Albistea entzun

Berotegi gasen kontzentrazioa inoizko handiena izan zen 2020an

Karbono dioxidoaren zenbatekoa %149 handitu da industrializazio aurreko garaikoarekin alderatuta, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Estatuak Parisko helburuetatik «oso urrun» daude
Artalde bat, eta, haren atzean, hainbat ke zutabe, Alemaniako Bergheim hiriko lantegi batean.
Artalde bat, eta, haren atzean, hainbat ke zutabe, Alemaniako Bergheim hiriko lantegi batean. SASCHA STEINBACH / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2021eko urriak 26

«Mezu zientifiko irmoa» igorri die Munduko Meteorologia Erakundearen azkeneko txostenak COP26 goi bileran elkartzekoak diren estatu agintariei, Petteri Taalas erakundearen buruaren esanetan. «Berotegi gasen egungo erritmoan jarraituz gero, tenperaturaren igoerak alde handiz gaindituko du Parisko Hitzarmenean mende amaierarako jasotako helburua». Ituna sinatu zuten herrialdeek konpromisoa hartu zuten ahalegina egingo zutela Lurra 1,5 gradu baino gutxiago berotu dadin XXI. mendea amaitzerako, eta beharrezko neurriak hartuko zituztela bi gradutik gora berotu ez dadin. Helburu hori lortzeko bidetik «oso urruti» daude estatu sinatzaileak. Horren erakusgarri, berotegi gasen efektua inoiz erregistratutako handiena izan zela 2020an, COVID-19aren pandemiak jarduera ekonomikoa moteltzera behartu zuen arren.

Txostenean jasotzen dutenez, karbono dioxidoaren kontzentrazioa 413,2 ppm-koa izan zen iaz; hau da, milioiko 413,2 zatikoa. Horrek esan nahi du %149 handitu dela industrializazio garaiaren aurretik atmosferan zuen kontzentrazioarekin alderatuta —1750. urtea hartu ohi da erreferentzia gisa—. Hazkunde handiagoa izan du metanoak, %262koa. Oxido nitrosoaren kontzentrazioa, berriz, %123 handitu da.

2019tik 2020rako hazkundea 2018tik 2019ra izan zena baino zerbait txikiagoa izan zen, baina gainditu egin zuen azken hamarkadan izan den urte arteko aldearen batezbestekoa. Gorakada ez da eten. Aurten ere handitzen ari da berotegi gasen kontzentrazioa, emandako datuen arabera.

Berotegi gasen artean, karbono dioxidoak du eraginik handiena planetaren berotzean: %66. Hura da atmosferako berotegi gasetan ugariena, eta airean luze irautea da haren bereizgarrietako bat. Hori dela eta, Lurraren egungo tenperatura ez litzateke berehala hozten hasiko berotegi gasen isuriak kolpetik etengo balira ere. Dozenaka urte beharko lirateke horretarako.

«Lurrean antzeko karbono dioxido kontzentrazio bat izan zen azken aldia duela hiru eta bost milioi urte artean izan zen. Garai hartan, tenperatura bi-hiru gradu beroagoa zen, eta itsasoaren maila, hamar eta hogei metro garaiagoa, baina orduan ez zeuden 7.800 milioi pertsona planetan», azaldu du Taalasek.

Erakundearen idazkari nagusiak nabarmendu du txostenean argitaratutakoak ez direla datu soilak. «Gizakiaren ongizateari eta gure planetaren eta gure seme-alaba eta biloben etorkizunari lehen mailako ondorio kaltegarriak eragingo dizkio».

Hori dela eta, espero du estatuetako agintariek orain arteko konpromisoak era «ikusgarrian» handitzea COP26 goi bileran. «Gure industria, garraio eta energia sistemak eraldatu behar ditugu. Gure bizimodu osoa. Aldaketak lortzeko modukoak dira ekonomiaren eta teknikaren ikuspuntutik. Ezin dugu denbora gehiago galdu».

Gurpil zoroa

Atmosferan pilatzen den karbono dioxido kopurua zenbatekoa den jakitea erabilgarria da, adierazle bat delako gas horren isuri iturrien eta biltegien arteko oreka egokia den ala ez neurtzeko. Balantza horretan isuriek zenbat eta pisu handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da karbono dioxidoaren kontzentrazioa.

