin uztartzea. Gaixo agiria ohiko gertakizunen ondorioz eskatzen denean, Mutua Navarrak hartuko du gestioa, 2021etik aurrera: «Lehenik eta behin, Alemaniako zentralak hala exijitzen digu. Bigarrenik, uste dugu neurri mesedegarria dela langileen osasunerako, azkarrago eta hobeto osa daitezen eta, ondorioz, absentismo indizea txikitu dadin». Galindok zehaztu du ahalmen hori enpresarena dela eta alde bakarreko erabakia izan daitekeela, sindikatuek nahi ala ez.

Kerstin Scholz VW Navarrako lan harremanetako zuzendariaren hitzetan, «egoera larriak erantzun irmoa» eskatzen du. «Guztion artean, gai izan behar dugu neurriak hartzeko etorkizunera begira VW taldeak plantea dezakeen edozein erronkari aurre egin ahal izateko, batik bat elektrifikazioari dagokionez». Mezu horrekin, aditzera eman nahi izan du Scholzek euren proposamena onartuz gero etorkizunean akaso ibilgailu elektrikoak ekoizteko aukera izan dezakeela Iruñeko fabrikak.

«Gezurretan ari dira»

Proposamenak eta zuzendaritzaren tonuak ez du ezustean harrapatu Raul Portillo LABeko ordezkaria. Haren hitzetan, «gezurretan ari dira», gaixo agirien kudeaketa mutualitate baten esku uzteak ez baitu absentismoa murriztuko. Haren ustez, absentismoaren gorakada produkzioa handitu izanaren ondorioa da, egunero txanda bakoitzeko «hamar auto gehiago» ekoizten direlako. «Lesioak produkzio katean gertatzen dira, ez arlo teknikoan edo bulegoetan. Badakigu non dagoen gaizkia, eta hori ez da konponduko langileak beldurtuz. Esan dezatela zenbatekoa den beste lantokietako produktibitatea edo kalitatea». Haren iritziz, Volkswagenek beldurra sortu nahi du orain arte gai horretan egon den aurkakotasun irmoari aurre egiteko, eta sindikatu nagusiekin neurri batzuetan ados jartzea lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.