Israelen eta Emirerrien arteko ituna: «bakerako aukera» ala «traizioa»

Palestinak, Iranek eta Turkiak gogor kritikatu dute akordioa. NBEk, Europak, Txinak eta Egiptok uste dute akordioak lagundu dezakeela Palestinaren eta Israelen arteko elkarrizketei berriz ekiten

Manifestariak, atzo, Palestinan, Israelen eta Emirerrien arteko akordioaren kontra protestan. ALAA BADARNEH / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Erreakzio kontrajarriak eragin ditu Israelek eta Arabiar Emirerri Batuek elkarren arteko harremanak normalizatzeko iragarri duten akordioak. Bitartekari lanetan aritu da AEBetako Gobernua, eta akordioa historiko gisa aurkeztu du. Zenbait herrialdek pisu handia aitortu diote itunari, eta Ekialde Hurbilean bakea lortzeko «aukera bat» izan daitekeela nabarmendu dute; beste herrialde batzuk musulmanen eta palestinarren kontrako «traizioa» egotzi diete Emirerriei.

AEBek, Israelek eta Emirerriek argitaratu zuten ohar bateratuaren arabera, Israelek Zisjordaniako hainbat lurralde anexionatzeko iragarria zuen plana eteteko konpromisoa hartu du. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, baina, akordioa ezagutarazi eta ordu gutxira argitu zuen plana «behin-behinean» geldituko duela, eta anexioak «mahai gainean» jarraitzen duela. Ez da nahikoa izan Israelgo kolonoen eta eskuin muturrekoen kritikak apaltzeko. Netanyahuk iruzur egin diela salatu dute, kanpainan anexio plana gauzatzea hitzeman zuela gogorarazita.

Palestina Askatzeko Erakundeak, berriz, akordioa «palestinarren eskubideen kontrako erasoa» dela adierazi du, eta Emirerriei eskatu die hura bertan behera uzteko. Palestinako Aginte Nazionalaren esanetan, «Bakerako Proposamen Arabiarraren kontrako kolpea» da. Proposamen horrek Israelekin harremanak normalizatzeko baldintza bat ezartzen du: Israelek Palestinako Estatua aitortzea.

Hamasek ere gogor salatu duen hitzarmena. Palestinarrei traizio egin izana egotzi zion Fawzi Barhoum eledunak Abu Dhabiri: «Labana sartu digute bizkarretik. [...] Israelek okupaziopean egindako krimenen saria da hau».

Palestinarren salaketek Iranen eta Turkiaren babesa jaso dute. Akordioak «estrategia ergel» bati erantzuten diola adierazi du Irango Atzerri Ministerioak, Tel Aviven kontrako oposizioa indartuko duela argudiatuta. Iranen iritziz, erabaki «arriskutsua» hartu dute Emirerriek, eta etorkizunean Israelek Persiar golkoan egin ditzakeen esku hartzeen erantzule egin du Abu Dhabi.

Turkiako Atzerri Ministerioaren arabera, «ez da sinesgarria»akordioa «palestinarren aldarriekiko babes gisa» aurkeztea. Salatu du Emirerriek ez dutela autoritaterik «Palestinaren izenean negoziatzeko, eta Palestinarentzako hil edo bizikoak diren auzietan amore emateko».

Zuhurrago mintzatu da Jordania. Ayman Safadi Atzerri ministroaren esanetan, akordioa bakea lortzeko lagungarria izango da baldin eta «okupazioa amaitzeko pizgarria» baldin bada. Hala gertatu ezean, «gatazka are sakonagoa» bilakatu eta «lehertu» egingo dela ohartarazi du.

Herrialde arabiarren artean, akordioaren alde agertu dira Egipto, Bahrain eta Oman. Eskualdearen garapenerako eta egonkortasunerako lagungarri izango dela adierazi dute.

Palestinaren eta Israelen arteko elkarrizketak berreskuratzeko lagungarri izango den «itxaropena» agertu du Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Haren iritziz, garrantzitsua da Israelek anexioa eten izana, plan hori gauzatzeak ateak itxiko lizkiokeelako bi estatuen konponbideari.

Antzera mintzatu da Josep Borrell Europako Batasuneko diplomazia burua. «Anexioa etetea urrats egokia da. Orain, plana guztiz baztertu beharra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.