Kongoko Errepublika Demokratikoa. Hauteskundeak

1,2 milioi herritar gabekoak

Bi urteko atzerapenarekin egingo dituzte Kabila presidentea ordezkatzeko bozak, bihar. Segurtasun arrazoiak argudiatuta, oposizioaren gotorleku diren hiru probintziatan martxoan dira bozkatzekoak

1,2 milioi herritar gabekoak.
Igor Susaeta.
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Bi urte pasako atzerapenarekin, baina, azkenean, Kongoko Errepublika Demokratikoan bihar dira presidentetzarako hauteskundeak egitekoak, eta, horrenbestez, Joseph Kabilaren ordezkoa aukeratzekoak. Dena dela, ekinaldiak badu zerbait ezohikoa. 40 milioi kongoarrek dute bozkatzeko eskubidea, baina horietatik 1,2 milioik ezin izango dute botoa eman. Herrialdeko hiru probintziatan martxora arte atzeratu ditu bozak CENI Hauteskunde Batzorde Nazional Independenteak, osasun eta segurtasun arrazoiak argudiatuta. Inoizko ebola izurriterik larrienetan bigarrena ari dira pairatzen ekialdean, Ipar Kivu probintzian —350 bat hildako eragin ditu—, eta, gainera, azken asteotan dozenaka pertsona hil dira etnien arteko borroketan. Mendebaldeko Mai-Ndombe probintzian ere istiluak izan dira etnien artean, eta ehundik gora herritar hil dituzte. Beni, Butembo eta Yumbi hiriei eragingo die neurriak, eta, hain zuzen, oposizioaren gotorlekuak dira hirurak.

Boterean ia hemezortzi urte igaro eta gero, Kabilak lekukoa eman beharko du, presidente berak hiru agintaldi egitea debekatzen baitu konstituzioak. Barne ministro izandako Emmanuel Ramazani Shadary da hautagai ofizialista, eta agindu du irabaziz gero «Kabilaren ondarea» defendatuko duela. Baliabide naturalei dagokienez, munduko herrialderik aberatsenetakoa da 1885etik 1960ra arte Belgikaren kolonia izandakoa, baina hango herritarrak munduko txiroenetakoak dira. 1996 eta 2003 arteko bi gerra zibilak izan dira II. Mundu Gerraz geroztik biktima gehien eragin duten gatazkak.

Guztira 21 presidentegai daude, baina bi dira Shadaryrekin lehiatzeko moduan daudenak: batetik, Martin Fayulu petrolioaren magnatea; eta, bestetik, Felix Tshisekedi, Etienne Tshisekedi politikari historikoaren semea.

CENIk duela hiru egun hartutako erabakia kritikatu zuen atzo Fayuluk, Twitter bidez: «Ebolaren aitzakia engainagarria da, eremu horietan kanpainako ekitaldiak egin baitira. Inkesten egia bahitzeko beste estrategia bat da». Izan ere, New Yorkeko Unibertsitateko Kongori Buruzko Ikerketa taldeak atzo argitaratutako inkesta baten arabera, petrolioaren magnateak irabaziko ditu bozak (%44), Tshisekediri hogei punturen aldea aterata. Tshisekedik, bestalde, bozkatzeko CENIk jarri dituen makina elektronikoak izan ditu ahoan, eta balizko iruzurra iradoki du. «Makinak tranpa egiteko erabiliz gero, [bozketa] ez da ondo joango».

Arriskatzen ari dena CENI da. Aurreikusi duen egutegiaren arabera, datorren urtarrilaren 15ean jakinaraziko ditu emaitzak, eta presidente berriak hiru egun geroago egingo du karguaren zina. Baina hiru probintziatan martxoan dira bozkatzekoak, eta horrek emaitza alda dezake. Horri buruz galdetuta, CENIko kide batek ez du azalpen argirik eman: «Ez du eraginik izango, errolda 40 milioikoa delako. Ez dut uste 1,2 milioik emaitzak aldatuko dituztenik». Beniko elkarte zibil bateko koordinatzaileak Efe berri agentziari adierazi dio erabakia ez dela «normala». Eta erabakiak protestak eragin ditu Kongo ekialdean. Herenegun Benin egindako protestetan, segurtasun indarrek airera tiro egin zuten, eta negar gasa bota, manifestazioak sakabanatze aldera. Reuters berri agentziaren arabera, manifestari talde bat CENIren bulegoan sartzen ahalegindu zen, eta batzuek ebolaren isolamendu zentro bat arpilatu zuten; horren ondorioz, 24 gaixok alde egin zuten handik. Atzo, greba orokorra egin zuten Benin.

Ia bi urteren ondoren, joan den igandean ziren egitekoak hauteskundeak, baina atzeratu egin behar izan zituzten. CENIren esanetan, bozkatzeko materialaren banaketan gertatutako atzerapenek behartu zituen erabakia hartzera.

EBren enbaxadorea

Bart Ouvry EB Europako Batasunak Kongon duen enbaxadorea kaleratu du gobernuak. Giza eskubideak urratzeagatik Shadary hautagaia zigortu zuen iaz EBk —EBra bidaiatzeko debekua eta diru kontuen blokeoa—, eta zigor horiek berretsi zituen hilaren 10ean, Kongok eskatu zion arren horiek bertan behera uzteko bozak igaro arte. Erabakia kritikatu du Bruselak. Guztira nazioarteko 270.000 bat behatzaile egongo dira hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.