Einsteinek irudikatu gisakoak

Zulo beltz baten lehen argazkia egitea lortu du EHT teleskopioak: M87 galaxiaren erdian dago

Mareki Homnma Tokioko behatoki astronomiko kidea, zulo beltzari buruzko azalpenak ematen, atzo. FRANCK ROBICHON / EFE.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Zulo beltz bati inoiz egindako lehen argazkia erakutsi zuten atzo, munduko hainbat hiritan aldi berean egindako agerraldi batean. Mesier 87 (M87) galaxiaren erdigunean dago, Lurra planetatik 55 milioi argi urtera. Orain arte erabili diren irudiak simulazioak izan dira. Beraz, historikoa izan da atzo erakutsitakoa. «Ez da gehiago irudikatu beharrik egongo. Ikusten ari garena, estreinakoz, benetako zulo beltz bat da», ohartarazi zuen Carlos Moedas Europako Batasuneko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako komisarioak, Bruselan.

Zehatz esateko, argazkian ikusten dena ez da zulo beltza bera. Ezin dira ikusi. Sortzen duten eremu grabitatorioa hain da indartsua, argiak ere ezin baitu eremu horretatik ihes egin. Zulo beltzaren inguruan dagoen gasak ahalbidetzen du, ordea, haren silueta atzematea. Irensten duen gasa milioika gradu berotzen da, eta distiratsu bihurtzen da. Hori da argazkian ikusten den eraztuna. Eta argitasun hori da EHT Gertakizunen Ortzimuga Teleskopio taldeko zortzi irrati teleskopioek bost egunetan etengabe hartu dutena, atzo ikusitako argazkia sortzeko. Erdigunean silueta ilun bat ikusten da: zulo beltzaren itzala da.

Ikertzaileak «harrituta» agertu dira benetako argazkian ikusitakoak «izugarrizko antza» duelako eurek orain arte irudikatu dutenarekin. Albert Einsteinek iragarri zuen unibertsoan bazirela zulo beltzak, eta horien formak eta tamainak nolakoa behar zuen ere aurreratu zuen, erlatibitatearen teoria erabilita. Zulo beltz bat lehenengoz ikusi ahal izateak, hain zuzen, Einsteinek egindako ekuazioak eta iragarpenak berresteko balio izan du. Duela mende bat egindako ekuazio horien arabera, grabitate indarrak espazio-denbora distortsionatu dezake, eta zulo beltzak gertakari ortzimuga batean ezkutatzen dira. Muga horretatik aurrera, zulo beltzaren erakarpen indarra saihetsezina da. Gertakarien ortzimuga hori ikus daiteke argazkian; hau da, eraztun distiratsua. EHTko zuzendari zientifiko Heino Galckek azaldu zuen itzal horrek zulo beltzaren masa neurtzeko aukera eman diela: eguzkiak baino 6.500 milioi aldiz masa handiagoa dauka.

Zortzi teleskopio batera

Bi urteko ikerketa lanaren emaitza izan da argazki historiko hori, eta, hari esker, posible izan da muturreko dentsitate altua duten objektu kosmiko horiei estreinakoz zuzenean behatzea. Zulo beltz bat ikusteko, Lurraren tamainako teleskopio bat behar litzateke. Ezinezkoa da hori lortzea. Beraz, hori ordezkatzen duena da EHT: planetako zortzi lekutan dauden beste hainbeste teleskopio koordinatu. Zortziek batera, planetaren tamaina izango lukeen bakar baten lana egiten dute. Erloju atomiko bidez sinkronizatzen dituzte. Elkarrekin, Parisko kafetegi batetik New Yorken dagoen egunkari bat irakurtzeko behar den besteko bereizmena lortzen dute. Dena den, ez dute hartzen planetaren eremu osoa. Hala, adimen artifiziala erabilita, argazki ahalik eta egiazkoena osatzeko falta ziren datuak sortu behar izan dituzte. Beraz, ez da guztiz argazki bat.

EHTko teleskopio horiek bi zulo beltzi behatzen hasi ziren 2017an: bata, Sagitario A* galaxian dago, eta bestea, haren ondoko M87 galaxian. Atzo bigarren horren argazkia erakutsi zuten. Bi urte behar izan dituzte lortutako datuak —lau milioi gigabyte—prozesatu eta argazkia sortzeko. 200 zientzialari ibili dira horretan. Beste zulo beltzaren kasuan, zailtasun teknikoak izan dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.