Muga fisikorik gabeko aduana bat proposatu du Johnsonek Irlandarako

Erresuma Batuko lehen ministroak 'brexit'-erako plana aurkeztu dio Europako Batasunari. Ipar Irlanda aduana batasunetik atera arren, Johnsonek dio bere sistemak kontrolak eragotziko dituela

Boris Johnson Alderdi Konsterbadorearen konferentzian, atzo, Manchesterren. STEFAN ROUSSEAU / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreak atzo bukatu zuen urteroko konferentzia, Manchesterren (Ingalaterra), eta Boris Johnson alderdiko buru eta gobernuko lehen ministroak azken egunerako utzi zuen brexit-aren korapiloa askatzeko egitekoa zuen proposamena. «Gauzatu dezagun brexit-a urriaren 31n», erran zuen Johnsonek konferentzia bukatzeko eman zuen hitzaldian. Horretarako, legez behartuta dago EB Europako Batasunarekin akordio bat egitera, eta bi aldeek desadostasun handiena Irlanda banatzen duen mugan ezarri beharreko erregimenean dute. Honako hau proposatu dio Bruselari: Ipar Irlanda EBko aduana batasunetik ateratzea, baina hori bermatzeko muga fisikorik ezarri gabe; eta Ipar Irlandak EBren merkatu komunean jarraitzea, gutxienez 2025era arte.

Johnsonen proposamenak backstop delako protokoloa ordezkatu nahi du, eta badaezpadako neurri bat da; hau da, indarrean sartuko litzateke adostutako brexit-a gertatu ondoren Erresuma Batuak eta EBk bi urteren buruan etorkizunerako harremana finkatuko ez balute. Johnsonek Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko jarduneko presidenteari eskutitz bat bidali zion atzo aldaketak azaltzeko, eta Erresuma Batuko Gobernuak zazpi orrialdeko «azalpen agiria» argitaratu zuen xehetasun gehiagorekin —dokumentu ofiziala, negoziazio taldeek aztertuko dutena, ez dute argitaratu—.

Funtsean, modu batera edo bertzera, Johnsonek bi muga ezartzea proposatu du. Hau da, alde batetik, Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean mugituko diren merkataritzarako gaiak kontrolatzeko; eta, bertzetik, Britainia Handitik Ipar Irlandara igaroko diren elikagai produktuek eta manufakturek EBko legea betetzen dutela ziurtatzeko. Johnsonek bermatu nahi duena da Erresuma Batu osoa aduana batasunetik aterako dela, hartara bere kabuz merkataritza itun berriak negoziatzen hasi ahal izateko —ezinen luke hori egin aduana batasunean geldituta—. Mugako erregimen hori 2021etik 2025eraino ezarriko litzateke, eta lau urtean behin berritzea erabaki ahalko lukete bi aldeek.

Puntu labainkorrena kontrolena da, baina, Erresuma Batuko Gobernuaren arabera, ez lirateke mugako zirkulazio librea oztopatuko luketen «hesi fisikoak» eta kontrolak paratu beharko Irlandan. «Aduanako prozesu guztiek Erresuma Batuko eta EBko aduanetako erregimenak betetzen dituztela elektronikoki ziurtatuko da, eta beharrezkoak izanen diren kontrol fisikoak merkatarien egoitzetan edo hornikuntza katearen bertze puntu batzuetan eginen dira», azaldu du Erresuma Batuko Gobernuak atzo argitaratu zuen agirian. Gainera, adierazi du bai Londresek berak, bai EBk adierazpen bat egin beharko luketela Irlandan berriz ere kontrol postu finkorik ez dela egonen errateko.

«Funtsean kontrolen izaerari buruzko eztabaida tekniko bat den honengatik akordio bat egiten huts eginen bagenu, teknologia etengabe hobetzen ari denean, orduan zalantzarik gabe akordiorik ez egitea litzateke alternatiba», erran zuen Johnsonek alderdiaren konferentzian.

Adierazpen horiek aditu ondoren, Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak erantzun zion mugako kontrolei buruzkoa «eztabaida tekniko bat baino zerbait gehiago» dela. DUP Alderdi Demokratiko Unionistak, Ipar Irlandako Parlamentuko indar nagusiak, ontzat jo du Johnsonen proposamena. Kontserbadoreek DUPi esker dute gehiengo osoa Komunen Ganberan, eta backstop protokoloaren aurka dago DUP.

Ipar Irlandako Parlamentuko bigarren indarra, ordea, Sinn Fein errepublikanoa, guztiz kontra agertu da. Puntu batek kezkatu du bereziki, Johnsonek proposatu baitu Londresek EBrekin Irlandari buruz hitzartuko lituzkeen erabakiek Ipar Irlandako Gobernuaren eta parlamentuaren oniritzia beharko luketela. «Horrek DUPi betorako ahalmena ematen dio», salatu zuen Michelle O'Neill Sinn Feinen buruzagiordeak.O'Neillen ustez, Johnsonen proposamenak ez du Ostiral Santuko Akordioa errespetatzen, eta hilaren 31n Erresuma Batuak EB akordiorik gabe uzteko «bidea prestatzen du».

«Aitzinamendu baikorrak»

EBk, ordea, ez du hain ezkor erreakzionatu. Junckerrek adierazi zuen proposamenak «aitzinamendu baikorrak» dituela, baina baita «arazoak sortzen dituzten puntuak» ere. «Batzordeak testu legala modu objektiboan aztertuko du orain, ezagun dituen irizpideekin». EBko estatuetako agintari gorenak elkartzen dituen Europar Kontseilua bi aste barru elkartuko da brexit-ari buruz erabaki bat hartzeko. Erresuma Batuko Komunen Ganberak joan den hilean onartu zuen lege baten arabera, Johnsonek hilaren 19rako EB uzteko akordiorik egin ez badu Bruselarekin, brexit-erako data gibelatzeko eskatu beharko dio batasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.