Japonia berriro hasiko da helburu komertzialekin baleak harrapatzen

Balea Arrantzarako Nazioarteko Batzordearen behin-behineko debekua hautsi du Tokiok. Oraingoz ez du ezarri arrantza kuotarik. Arrazoi ekonomikoengatik eta kulturalengatik hartu du erabakia.

Beharginak Minke balea ale bat deskargatzen, joan den urteko irailaren 4an Kushiroko portuan (Japonia). JIJI PRESS/ EFE.
Igor Susaeta.
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Azken hiru hamarkadetan, «helburu zientifikoarekin» harrapatu izan ditu baleak Japoniak. Hala justifikatu izan du, behintzat. Baina datorren uztailetik aurrera salerosketarako arrantzatuko ditu, berriro, bere uretan. Hori iragarri zuen Japoniako Gobernuak atzo. Beraz, Islandiak eta Norvegiak duela urte batzuk egin bezala, Tokiok ere hautsi du IWC Balea Arrantzarako Nazioarteko Batzordeak 1986an ezarritako behin-behineko debekua. Gobernuak argudiatu du debekua bertan behera utzi eta «arrantza jasangarria» egiteko neurriak proposatu zizkiola IWCri batzordearen azken bileran, joan den irailean, baina hark ez zituela kontuan hartu. Azken hamarkadetan nabarmen egin du behera balearen kontsumoak Japonian, baina historikoki zetazeo horiek harrapatu izan dituzte hango arrantzaleek. Arrazoi kulturalak eta ekonomikoak argudiatuta hartu du erabakia Shinzo Aberen gobernuak.

Itsasoetako ekosistemak eta, bide batez, baleak babesteko asmoz, hainbat estatuk IWC eratu zuten, 1946an. Japonia 1951tik izan da kide, baina ateratzea erabaki du —gaur egun, 88 estatuk osatzen dute—. Inoiz ez da ados egon debekuarekin, argudiaturik IWCren batzorde zientifikoak ez zuela erabakia babesten. Hortaz, askotan eduki du IWCtik ateratzeko asmoa. Hainbat elkarte animalistak azken urteotan salatu izan dutenez, «helburu zientifikoa» aitzakia bat baino ez zen baleak helburu komertzialetarako baliatzeko. Japoniako arrandegietan balea saltzen jarraitu dute.

1987az geroztik, Antartikako uretan harrapatu izan dituzte baleak Japoniako ontziek. 2010ean, Australiako eta Zeelanda Berriko gobernuek horren kontrako salaketa jarri zuten, Japoniako ontziek helburu zientifikorik ez zutelakoan. Eta, 2014an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak arrazoi eman zien, ur horietan baleak harrapatzea debekatu baitzion Japoniari. Baina segitu izan du, nahiz eta kopurua murriztu duen. 1987az geroztik, milaka balea harrapatu ditu Antartikan —azken urteotan, 600 bat—. Tokiok jakinarazi du Antartikan baleak arrantzatzeari utziko diola, eta, hortaz, Australiak eta Zeelanda Berriak gogo onez hartu dute berria; baita Sea Shepard talde ekologistak ere, iruditzen baitzaio baleen babesleku bat sortu ahal izango dutela han.

Eta ikusteko dago erabakiak zenbateraino eragingo dion Japoniako ekonomiari, munduko hirugarrenari. «Berriro komertzialki harrapatzen hastearen ondorioz, espero dugu zenbait komunitate biziberritzea», adierazi zuen Takamori Yoshikawa Nekazaritza eta Arrantza ministroak atzo. Japoniako Asahi Shimbun egunkariaren arabera, herrialdean saltzen den haragi guztiaren artean %0,1 besterik ez da balearena. Bigarren Mundu Gerraren ondorenak eragindako elikagai eskasiak gorakada bat ekarri zuen balearen kontsumoan, eta 1962an 230.000 tona jan zituzten japoniarrek. Azken urteotan, ordea, nabarmen egin du behera kontsumoak, eta, egun, 5.000 tona inguru jaten dituzte urtean.

Japoniak ez du ezarri baleak arrantzatzeko kuotarik. Hideki Moronuki Japoniako Arrantza Agentziaren funtzionarioaren hitzetan, «parametro zientifikoetan» oinarrituko dira hori zehazteko. Konparazio batera, aurten 1.298 balea harrapatzeko baimena eduki zuten Norvegiako ontziek —iaz baino %28 gehiago—, eta Islandiakoek, berriz, 193 harrapatu ahal izan dituzte gehienez. Gehiena Japoniara esportatu zuten, hain zuzen ere. Islandiak 350.000 biztanle inguru ditu, eta Japoniak, 125 milioi inguru.

«Populismoaren ikur»

Mundu osoko ekologistek kritikatu dute Japoniaren erabakia, baina etxean ere auzitan jarri dute Aberen gobernuaren hautua. Japan Times egunkariak Yuichi Hosoya politologoaren hitzak jaso ditu: haren esanetan, Japoniari leporatu diezaiokete nazioarteko akordio batetik atera izana, AEBei klima aldaketaren kontrako itunetik ateratzea leporatu izan zaion bezala. Areago joan da politologoa, pentsatzen baitu munduan hedatutako «populismo olatuaren ikur» dela Japoniak hartutako erabakia. «Hainbat gaitan, brexit-a barne, zailagoa izango da nazioarteko adostasuna lortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.