Adiskideak ez du argi erantzun

Europan saltzen ez duen gasa Txinara bideratu nahi du Putinek, gasbide berri baten bidez. Errusiak dio egingo dela, baina Txinak beste iturri batzuei eutsi nahi die

Vladimir Putin eta Xi Jinping, ostegunean, Samarkandan. SERGEI BOBYLEV- KREMLIN P / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Munduaren erdigunea Asiarantzdoala dioen teoria bere egin du Vladimir Putin Errusiako presidenteak, halabeharrez. Ukrainaren inbasioa dela-eta Mendebaldearekin ziur asko betirako etsaituta, ekialdera begiratzen ari da bere ondasunik preziatuenak saltzeko: gasa eta petrolioa. Harreman estua lortu du Xi Jinping Txinako presidente eta «adiskide maitatuarekin», eta, ostegunean Samarkandan (Uzbekistan) bildu zirenean, berriro ekarri zuen hizpidera Siberian barrena Txinara iritsiko den beste gasbide baten proiektua. Xik konpromiso garbi bat hartuko zuela espero bazuen, huts egin du.

Proiektua aurrera doala ziurtatu du Errusiako Gobernuak, eta bi urte barru eraikitzen hasiko direla dio Mongoliako Gobernuak—bere lurretatik igaroko da—. Xik, ordea, ez du ofizialki oniritzirik eman, ez baitago guztiz garbi Errusiak saldu nahi dion gasa erosi nahi duenik.

Proiektua ez da berri-berria,baina, orain, garrantzia hartu du Putinentzat. Sinbolikoa, batetik, Europari erakutsi nahi baitio ez duela haren beharrik; eta ekonomikoa, bestetik, gasak ematen dion diruaren behar handia baitu Errusiako Estatuak, eta Europari salduko ez dion gasarentzat erosle bat behar baitu.

Zehazki, Siberia mendebaldeko Jamal penintsulako gasa da Txinari saldu nahi diona eta horixe bera da, nagusiki, Europara orain arte bidali duena. Jamaleko gasa Alemaniara iristen zen Nord Stream 1 gasbidetik, baina irailean guztiz itxi du Moskuk, EB zigortzeko Ukrainari ematen dion babesarengatik. Gas horrek bete behar zuen Nord Stream 2 ere, baina Ukrainaren inbasioak luzarorako edo betirako lurperatu du Alemaniako Gobernuak gasbide horri baimena emateko prozesua.

Nord Stream 2k urtean 55.000 milioi metro kubiko gas garraiatzea zen asmoa, eta hori baino pixka bat gutxiago —50.000 milioi metro kubiko— edukiko luke Siberiaren Indarra 2 gasbideak ere. 2.600 kilometro luze izango da, eta Siberia eta Mongoliako mendebaldea zeharkatu ondoren, Barne Mongolia eskualdean sartuko litzateke Txinan, Pekindik ez oso urrun.

Samarkandan, Ukhnaagiin Khurelsukh Mongoliako presidenteak esan du gasbidea babesten duela, baina onartu du azterketa teknikoak eta ekonomikoak egin behar direla aurretik. Iparraldeko eta hegoaldeko auzoekin harreman onak ditu orain Mongoliak, eta gasbidea baliatu nahi du ekonomia garatzeko.

Baina proiektua aurrera egiteko negoziazioak ez dira errazak izango Errusiarentzat, eta energia adituek ez dute espero 2030 arte martxan egotea.

Txina da munduko gas kontsumitzailerik handienetan hirugarrena, AEBen eta Errusiaren ondoren, baina beste bi horiek ez bezala, ez du bere burua hornitzeko nahikoa ekoizten. BPren arabera, 2021ean 209.000 milioi metro kubiko gas ekoiztu zituen (munduko %5,2), eta 378.700 milioi kontsumitu.

2019az geroztik, Errusiako Jakutiatik gasa inportatzen du Siberiaren Indarra 1 izena duen 3.000 kilometroko gasbidetik. Iaz 7.600 milioi metro kubiko jaso zituen hortik, aurten 16.000 milioi izango dira, eta 38.000 milioi izango dira gasbideak goia jotzen duenean, 2025ean. Konparatzeko: iaz 155.000 milioi metro kubiko saldu zizkion EBri.

Gainera, otsailean Pekinek kontratua sinatu zuen Moskurekin beste gasbide bat eraikitzeko, Sakhalin uhartetik (Errusia) Heilongjiang probintziara (Txina). Urtean 10.000 metro kubiko gas garraiatu behar ditu, 2026rako.

Hornitzaile asko

Baina Pekinek ez du Europak egindako oker bera egin nahi, ezta hornitzaile bakar baten mende egon ere. Kontua da Txinak beste hainbat hornitzaile dituela —Asia Erdialdeko errepublikak, Australia, Qatar, AEBak, Indonesia, Papua Ginea Berria...—, eta horri eutsi nahi diola. Gasbide berri bati buruz negoziatzen ari da Turkmenistanekin, eta GNLa jasotzeko kontratu luzeak ditu Qatarrekin eta AEBekin.

Laburbilduz, ez dago oso garbi Txinak beharrezkoa ote duen Errusiak eskaini dion gasa, ez behintzat 2030eko hamarkada amaitu arte. Ordutik aurrera ere ikusi beharko, Txina inbertsio oso handiak egiten ari baita energia berriztagarrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.