Turkiak jakinarazi du amaitu dituela Rojavako operazio militarraren prestaketak

Ankarak Washingtoni erantzun dio ez duela «mehatxuen arabera jarduten», zigorrei erreferentzia eginez. Trump Erdoganekin batzartuko da azaroaren 13an

Serekaniyeko base militarra herenegun utzi zuten AEBetako soldaduek; ordukoa da irudia. Bart gauean Turkiako indarrek bonbardatu zuten puntu hori. AZAV EVDIKE.
Ander Perez Zala - Mikel P. Ansa
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuen (AEB) jarreraren inguruan zalantzak dauden arren, eta Trumpen erabakiaren aurkako presioa handitzen ari den arren, Turkiak erasoaldiari eusteko asmoa berretsi du. Recep Tayyip Erdogan presidenteak lortua du AEBetako soldaduak erretiratzeko agindua, eta Turkiako Defentsa Ministerioak atzo jakinarazi zuen amaitu dituelaSiriako Kurdistanen sartzeko prestaketak. Siria barruan, Ankararen aliatu den Siriako Armada Askeak ere (FSA) mobilizazioak abiatu ditu, Rojavako sei milioi zibilei mezu bat helarazita: «Itzul zaitezte etxera. Guk bakea eta bizitza duina besterik ez dugu nahi. Ez zaitezte talde kriminalbaten soldadu izan, gure armek ez zaitzaten atzeman», adierazi zuen Salim Idris FSAren jeneralak. Siriako Indar Demokratikoak (SDF) koalizio militarrak —kurduen miliziak dira nagusi horren barruan— ohartarazi du jihadistak direla FSAko kide gehienak.

Donald Trump AEBetako presidenteak herenegun jakinarazi zuen soldadu estatubatuarrak erretiratzen hasiko zirela Siriaren eta Turkiaren arteko mugatik. Eta Pentagonoak atzo berretsi zuen soldaduak mugatik aldendu dituztela, baina Sirian jarraitzen dutela, hegoalderago. AEBetako Defentsa Ministerioa eta Pentagonoa kritiko agertu dira Turkiarekin. Siriaren eta Turkiaren artean «segurtasun eremu bat» ezartzearen alde egin duten arren, deitoratu dute Turkiak «alde bakarrez» erabaki duela erasoari ekitea. AEBen erretiratze horrek Ankarako indarren inbasio baten aurrean bakarrik utziko ditu SDF eta kurduak. Baina, aldi berean, Pentagonoak adierazi du SDFren aliatu izaten jarraitzen duela. Diplomaziaren eta presio mugimenduen orduak dira orain. SDFk atzo jakinarazi zuen mugako postu bat bonbardatu zuela Turkiak Sirian, baina ez zutela inor zauritu. Erredakzio hau ixteko orduan ez zen berri gehiago.

Trumpek atzo jarrera leunagoa agertu zuen, eta, Twitter sare sozialaren bidez, teorian kurduen aldekoa den mezu bat zabaldu zuen, baina horrek praktikan zer esan nahi duen zehaztu gabe: «Siriatik ateratzeko prozesuan gaude, baina inolaz ere ez ditugu kurduak abandonatu. Pertsona bereziak eta borrokalari ikaragarriak dira». Gogorarazi zuen kurduei finantzaketa eta armak ematen dizkietela, iradokiz hori izango dela hemendik aurrera jasoko duten babes bakarra.

SDFk, berriz, atzo jakinarazi zuen Siriako eta Errusiako gobernuekin batzartuko dela, Turkiaren erasoaldiaren aurrean irtenbide bat adosteko. Baina ikusteko dago kurduak Siriako armadarekin elkartuko diren, Baxar al-Assad Siriako presidenteak hainbatetan esan baitu ez duela autonomiarik nahi Siriako Kurdistanen.

Trumpek ere badirudi jarrera gogorragoa erakutsiko duela Turkiarekin, edo erakutsi nahi izan duela. Inbasioa gerta daitekeela onartu du, baina atzo ohartarazi zion zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola erasoa gauzatzean «mugarik gainditzen» badu —azaroaren 13an batzartuko da Erdoganekin, Washingtonen—.

Erretorikaren borrokan, Fuat Oktay Turkiako presidenteordeak erantzun zion ez dutela «mehatxuen arabera jarduten», eta orain helburu dutela Eufrates ibaiaren ekialdean «eremu seguru bat» sortzea: «Turkiak ez du onartuko beldurrezko korridorerik bere mugen inguruan».

Ankararentzat, bere segurtasuna mehatxatzen duten «talde terroristak» dira Siriako kurduen miliziak, mugatik iparraldera borroka egiten duen Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) adar edo aliatutzat baitauzka. Justifikazio hori hartuta inbaditu zuen iaz Afrin barrutia, eta azken egunetan Siria eta Iraken arteko muga bonbardatu dute, kurduak Irakeko partetik sar ez daitezen.

Jihadista presoekin zer egin

Urteotan SDFk harrapatu eta kartzelatu dituen EIko jihadistekin zer egin da Turkiaren inbasioak mahai gainean jarri duen beste auzietako bat. Etxe Zuriak atzo adierazi zuenez, Ankara arduratuko da horietaz, baina bi aldeek iraganean izan duten harremanak zalantzan jarri du aukera hori. SDFrentzat, berriz, momentu honetan, preso horiez arduratzea «bigarren mailako lehentasun bat» izango da, Mazloum Kobani Abdi jeneralak AEBetako NBC katean ohartarazi zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.