Grebara deitu dute hilaren 22rako, «sektore publikoko lanpostuak egonkortzeko»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoetako langileen %40k behin-behineko baldintzetan dihardutela salatu nahi dute sindikatuek

Sindikatuetako ordezkariak Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean, atzo greba deialdia erregistratu aurretik. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ofiziala da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publiko guztiak grebara deituak daude hilaren 22rako. Martxoaren 1ean lanuztea egiteko asmoaren berri eman zuten sindikatuek, eta, behin-behinean dauden langile publikoen egoerari buruz hitz egiteko deirik jaso ez dutenez, ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek greba deialdi ofiziala erregistratu dute. Behin-behinekotasun tasa %40tik gorakoa dela diote, guztira 60.000 langile ingururi eragiten diela, eta sektore publikoko arlo eta maila guztietan gertatzen dela: udaletan, aldundietan, Osakidetzan, hezkuntzan... Greba 22an izango da, baina aldez aurretik, hilaren 15ean, elkarretaratzeak egingo dituzte.

Igor Izagirre ELA sindikatuko sektore publikoko arduradunak egoeraren argazkia azaldu du eskaera erregistratu aurretik. «Behin-behinekotasuna sistematikoa da, ez da %40tik jaisten», nabarmendu du. Haren datuen arabera, Osakidetzan behin-behineko 15.000 langile daude, hezkuntzako arlo batzuetan %70etik gorakoa da tasa, administrazio orokorrean %45ekoa da, eta udal batzuetan langileen hiru laurdenak aldi baterako kontratuarekin daude. Izagirrek uste du horren atzean estrategia bat dagoela: «Zerbitzuak pribatizatzearen aldeko apustu bat dago, eta hori lortzeko lehen pausoa lanpostuak ez egonkortzea da».

Lanpostuak egonkortzea da eskaera nagusia, eta zerbitzu publikoetan dagoen «merkantilizazioa» gelditzea. Hala salatu du Gorka Berasategi LAB sindikatuko sektore publikoko arduradunak: «Pandemia honetan ikusi da zerbitzu publiko gero eta ahulagoak ditugula. Enplegu publikoa egoera larrian dago, eta, gainera, lanpostu asko ez dira existitzen. Langileek betetzen dituzten hainbat funtzio ez dira existitzen». Berasategik «negoziazio kolektiboa» aktibatzeko eskatu die erakundeei, «aldebakartasuna» uzteko, eta aitzakiarik ez jartzeko: «Jaurlaritza mugitu egin behar da arazo hau konpontzeko. Bukatu da Madrilera begira egotearena. Bukatu da epaitegien zain egotearena. Arazoa hemen dugu eta hemen konpondu behar dugu.LABen garbi dugu lege propioak behar ditugula horretarako».

Pablo Garcia de Bikuña CCOOko arduradunak ere grebaren arrazoiak aletu ditu, eta langileez harago jo du: «Behin-behinekotasun tasa handiek segurtasunik eza sortzen dute, eta horrek berarekin dakar herritarrentzako zerbitzu okerragoa». Deialdiak izan duen harrera zabala nabarmendu du, halaber. «Ia sindikatu guztiak gaude; bakarra falta da. Zerbitzu publiko duina izateko lanpostuak egonkortu behar dira, eta orain arteko estrategia ez da zuzena». UGT da lanuzteekin bat egin ez duen sindikatua. Bere garaian esan zuen «deialdi antzua» dela, eta, diagnosian deitzaileekin bat egin arren, ez du uste greba denik arazoak konpontzeko bidea.

Greba dinamikaren gailurra

Sindikatuek hilabeteotan arlo publikoan egindako mobilizazioen garrantzia nabarmendu dute, eta guztiak direla kate beraren katebegiak. «Ez da ahaztu behar pandemia honetan zenbat greba izan ditugun, eta zenbat gehiago beharko ditugun. Hilaren 22koa mobilizazio zerrenda horren gailurra izango da», aurreratu du Berasategik. Izan ere, azken hilabeteetan hainbat lanuzte antolatu dituzte. Martxoaren 4an zaintza sektoreko greba egin zuten, arlo publikoan zein pribatuan, eta iazko irailaren 15ean hezkuntzan, ikasturtea hasi eta berehala.

Pandemian protesta gehien egin duen erakunde publikoa, dena den, Osakidetza izan da. Iazko urrian eta azaroan egun bakarreko greba deialdiak egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta lanuzte orokorra urtarrilaren 28an, Osakidetza da langile gehien batzen dituen euskal erakundea, eta egun hartan 42.600 langile deitu zituzten grebara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.