Israelgo auzitegi militarrei boikot egingo diete Palestinako 500 presok

Tel Avivi atxilotze administratiboak amaitzeko eskatu diete agindu horren pean espetxeratuta dauden palestinarrek. Preso batek utzi egin du 141 egun iraun duen gose greba; otsailean askatuko dute

Israelen kartzelatutako preso palestinarren senide talde bat, espetxeratuen eskubideen aldeko protesta batean, joan den azaroan, Zisjordaniako Nablus hirian. ALAA BADARNEH / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gure erabakia askatasuna da... Atxilotze administratiborik ez leloarekin iragarri dute Palestinako 500 presok baino gehiagok Israelgo auzitegi militarrei boikota egiteko kanpaina. Palestinako alderdi politikoen babesarekin jarri zuten abian, atzo. Ohar bidez jakinarazi zutenez, presoek uko egingo diote Israelgo auzitegi militarren aurreko saioetan agertzeari, «okupazio indarrek» Palestinako herritarren kontra erabiltzen duten «atxilotze administratibo bidegabea amaitzeko».

Atxilotze administratiboa Israelek Palestinako lurralde okupatuetan ezartzen duen agindu mota bat da, aukera ematen diona palestinarrak denbora mugagabean espetxeratzeko, aurrez epaiketarik egin gabe eta atxilotuaren kontrako akusazioa publiko egin gabe, karguak «sekretupeko informazio» gisa gordeta. Ondorioz, presoak berak eta haren defentsa abokatuak ez dute jakiten zer akusaziori egin behar dioten aurre.

«Israelgo auzitegi militarrak okupaziorako sistema zapaltzailearen alde garrantzitsua dira», salatu dute. «Erreminta basati eta arrazista horrek gure jendearen ehunka urte xahutu ditu, fikziozko auzitegien bitartez. Epaiak eskualdeko komandantzia militarrak erabakitakoak izaten dira».

Boikota abiatu duten espetxeratuek nabarmendu dute atxiloketa mota hori nabarmen ugaritu dela 2021. urtean, eta haren erabilera are gehiago zabaldu duela Israelek Palestinako haurren eta adinekoen kontra. Addameer Palestinako presoen eskubideen aldeko elkarteak igandean argitaratu zuen txostenaren arabera, Israelek 1.500 atxilotze administratibo baino gehiago agindu zituen iaz, eta 1.100 izan ziren 2020an. Iazkoetatik 200 maiatzean igorri zituen Tel Avivek, Ekialdeko Jerusalemen Xeikh Jarrah auzoko dozenaka bizilagunen etxegabetze arriskuagatik izan ziren protesten garaian, eta Israelek Gaza 11 egunez bonbardatu zuenean.

Egun, 4.550 preso palestinar daude Israelgo kartzeletan, eta horietatik hamarren bat baino gehiago daude atxilotze administratiboaren pean espetxeratuta, Palestinako Presoekiko Elkartasun Sarearen arabera.

Hain zuzen, atxilotze administratiboan dagoen Hixam Abu Hawwax preso palestinarrak 141 egun iraun duen gose greba utzi zuen atzo iluntzean, Israelek erabaki baitu datorren otsailaren 26an aske utziko duela. «Hawwaxek irabazi egin du, 141 egun gose greban eman ondoren», nabarmendu zuen PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mohamed Sthayehek atzo, erabakiaren berri izan eta berehala. Beste presoak haren egoera kritikoaz ohartarazten ari ziren, «berehala hiltzeko arriskuan» zegoela eta.

Kezka agertu du Europako Batasunak ere, eta atxilotze administratiboak bertan behera uzteko galdegin dio Israeli: «Presoek eskubidea dute atxilotze oro zer kargutan oinarritzen den jakiteko, eta epaiketa justu bat izan behar dute arrazoizko epean, ala aske gelditu».

Irtenbide kolektiboa

Abu Hawwaxek bere askatasuna exijitzeko hasi zuen gose greba, hark baino lehen beste preso palestinar batzuek egin duten bide beretik. Horietako hainbatek lortu dute Israelek aske uztea, beren burua muturreko osasun egoerara eraman ostean; beste batzuek atxilotze administratiboa epe jakin batera mugatzea lortu dute. Baina beti izan dira norbanakoen kasuetan bakarrik ezarritako salbuespen neurriak. Hori dela eta, presoek abiarazi duten kanpainaren garrantzia nabarmendu du Addameer elkarteak. Haren esanetan, erabakiak Israelen atxilotze politika baldintzatzea du helburu. Dena den, aurreratu du emaitza ez dela berehalakoa izango, eta denboran eutsi beharko diotela presoek kanpainari, neurria eraginkorra izan dadin.

Palestinako presoek antzeko boikot kanpaina bat abiatu zuten 1997. urtean, auzitegi militarren kontra. Atxilotze administratiboen kopurua murriztea lortu zuten orduan. Addameer elkarteak azaldu du inor gutxik espero dezakeela Israelek atxilotze administratiboei uko egitea, baina gutxienez neurriaren erabilera estandarizatu bat zehaztea lor daitekeela, haren ezarpen arbitrarioa gutxitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.