Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Finlandiako presidentea eta lehen ministroa, NATOn sartzearen alde

Niinistok eta Marinek uste dute herrialdearen segurtasuna «indartu» egingo dela. Gobernuak eta parlamentuak babestu behar dute eskaera. Errusiak «mehatxutzat» hartu du Helsinkiren urratsa
Sanna Marin Finlandiako lehen ministroa, ezkerrean, eta Sauli Niinisto presidentea, eskuinean, otsailean egindako agerraldi batean, Helsinkin.
Sanna Marin Finlandiako lehen ministroa, ezkerrean, eta Sauli Niinisto presidentea, eskuinean, otsailean egindako agerraldi batean, Helsinkin. KIMMO BRANDT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia - Mikel O. Iribar -

2022ko maiatzak 13

Erabaki historiko bat hartu zuten atzo Sauli Niinisto Finlandiako presidenteak eta Sanna Marinek lehen ministroak. Zortzi hamarkadaz lerrokatu gabeko herrialdeen multzoan egon ostean, Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzearen alde agertu dira. «Berandu baino lehen, Finlandiak NATOn sartzeko eskatu behar du», esan zuten biek batera atera zuten oharrean.

Ukrainan otsail amaieran gerra hasi zenetik orain arte, ez dute esan zer jarrera zeukaten gai horren inguruan. Errusiak Ukraina inbaditu izanak kezka eragin du inguruko beste herrialde batzuetan, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen zenbait adierazpenek areagotu egin dute kezka hori. «Errusiaren mehatxua sentitzen dugu, eta ez dut uste mehatxu hori erabat desagertu denik. Finlandiak ez du inoiz egin bere defentsa murrizteko urratsa; segurtasuna oso serio hartu dugu beti. Buru-belarri ari gara geure burua defendatzen. Baina, jakina, gure aliatuekin batera egin nahiko genuke», azaldu zion atzo lehen ministroak BBC hedabideari. Errusiak eta Finlandiak 1.340 kilometroko muga dute.

Finlandian, herrialdearen segurtasuna bi kargudun horien eskumena da, eta, adierazpenean, Niinistok eta Marinek argudiatu zuten segurtasun nazionala «indartu» egingo dela NATOn sartuta, eta, era berean, Finlandia hartan sartzeak «indartu» egingo duela erakunde hori. Horretarako nazioartean eman beharreko pausoak «lehenbailehen» ematea espero dutela ere esan zuten.

Bada, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atzo aurreratu zuen Finlandiak aliantzara batzeko eskatzen badu prozesua «erraza eta azkarra» izango dela, eta nabarmendu zuen Helsinkik aliantza militarraren «babesa» izango lukeela tarte horretan ere.

Herritarren %76, alde

Finlandiako bi agintariek esan zutenez, orain arte itxaron egin dute euren jarrera zein den jakinarazteko, parlamentuak eta gizarteak iritzia argitzea nahi zutelako. Zehazki, Yle telebista kateak duela hiru egun egindako inkesta baten arabera, herritarren %76 aliantza militarrera batzearen alde azaldu dira; 2017tik, 57 puntu egin du gora jarrera horrek.

Finlandiak aliantzan sartzea galdegiteko, gobernuak eta parlamentuak babestu behar dute eskaera lehenik. Hain justu, legebiltzarrean astelehenean hasiko dira gai horri buruz eztabaidatzen; alderdi gehienek, halaber, jendaurrean iragarri dute aliantza militarrera batzearen alde agertuko direla. Aurretik, ordea, larunbatean, Finlandiako lehen ministroaren SDP Alderdi Sozialdemokratak behin betiko jarrera iragarriko du.

Errusiak, berriz, «mehatxutzat» jo du Finlandiaren erabakia, eta NATOren azpiegitura militarra «bere mugetara» eramatea egotzi zion atzo Kremlineko eledun Dmitri Peskovek Helsinkiri. Alde horretatik, Errusiako Defentsa Ministerioak nabarmendu zuen Moskuk erantzun «tekniko eta militarra» emateko atakan ikusiko duela bere burua; besteak beste, adierazi izan du Kaliningradera arma nuklearrak eramatea izan daitekeela mehatxu horri erantzuteko modu bat. Errusiak Polonia eta Lituania artean duen lurraldea da Kaliningrad.

Finlandiaren gisan, Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak Suediaren asmoak eta jarrerak ere aldatu ditu segurtasunaren alorrean. Agintean dagoen SAP Suediako Alderdi Sozialdemokratak igandean erabakiko du NATOko kide izatearen aldekoa den. Bada, Expressen Suediako egunkariak atzo iragarri zuenez, gobernuak asmoa du aliantzarekin bat egiteko eskaera aurkezteko datorren astean. Parlamentuak datorren astelehenean eztabaidatuko du segurtasun arloan egin behar duen erreforma.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, jada sei milioi errefuxiatuk ihes egin dute Ukrainatik otsail amaieratik, NBEk, gainera, atzo salatu zuen mila zibil baino gehiagoren gorpuak aurkitu dituztela Kiev probintziako zenbait hiritan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

NATOko idazkari nagusia, atzo, Suediaren eta Finlandiaren eskariak jaso berritan, Bruselan. ©JOHANNA GERON / EFE

Turkiak oztopatu egin du Finlandia eta Suedia NATOra batzeko lehen pausoa

Mikel O. Iribar

Aliantzak aho batez onetsi behar du eskaria. Mariupolen beste 694 soldadu «errenditu» dira
Bero olde bat pairatz ari dira Pakistanen. Argazkian, pertsona bat beste bati bustitako xukadera bat kopetan, jartzen, herenegu Karatxin. ©EFE

Klima larrialdiarekin lotutako lau adierazlek markak hautsi zituzten iaz

Igor Susaeta

Munduko Meteorologia Erakundearen azken txostenaren datuek «argi» erakusten dute «giza ekintzak ari direla mundu mailan aldaketak eragiten Lurrean, ozeanoan eta atmosferan, eta horiek ondorio kaltegarriak eta iraunkorrak dituztela ekosistemetan eta garapen jasangarrian».

Kenyako Gabra komunitateko artzain bai, lehorteak hildako bere ganaduari begira, joan den urtarrilean. ©Daniel Irungu, EFE

Afrikako Adarrera laguntza bideratzeko beharraz ohartarazi dute, giza hondamendia eragozteko

Gorka Berasategi Otamendi

Oxfam Intermon eta Save The Children gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 23 milioi pertsona daude muturreko gosea pairatzeko arriskuan. Azken 40 urteetako lehorterik gogorrena dute eskualde horretan.

 ©BERRIA

«Oinarrizko eskubideen katalogo berri bat osatu dugu»

Jon Ordoñez Garmendia

Pustilnickek esan du Txileko Konstituzio berriaren zirriborroak gizartearen eskaerei erantzuten diela, eta eskubide sozialetan eta berdintasunean jarri du arreta, baita jatorrizko herrien aitortzan ere

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...