EBZk iradoki du abenduan hartuko dituela ekonomia moteltzearen aurkako neurriak

COVID-19aren aurkako neurriak irailean hasi ziren jarduera oztopatzen, eta azaro txarra espero du Lagardek. Ez daki, ordea, berriro atzeraldia izango ote den

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko lehendakaria, atzo, Frankfurten. SANZIJANA PERJU-EBZ / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Tonu goibela itzuli da Frankfurtera. Koronabirusaren bigarren oldarraldiari aurre egiteko indarrean jarritako neurriek seko eten dute euroguneko ekonomiaren hazkundea, eta hurrengo datu ekonomikoak txarrak izango direla aitortu du Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak. Ez du, ordea, ekonomia suspertzeko neurri gehiago hartu, baina iradoki du abenduko bileraren ondoren egingo duela hori. Dena den, «beharrezkoa balitz», prest legoke aurretik premiazko bilera bat egin eta neurriak aurreratzeko.

Eurostatek gaur emango du 2020ko hirugarren hileko hazkunde datua. Datu ona izango da, erakutsiko baitu ekonomiak indarrez errebotatu zuela udaberriko hondoratzearen ondoren. Baina, hilabete eskas igaro den arren, iraganeko argazkia da Eurostatek emango duena. Udazkena, berez, irailean bertan hasi zen, lehen hostoak erori ahala erori baitziren errebote horri eusten zioten hainbat faktore. Motelaldi horrek bere hartan jarraitu du, eta azaroa «oso negatiboa» izango dela iragarri du Lagardek. Nahikoa azken hiruhilekoan berriro atzeraldia izateko? «Ez dakigu», erantzun zuen.

Hazkundearen amaiera «uste baino goizago» iritsi dela aitortu du Lagardek, eta zerbitzuetan gertatu dela azaldu du, industria oraindik kopuru positiboetan dagoelako. Zerbitzuen beheranzko joera sendotu egingo da hurrengo asteetan, konfinamenduek eta sektore batzuen itxiera partzialek kontsumoa apalduko dutelako ostalaritzan, garraioan, baina baita beste sektore batzuetan ere. Giroa belztu ahala, zuhurtziarako joera sendotu da, eta EBZk antzeman du enpresen eta herritarren inbertsioak geratu egin direla.

«Berregokitu»

Egoera horren aurrean, erantzuteko prest azaldu da EBZ. «EBZk bizkor eta indarrez erantzun zion COVID-19aren lehen olatuari, eta hala egingo dugu bigarren olatuan ere». Zehazki zer egingo duen ez du argitu Lagardek. Berez, gaurko agerraldiaren hitz gakoa «berregokitu» izan da, behin eta berriro erabili baitu Lagardek xehetasunak jakin nahi zituzten kazetarien galderei erantzuteko. «[EBZren] Gobernu Kontseiluak bere tresnak berregokituko ditu, behar den moduan erantzuteko oraingo egoerari, ziurtatzeko finantza baldintzak lagungarri direla ekonomia suspertzeko, eta erantzuteko pandemia inflazioaren bidean izaten ari den eragin negatiboari». Beste hitz batzuetan, bere eskura dituen «tresna guzti-guztiak» ere erabil ditzakeela abenduan.

Tresna nagusia PEPP izenekoa da, Pandemiako Larrialdiko Erosketa Programa. Haren bidez, estatuen eta enpresa pribatuen 1,35 bilioi euroren zorra erosiko du banku zentralak. Haren bidez lortzen du erakunde publikoak eta pribatuak zorra jaulkitzeko arazorik ez izatea eta, gainera, merke egitea. Plan hori gutxienez 2021eko ekainera arte da irautekoa, baina ez da baztertu behar luzatzea edo handitzea, «ziurtatzeko finantzaketa baldintza egokiak daudela ekonomiaren suspertzea laguntzeko». Interes tasak, berriz, %0n daude, eta hala jarraituko dute. «Ez ditugu igoko, inflazio espektatibak sendo egon arte %2tik gertu», Lagardek gogorarazi zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.