Ozeanoak eta lurreko ekosistemak dira karbono dioxidoaren biltegirik handienak. Isurien erdiak xurgatzeko gaitasuna dute egun, eta, gutxi gorabehera, beste erdiak atmosferara joaten dira. Baina biltegien gaitasuna ahuldu egin daiteke aldaketa klimatikoaren eraginez, eta horrek gurpil zoroa martxan jartzeko arriskua dakar: isuri kopuru berarekin karbono dioxido gehiago pilatuko litzateke atmosferan, horrek Lurraren berotzea areagotuko luke, eta tenperatura handitzeak biltegien ahala murriztuko luke gehiago; batetik, lehorte eta sute are larriagoak eta ugariagoak eragingo lituzkeelako, eta, bestetik, ur azalaren berotzeak ozeanoetako pH-a txikitu eta ur korronteen zirkulazioa motelduko lukeelako.

Txostenak ohartarazi du aldaketa horiek jada gertatzen ari direla. Amazonia jarri du horren adibide. Munduko oihanik handienak karbono dioxidoaren biltegi izateari utzi diola eta isurien iturri bihurtu dela ondorioztatu dute hainbat ikerketak. Hau da, kopuru handiagoa isurtzen duela xurgatzen duena baino. Joera horrek «ondorio larriak» izango ditu oreka bat lortzen ez bada, eta Parisko Hitzarmena betetzeko beharrezkoa izango da isurien murrizketarako epeak laburtzea.

Bestelako berotegi gasen datuak ere eman ditu erakundearen adituen lanak. Metanoari buruz dio lurraren berotzean %16ko eragina duela. Gas horren isuri gehienek (%40) iturri naturaletan dute sorburua: hezeguneetan eta termitetan, esaterako. Gainerakoak (%60) gizakiaren jardueraren ondorio dira: animalia hausnarkarien abeltzaintza, arroz laborantza, erregai fosilen ustiaketa, zabortegiak eta biomasaren errekuntza, batez ere.

Berotegi efektuan %7ko eragina du, berriz, oxido nitrosoak. Jatorri naturalekoak dira isuri gehienak, lurrak eta ozeanoek sortuak (%60), eta zenbait prozesu industrialen, biomasaren errekuntzaren eta nekazaritzarako ongarrien ondorio dira gainerakoak (%40). Nekazaritzarako ongarriak dira isuri antropogenoen %70ren eragileak.

NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak beste txosten bat argitaratuko du gaur, berotegi gasen gainean. Egungo isuri kopuruak eta etorkizunean espero direnak alderatuko ditu Parisko Hitzarmena betetzeko gehienezko kopuruekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

«Bake akordioek diotenarekin alderatuz, atzera egin da guztiz»

Igor Susaeta

El Salvadorko gerra zibila bukatu zuten itunek 30 urte beteko dituzte 2022ko urtarrilean. Cruzen ustez, «atzeraldi demokratiko bat» gertatzen ari da herrialdean. Nayib Bukele presidentea jo du horren erantzule nagusitzat.
Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, atzo, Stockholmen, Ukrainako krisia aztertzeko egin zuten bileran. ©EFE

Errusiak segurtasun itun bat proposatuko dio «laster» NATOri

Gorka Berasategi Otamendi

Lavrov eta Blinken Ukrainaz hitz egiteko bildu dira. Moskuk ohar egin du bere segurtasun kezkei entzungor egitearen arriskuez. Washingtonek eskatu dio diplomaziaren bidea hautatzeko
Angela Merkel eta Olaf Scholz, gaurko agerraldian. ©FILIP SINGER / EFE

Alemania, derrigorrezko txertaketa onartzeko bidean

Ander Perez Zala

Merkelek jakinarazi du nahitaezko txertaketa ezartzeaz bozkatuko dutela diputatuek; otsailean sartuko litzateke indarrean. Txertorik hartu ez dutenak ezingo dira sartu jatetxeetan, tabernetan eta dendetan.

Bi bidaiari Johannesburgoko OR Thambo nazioarteko aireportuan, herenegun. ©KIM LUDBROOK / EFE

Von der Leyen: «Derrigorrezko txertaketa aintzat hartu beharko luke EBk»

Ander Perez Zala

Europako Batzordeko presidentearen iritziz, estatu kideek «ikuspuntu komun bat» behar dute. OMEk dio egunotan izango duela informazioa omikron aldaeraz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.