Hornikuntza arazoak industriaren jarduera moteltzen ari dira

Irailean, industriaren ekoizpena uzkurtu egin da Alemanian eta Frantzian. Euskal Herrian, aldiz, sektorea hazten ari da oraindik ere, baina tasa apalagoekin. Auto lantegiak dira gehien kaltetuak

Teslaren auto fabrikaren eraikuntzako lanak, Berlin inguruan. FILIP SINGER / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Pandemiak eragindako estropezutik bizkor altxatu nahi izan du ekonomiak. Bizkorregi, agian; itxialdian eta ondorengo hilabeteetan geratutako eskaria indar handiz itzuli denean, hornikuntza kateak krak egin baitu. Metal, plastiko, egur, mikrotxip eta beste lehengaien eta osagaien eskasia eragin du kontsumoaren sukarrak, eta horren eragina antzematen ari da industriaren jardueran. Udan enpresaburuen inkestek aurreratutakoa baieztatzen ari dira datu ofizialak: jarduera moteltzen ari da. Euskal Herrian, oraindik datu positiboetan dago, baina negatiboan dago jada Alemanian eta Frantzian.

Insee Frantziako estatistika erakundeak atzo kaleratu zuenez, industriaren ekoizpena %1,3 txikitu zen irailean, abuztuarekin alderatuz gero. Erorikoa pixka bat handiagoa da manufakturari soilik erreparatuz gero(-%1,4). Erorikorik handiena garraio materialena da (-%8,4), eta ez da harritzekoa, autogintza izan baita estuasunak antzematen lehena, semieroaleen eskasiak fabrikak geratu dituelako hainbat egunez, eta tarteka bukatu gabeko ibilgailuz betetzen dituelako auto lantegietako aparkalekuak.

2020ko otsailarekin konparatu du oraingo egoera Inseek, eta datuak negatiboak dira: industriaren jarduera %5,2 txikiagoa da orain, eta horretan pisu handia du garraioaren industria %29,8 uzkurtu dela orduz gero. Hori bai, autogileen kontuek ez dute gehiegi antzeman erorikoa, estualdia baliatzen ari direlako modelo garestienen ekoizpena hobesteko, eta, hortaz, haien irabazi tarteak handitzeko.

Alemanian ere behera egiten ari da industriaren ekoizpena: %4 txikitu zen abuztuan, eta beste %1,5 irailean. Alemaniako auto lantegiek eta haien hornitzaileek arazo handiagoak izan zituzten abuztuan (-%18,6), eta irailean pixka bat hobetu da haien egoera (+%2,1). Alemaniako Merkataritza Ministerioak onartu du hornidura arazoak dauden bitartean industriak sufritu egingo duela, eta eskaria gutxitu arte ez dela arinduko.

Dagoeneko eskariaren apaltzearen lehen zantzuak daudela aipatu izan dute aste honetan nazioarteko merkatuen analista batzuek, baina horren isla ez da oraindik ikusi estatistiketan.

Euskal Herrian, hobeto

Euskal Herriko industria ez dago, noski, motelaldi horretatik salbu. Orain arte ez du atzera egin, baina haren hazkunde tasak asko apaldu dira. INE Espainiako estatistika erakundeak atzo zabaldutako datuek diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren produkzioa %1,9 hazi zela aurtengo irailean , iazko irailarekin alderatuz gero. Martxoaz geroztiko hazkunderik txikiena da, eta ulergarria da, udaberrian bederen iazko itxialdiaren eragina oso handia izan baitzen —apirilean, esaterako, iaz baino %61 gehiago ekoitzi zuten fabrikek—. INEren datuek ez ezik, Eustatek bildutakoek ere motelaldiaren berri ematen dute: iazko irailarekin alderatuz, %3,1 gehiago ekoitzi du industriak, baina abuztuan baino %1,3 gutxiago.

Nafarroan, berriz, iraileko hazkundea handiagoa izan da (+%3,6), baina Nastatek nabarmendu du horren atzetik oso datu kontrajarriak daudela : %22,1 hazi dira papergintza, altzarigintza eta egurra, %13,3 ekipo ondasunak eta makinak, baina %27 uzkurtu da lurraldeko motor nagusia, garraio materialena; autogintza nagusiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.