Aurreikuspen beldurgarria

Osasunaren Mundu Erakundearen kalkuluen arabera, COVID-19ak oraingo joera kutsakorrari eusten badio, 2022ko martxoa bitartean beste 700.000 hilko ditu Europan eta Asia erdialdean

Berlin erdiguneko kale bat hutsik, herenegun. Berlin landerreko senatuak murrizketa gehiago ezarri dizkie txertatuta ez daudenei. FILIP SINGER / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundeak egindako aurreikuspena beldurgarria da: hurrengo aste eta hilabeteetan COVID-19ak oraingo joera kutsakorrari eusten baldin badio, 2022ko martxoa bitartean 700.000 bat lagun gehiago hilko dira Europan eta Asia erdialdean —53 estatutan guztira— gaitzak jota. OMEren Europako zuzendari Hans Klugek ohar batean nabarmendu duenez, pandemiaren «kontrol sendoaren pean» daude Europa eta Asia erdialdea. Erakundeak plazaratutako datuen arabera, Europako herrialdeetan eta Asia erdialdekoetan 4.200 pertsona hiltzen ari dira batez beste egunero birusaren ondorioz; hau da, irailaren bukaerako kopurua halako bi. Pandemia hasi zenetik 1,5 milioi lagun inguru zendu dira 53 estatu horietan gaitzarengatik.

«Birus honekin bizitzeko eta gure eguneroko bizimoduarekin jarraitzeko, txertaketatik haragoko ikuspegi bat behar dugu. Horrek esan nahi du dosi estandarra jartzea, gehigarria ere bai eskainia baldin bada; baita prebentziozko neurriak hartzea ere gure egunerokoan», azpimarratu du Klugek. Birusa erakusten ari den joerari erreparatuta, beste aurreikuspen bat ere egin du erakundeak. 53 herrialde horietako 25etan, ospitaleetan pazienteak artatzeko oheen faltan egongo dira martxora bitartean, eta 49tan estres handia edo muturrekoa izango dute ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

COVID-19aren transmisioa handia da Europan, eta, OMEren ustez, hori gertatzen ari da delta aldaeraren transmisio gaitasuna besteena baino handiagoa delako, gaitza pasatu dutenen edo txertatutakoen immunitatea apaltzen ari delako, baita zenbait gobernuk murrizketak arindu dituztelako ere, eta modu horretan herritarrei adierazi dietelako, OMEren esanetan, pandemia jada ez dela «mehatxu arriskutsu bat».

Europan eta Asia erdialdean 1.000 milioi txerto dosi jarri dituzte, eta herritarren %53,5ek jarrita dituzte txertoaren bi dosiak. Nolanahi ere, horri dagokionez alde handiak daude estatuen artean: batzuetan %10era ere ez dira iristen, eta beste batzuetan %80tik gora dabiltza.

Herbehereetan, esate baterako, herritarren %72k hartu dituzte txertoaren bi dosiak, eta azkeneko egunetan txertatutako 20.000 positibo inguru detektatu dituzte. Horiek horrela, izurriak aurrez eragindako beste olatu batzuetan gertatu bezala, hasi dira gaitzarekin kutsatutako pazienteak Herbehereetako ospitaleetatik Alemaniakoetara eramaten —mugakideak dira—. «Tokia egiteko, eta COVID-19a dutenek eta beste pazienteek ZIUetako oheak eduki ditzaten» hartu da erabakia, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Lehen pazientea atzo aldatu zuten lekuz: Rotterdametik (Herbehereak) Bochumera (Alemania). 235 bat kilometro daude bi hirien artean. Kasuen gorakadarengatik, gobernuak murrizketak ezarri zituen atzera azaroaren 12an, eta etzi dira horiek berrikustekoak.

Suitzan bidea ireki diote txertaketarekin loturiko neurri bati: herrialdeko sektore farmazeutikoa arautzen duen erakundeak jakinarazi du 16 urtetik gorako herritar guztiek txertoaren hirugarren dosia hartzeko modua edukiko dutela. Horretarako, baldintza bakar bat bete behar dute: bigarrena hartuz geroztik sei hilabeteko epea igarota egotea.

Berlingo neurriak

Alemanian neurri zorrotzak ezartzea aztertzen ari dira kasuen gorakadari erantzuteko, eta Berlinlanderreko senatuak murrizketa gehiago ezarri dizkie txertatuta ez daudenei. Horrela, txertatuta ez daudenek ezin izango dute sartu denda txikietara, premiazko produktuak saltzen dituztenetara salbu. Gainera, immunizatuta daudenek test negatibo bat aurkeztu beharko dute maskara erabiltzea ezinezkoa den aisialdi guneetan: esaterako, jatetxeetan. Kontzertuetan eta kirol ekitaldi handietan edukiera murriztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.