Kontsumoan eta industrian eragin du gehien urte amaierako motelaldiak

BPGa %4,4 handitu da 2022an. Lehen erdialdean indartsu aritu da ekonomia, pandemiaren osteko errebotearen ondorioengatik. Gastu publikoa uzkurtu egin da, eta zenbaki gorrietan amaitu du urtea

Kontsumoan eta industrian eragin du gehien urte amaierako motelaldiak.
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak uste baino hobeto uxatu dituzte 2022. urtearen bigarren erdialdean ekonomian agertu diren mamuak. Azken bi hiruhilekoetan, eta bereziki azkenengoan, motelaldia agerikoa izan bada ere, urte amaieran %4,4 handitu da EAEko BPGa. 2021ean baino puntu eta erdi gutxiago da hori, baina pandemia aurreko urteetan baino handiagoa. Horiek hala, hiru lurraldeetako ekonomiak osasun krisiaren aurreko egoerara itzuli dira. Bizkaiak izan du hazkunderik handiena, %4,5ekoa; Arabak, %4,3koa; eta Gipuzkoak, %4,2koa.

Euskal ekonomiarentzat, inguruko gainerakoentzat bezala, urte zaila izan da 2022a. Eustatek emandako datuek agerian uzten duten moduan, urteak bi zati oso ezberdin izan ditu: ekainera artekoa, eta ordutik aurrerakoa. Lehenengo hiruhilekoan, ekonomia %5,8 hazi zen, eta bigarrenean %5; baina hirugarrenean %3,8ra jaitsi zen, eta azkenengoan %2,9ra.

Urtearen lehen erdialdean ekonomia indartsu agertu zen, oraindik pandemiaren osteko errebotearen ondorioak nabari zirelako. Hala, ezohiko hazkunde tasak erregistratu ziren. Bigarren seihilekoa, aldiz, Ukrainako gerrak eta inflazio handiak baldintzatu dute.

Urte amaierako motelaldia, kontsumoan nabaritu da nagusiki, eta modu nabarmenagoan administrazio publikoen gastuan: zenbaki gorrietan amaitu duen arlo bakarra izan da.



Sektore ekonomikoetan, zerbitzuetan gorabeherak izan dira hiruhilekoen artean, eta bereziki azkenengoan. Industrian ere bai. Dena den, urte osoari erreparatuz, pandemia aurreko mailatik gora aritu dira bai zerbitzuak, bai industria.

Enpleguan gutxiago nabaritu dira inflazio handiaren eraginak, hazkundea egonkorra izan da urte osoan, azkenengo hilabetean salbu. Urte osoan, %3,1 handitu da. Hala, 2022an 30.056 lanpostu sortu dira, lanaldi osoko baliokideak. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako 26.000en gainetik eta pandemiaren aurreko enplegu mailatik gora. Sektoreka, zerbitzuetan sortu dira lanpostu gehienak: 25.940. Industrian 3.228 eta eraikuntzan 977.

Urte honi begirako aurreikuspenak okerragoak dira. Eusko Jaurlaritzak kalkulatu du EAEko BPGa %2,1 handituko dela, eta 12.000 lanpostu sortuko direla. Beste erakunde batzuk ezkorragoak dira. Laboral Kutxak, adibidez, %1,3 haztea espero du; eta zuhurragoa da BBVA: %0,8. Izan ere, iazko ekonomia erabat baldintzatu duten arriskuak hor daude oraindik ere: besteak beste, Ukrainako gerra, energia merkatuetako tentsioa, eta inflazio handia eta hari erantzuteko interes tasen igoera.

2022an sektore guztiek bilakaera positiboa izan dute. Zerbitzuenak izan du onena. Urtearen bigarren zatian geldialdia nabaritu duen arren, oro har, % 4,7 hazi da. Zerbitzuen artean, merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren arloa nabarmentzen da —hirurak batera neurtzen ditu Eustatek—: %10,7 handitu da 2022an. Gogoratu behar da pandemiak gogorren jo zuen sektoreetako bat izan zela, mugikortasun debekuengatik. 2021ean bezala, susperraldia izan du 2022an. Baina %11,8 hazkundetik%10,7ra jaitsi da. Gauza bera gertatu da administrazioaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen adarrean: %3tik %1,8ra, eta gainerakoetan %4tik %2,8ra —atal horretan daude higiezinak, jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak—.

Zerbitzuen ondoren, industriak izan du bilakaerarik positiboena: %4,6ko hazkundea. 2021arekin alderatuta, geldialdi txiki bat egon da, puntu eta erdi gehiago hazi baitzen. Aldiz, igoera apalenak eraikuntzan (%2) eta lehen sektorean (%0,8) jaso dira. Azkenengo horrek jaso du kolpe gogorrena.

Inbertsioak ere behera

Baina ekonomian izandako gorabeherak kontsumoan nabaritu dira gehien, urte osoan etenik gabe gora egin duen inflazioagatik. Kontsumoa %3 handitu da, 2021ean baino hiru puntu gutxiago. Gastu pribatuan baino gehiago administrazioarenean nabaritu da, eta urtea zenbaki gorrietan amaitu du. %0,4 murriztu da gastu publikoa 2022an: 2021ean, aldiz, %3,9 handitu zen.

Inbertsioetara ere iritsi da motelaldia:% 4,4 hazi dira, aurreko urtean baino 1,6 puntu gutxiago. Ekipo ondasunetan %6,9ko hazkundea izan da, baina 2021ean %10,9koa izan zen. Bereziki azken hiruhilekoan moteldu da.

Gauza bera gertatu da kanpo merkataritzan. Urteko azkenengo hiru hilabeteetan esportazioen eta inportazioen balio erantsiak erdira murriztu dira. Urte osoko emaitzetan, esportazioek %10,2ko hazkundea izan dute, 2021ean baino 2,5 puntu gutxiago. Inportazioen hazkundea %11,6tik %7,5era jaitsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.