Gerra Ukrainan

Erdoganek «pauso zehatzak» eskatu dizkie Suediari eta Finlandiari

Ankarak esan du NATOn sartzeko «dudazko adierazpen diplomatikoak» alboratzeko. Helsinkik «askoz ere gertuagotik» gainbegiratuko ditu PKKren loturak. Errusiako soldadu bat bizi osorako zigortu dute

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea AKP Justiziaren eta Garapenaren Alderdiko kideak agurtzen, lehengo astean. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Dudazko adierazpen diplomatikoak» bazter uzteko eta «pauso zehatzak» emateko eskatu zien Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzo Suediari eta Finlandiari, Golcuken (Turkia) egindako ekitaldi publiko batean. Eskandinaviako bi herrialde horiek joan den asteazkenean erregistratu zituzten NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko eskaerak, baina Turkia dute oztopo Mendebaldeko aliantzako militarrean sartzeko bidean, hark leporatzen baitie PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta YPG Herriaren Babes Unitateetako —Siriako kurduen miliziak dira— kideak babestea. Biak ala biak «terroristak» dira, Ankararen iritziz.

Erdoganen jarrera zein den ikusita, Helsinkik eta Stockholmek badakite uste baino zailtasun gehiago edukiko dituztela aliantzarekin bat egiteko. Izan ere, aintzat hartu behar daNATOko 30 kideek aho batez onartu behar dituztela egindako eskaerak, sarrera prozesua hasi ahal izateko. Jens Stoltenberg aliantzako idazkari nagusia, dena den, ziur da modua izango dela arazoa konpontzeko.

Finlandiako Atzerri ministro Pekka Haavistoren hitzetan, Turkiaren betoak «zenbait astez» atzeratuko du prozesua. YLE Finlandiako telebista publikoari herenegun adierazi zionez, hartu-emanetan jarraituko dute Turkiarekin, baina «pazientzia» eskatu zuen. «Baikorra» da, nolanahi ere, eta azaldu zuen Ankarari berma diezaiokeela, Erdoganek eskatu bezala, PKK-k herrialdean dituen loturak «askoz ere gertuagotik» gainbegiratuko dituztela. Hori bai, ohartarazpen bat egin zuen: «Alderdi bat argi utzi behar da: erabaki politikoek ezin diote eragin justizia sistemaren funtzionamenduari». Erdoganek Finlandiari eta Suediari eskatu die militante kurduak Turkiara estraditatu ditzatela.

Errusiak Ukraina inbaditu eta gero hartu dute Suediak eta Finlandiak NATOn sartzeko erabakia, eta, gerrarekin lotuta, hain zuzen, Kieveko auzitegi batek bizi osorako zigorra ezarri zion atzo Errusiako armadako soldadu bati, otsailaren 28an armarik ez zuen zibil bat tiroz hiltzea egotzita. Otsailaren 24an inbasioa hasi zenetik epaitu duten aurreneko militarra da. Atzo, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak eguneroko prentsaurrekoan esan zuen soldaduari laguntzen ahaleginduko direla.

Italiaren plana aztertzen

Interfax berri agentziak Errusiako Atzerri ministrorde Andrei Rudenkoren hitzak jasoz atzo jakinarazi zuenez, Kremlin aztertzen ari da Moskuren eta Kieven arteko elkarrizketa bideak errazte aldera Italiak joan den astean NBE Nazio Batuen Erakundean aurkeztutako pausoz pausokako plana.

Gerra frontean, Kieven arabera, Errusiako tropak Donetskeko eskualdetik Luhanskekora iristeko ahaleginean ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.