LGTBI kolektiboaren aurkako lege berriak hautsak harrotu ditu EBn

Batasuneko hamasei kidek diskriminazioa borrokatzeko eta eskubideak defendatzeko beharra azaldu dute. Hungariak uko egin dio legedia atzera botatzeari, «adingabeak babesten» dituela argudiatuta

Orban (ezkerretik bigarrena) hainbat mandatarirekin hitz egiten, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Hungariako Parlamentuak onartutako «pedofilo homosexualen aurkako legeak» beste krisi bat sortu du EB Europako Batasunaren barruan. Estatu kideen arteko goi bilera hasi aurretik, hamasei gobernuburu eta estatuburuk gutun bateratu bat bidali zieten atzo Batasuneko hiru instituzio nagusietako presidenteei, homosexualen eta transexualen aurkako «diskriminazioa borrokatzen» eta «oinarrizko eskubideak defendatzen» jarraituko dutela esanez, eta legearen aurka «tresna guztiak» erabiltzeko eskatuz. Hungariako lehen ministro Viktor Orbanen erantzuna, ordea, argia izan da: «Legea argitaratuta dago».

Neurriaren aurkako manifestuaren sinatzaileen artean daude Alemaniako kantziler Angela Merkel, Frantziako presidente Emmanuel Macron, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez eta Italiako lehen ministro Mario Draghi. Baita Belgikako, Herbehereetako, Luxenburgoko, Greziako, Danimarkako, Estoniako, Finlandiako, Letoniako, Irlandako eta Suediako lehen ministroak, eta Zipreko eta Maltako presidenteak ere.

Haien ustez, Hungariak hartutako erabakia «oinarrizko eskubideen aurkako mehatxu bat» da, eta adierazpen askatasunaren kontrakoa. Hori dela eta, EBren Hitzarmenaren bigarren artikuluan ezarritako «oinarrizko balio komunekiko konpromisoa» adierazi dute. Artikulu horrek erreferentzia egiten die giza duintasunari, askatasunari, berdintasuna eta giza eskubideen errespetuari, besteak beste.

Beraz, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyeni, Europako Parlamentuko buru David Sassoliri, eta Portugalgo lehen ministro eta EBko Kontseiluko presidente Antonio Costari zuzendutako mezuan, Europako «gizarte askotariko eta tolerantea» defendatzeko eskatu diete.

Oso bestelakoa da, baina, Orbanen jarrera. Goi bilera hasi aurretik, uko egin zion atzera egiteko aukerari, «askatasunaren aldeko borrokalari bat» dela esanez. «Adingabekoen eskubideak babesten ditu, gurasoen eskubideak bermatzen, eta ez du eraginik 18 urte baino gehiago dituztenen sexu orientazioan. Beraz, ez du elementu diskriminatzailerik», azaldu du Hungariako Gobernuak komunikatu batean. Hori, baina, «aitzakia bat» besterik ez da, Batasuneko gobernu gehienen iritziz. Baita NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresentzat ere; «onartezintzat» jo du: «Diskriminazioa ez da onargarria, egoera edozein dela ere».

Legediaren tramitazioak eta onarpenak Orbanen Fidesz alderdi ultrakontserbadorea izan du protagonista. Hark osatutako gobernuak proposatu zuen, parlamentuan duen gehiengo osoak onartu, eta alderdi bereko Janos Ader presidenteak sinatu. Azken pauso hori herenegun eman zuen Aderrek, eta jada martxan dago legea.

Pedofiliaren aurka egiteko pauso gisa saldu zuen Hungariako Gobernuak, eta biltzen dituen neurrien artean daude gaizkile sexualen datu base bat sortzea, adingabeen aurkako sexu delituengatik ezarritako zigorrak gogortzea eta delitu horiek egin dituztenei hainbat lan egitea debekatzea.

Helburu garbiak

Legea, baina, hortik haratago doa, eta herrialdeko LGTBI mugimenduen esanetan, «homosexualitatea eta pedofilia berdintzen ditu» gainerako puntuetan. Hatter erakundeak salatu du, besteak beste, gazte homosexualek eta transexualek jasaten duten jazarpenaren aurkako laguntza oro desagertuko dela. Izan ere, legedi berriak debekatu egiten du adingabeek sarbidea duten espazioetan «homosexualitatearen eta sexu aldaketaren» inguruko edukiak argitaratzea. Era berean,estatuak onartutako erakundeek soilik tratatu ahal izango dute sexua hezkuntzan, eta ezingo da gai horien inguruko «propaganda» egin, ezta hedabideetan homosexualitatea edota transexualitatea tratatzen duten iragarkirik argitaratu ere, 22:00ak baino lehen.

Han, alderdi progresistek, parlamentuko bozketan parte hartzeari uko egin ziotenek, «homofobotzat» jo dute. Neurriari erantzunez, Hungariako 130.000 herritarrek baino gehiagok sinatu dute, gainera, legea atzera botatzeko eskakizuna.

Ez da herrialdeko gobernu ultrakontserbadoreak halako neurri bat hartzen duen lehen aldia. 2011n onartutako konstituzioan, «ezkontza» gizon baten eta emakume baten artekoa bakarrik izan zitekeela zehaztu zen, eta, urte batzuk geroago, haurrak adoptatzeko eskubidea galarazi zitzaien homosexualei. Orduan, honakoa adierazi zuen Orbanek: «Hungaria herrialde tolerantea eta eraman handikoa da homosexualitatearekin, gure haurrak bakean uzten badituzte, betiere». Denboran aurrera eginda, azken neurria iaz iritsi zen: transexualei izena aldatzea galarazten dien lege bat onartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.