Genovan urtebeteko larrialdi egoera ezarri du gobernuak zubibidearen egoera dela eta

Italiako gobernuak kontsezioa kendu dio azpiegitura kudeatzen zuen enpresari. Erreskate lanak bertan behera utzi dituzte zutabe bat erortzeko arriskuagatik

Salbamendu taldeak, atzo, zubibidearen hondakinen inguruan lanean. Morandi zubibidea 45 metro garai eta kilometro bat luze zen. ALESSANDRO DI MARCO / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ferragosto opor egun nazionala egun beltz baten biharamunbihurtu zen atzo Italian. Genovako Morandi zubibidearen erroizteak luzaroan emango du zeresana, baina, atzo, artean errepidea amildegi bat baino ez zela, herritar guztien ahotan zegoen ezbeharra. Giuseppe Conte lehen ministroak gobernuaren premiazko bilera egin zuen atzo, eta hirian hamabi hilabetez larrialdi egoera ezarriko dutela jakinarazi zuen. Zubibidean premiazko lanak egiteko bost milioi euro jarriko ditu gobernuak Genovan.

Italiako Gobernuak, bezperan eskatutako erantzukizunetatik harago, neurri zehatzak hartu ditu. Kritikak isilarazteko, plan bat iragarri du: Marshall plana. Contek jakinarazi du azpiegitura guztiak ikuskatuko dituztela «asko 50eko eta 70eko urteetan eraikiak» direlako eta «nolabaiteko narriadura» dutelako.

Autostraderi, zubibidea kudeatzen zuen enpresari, kontzesioa kentzeko tramiteak ere hasi ditugobernuak. Luigi di Maiok iragarri du prozedura abian dela. Danilo Toninelli Garraio ministroaren hitzak berretsi ditu presidenteordeak. Toninelli, hala ere, zurrunago jokatzeko prest agertu da, enpresari 150 milioi euroko zigorra ezartzea ere aztertzen ari direla zehaztu baitu. Autostradeko arduradunen dimisioa ere exijitu du ministroak: «Herrialde zibilizatu batean ezin zaitezke hil zubi bat behera etorrita; justifikaezina den tragedia honen erantzuleak zigortuak izan behar dute». Toninellik autobideak kudeatzen dituzten enpresak ere kritikatu ditu, haren esanetan, «milioika mila euro» poltsikoratzen dituztelako «zergatan milioi gutxi batzuk ordainduz» eta «beharrezkoa den mantentzea egin gabe».

Autostraden erantzuna

Autostradek, bezperan bezala, ohar bat kaleratu zuen atzo, kritikak isilarazte aldera. Enpresak berretsi egin du egitura indartzeko lanak egin berri zituztela, eta, gaineratu du, «aldizkako kontrolak» egiten zirela «arautegia betez». Aditu talde «oso kualifikatuek» ikuskaritza lanak egiten zituztela ere azaldu dute enpresako arduradunek. Stefano Mariglini zuzendariak berretsi du ez zegoela «inongo zantzurik» horrelakorik gertatuko zela pentsatzeko, eta, hortaz, ez dutela «hipotesi bakar bat ere baztertzen». Instituzioen eskura beharrezkoa den guztia jartzen ari da enpresa ezbeharraren arrazoia argitzeko.

Genovako Fiskaltzak jada ikerketa abiatu du. Francesco Cozzi fiskal nagusiak uste du«giza akats» batek eragin zuela ezbeharra, eta, bide horretan, ikerketak galdera bakar bati erantzutea espero du: «Zergatik gertatu da? Hori argitzea da gure helburua».

Zubibidearen egoeraren inguruko eztabaida, bien bitartean, gero eta gehiago tenkatu da. Ugari dira azpiegituraren egoera auzitan jarri duten adituak. Antonio Brancich ingeniariak duela bi urte esan zuen «ingeniariaren porrot bat» zela, eta ohartarazi zuen akatsak zituela: «Material ahulekin eraikia zen zubia, eta azken urteotan etengabeko mantentzea behar izan du». Piergiorgio Malerba Milango Unibertsitateko irakasleak azaldu du «duela 50 urteko irizpideen arabera» eraikitako azpiegitura zela eta «porlanak tirakaien altzairuari eutsiko ziola» pentsatzen bazen ere, «altzairua higatu eta herdoildu egiten dela».

Eztabaida herrialde osoko errepideen egoerara zabaldu da. Datu kezkagarriak helarazi dituzte komunikabideek: azken bost urtetan bost zubi erori dira Italian. Massimo Mariani Ingeniarien Kontseilu Nazionaleko ordezkariaren hitzetan «mantentzeaurria delako eta materialak eskasak» direlako gertatu da hori. Settimo Martinello ikuskatzailearen iritziz, hainbat zubi daude erortzeko arriskuan. Antonio Occhiuzzi Eraikuntza Teknologikoaren Institutuko zuzendariaren arabera, berriz, zubi askok gainditu egin dute epea.

Erreskate lanak

Morandi zubibidea 1963. eta 1967. urteen bitartean eraiki zuten, eta garai hartako ingeniari lan ikonikoetako bat izan zen: 45 metro garai eta 1.182 metro luze zen, asteartean 215 metroko zati bat erori zen arte. Urtean, 25 milioi autok zeharkatzen zuten zubibidea; Frantziako mugatik iristen den A-10 autobidea Milanera doan A-7arekin lotzen du.

Salbamendu taldeek, bestalde, bertan behera utzi zituzten atzo zubibidean egiten ari ziren lanak. Suhiltzaileek goizean goiz ohartarazi zuten zutabeetako bat erortzeko arriskua zegoela. Eroritako autobide zatiaren inguruan bizi diren 630 lagunak, bien bitartean, etxetik kanpo daude oraindik, eta 11 etxebizitza ere hustu dituzte.

Marco Bucci Genovako alkatea ere kezkatuta agertu da: «Ez dakit zubiaren azpiko etxeek zutik eutsiko dioten. Zaila izango da, seguruenik zutik geratzen diren zubibidearen zatiak bota egin beharko direlako». Udalak aterpea emango die etxerik gabe geratu direnei. Horretaz gainera, alkateak ohartarazi du ibaira eroritako autobidearen zatiak handik atera beharko direla euriteak heldu aurretik, horrela egin ezean ibaiak gainezka egin dezakeelako.

Hildakoen kopuruak, bien bitartean, gora egin duela jakinarazi dute. Gobernuko iturriek atzo zehaztu zuten 39 izan zirela hildakoak; tartean, 13, 12, eta 8 urteko hiru haur. Zauritutako lagunak, berriz, 16 dira. Horietatik 12 larri daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.