Albistea entzun

«Eraldaketa politikoa» hitzeman du Kazakhstango presidenteak

Gobernuaren dimisioak ez ditu baretu protesta jendetsuak. Erregaien prezioen igoerarengatik hasi ziren mobilizazioak joan den astean. Tokaievek laguntza militarra eskatu die eskualdeko aliatuei
Kazakhstango Polizia herrialdeko agintarien aurka protestan ari ziren manifestariei oldartzen, atzo, Almatin.
Kazakhstango Polizia herrialdeko agintarien aurka protestan ari ziren manifestariei oldartzen, atzo, Almatin. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko urtarrilak 6

Erantzun «sendoa» iragarri du Kassim-Jomart Tokaiev Kazakhstango presidenteak, erregaien prezioen igoerak herrialdean eragin dituen protesta jendetsuak amaitzeko. Mobilizazioek nazio segurtasuna arriskuan jarri dutela ohartarazita, atzo jakinarazi zuen Segurtasun Kontseiluaren agintea bere gain hartu duela. Hala, Nursultan Nazarbaiev Kazakhstango presidente ohiaren (1990-2019) tokia hartuko du. Ordu batzuk lehenago, gobernu osoaren dimisioa onartu zuen, eta larrialdi egoera ezarri herrialde osoan, baina neurriak ez dira nahikoa izan herritarren haserrea baretzeko, eta «eraldaketa politikoa» hitzeman du.

Almatin, herrialdeko hiririk handienean, izan dira protestarik gogorrenak. Mila lagun baino gehiago irten ziren kalera atzo hiri horretan, AFP albiste agentziaren arabera. Tokiko zenbait hedabidek adierazi dutenez, manifestariek su eman zieten hiriko alkatearen bulegoari, fiskaltzaren egoitzari eta aginteko Nur Otan alderdiaren lokal bati. Tiro hotsak izan zirela azaldu zuten hainbat lekukok. Almatiko poliziaburuak jakinarazi zuen Guardia Nazionala eta armada mobilizatu zituztela hiria kontrolpean hartzeko. Barne Ministerioaren esanetan, 200 lagun baino gehiago atxilotu zituzten gobernuaren egoitzei eraso egiteagatik. Net Blocks Internet behatokiak salatu zuen Kazakhstan osoan Interneterako konexioa bertan behera utzi zutela.

«Egoera mehatxu bat da Almatiko herritar guztien segurtasunarentzat. Ezin dugu halakorik onartu. Almatin bezala, egoera tentsio handikoa da beste eskualde batzuetan ere, eta horregatik agindu dut larrialdi egoera», adierazi zuen presidenteak. Etxeratze agindua ere ezarri zuen, urtarrilaren 19ra arte. Liskarretan parte hartu dutenen «antolakuntza maila handia» dela nabarmendu zuen, eta kanpotik finantzatutako taldeak direla ziurtatu. Presidentearen arabera, «hildakoak eta zaurituak» izan dira Almatin, baina ez zuen daturik eman.

Hedatze azkarra

Protestak joan den igandean hasi ziren, petrolio erreserbetan aberatsa den eskualde batean, Kazakhstan mendebaldeko Mangistaun. Herritarrek haserrea adierazi zuten gobernuak erabaki zuelako gehienezko muga kentzea petrolio gas likidotuaren prezioari. Mobilizazioak azkar hedatu ziren beste eskualde batzuetara, Almati hiria eta Nursultan hiriburua barne. Liskarrak izan ziren herenegun ere Almatin, Poliziaren eta ehunka manifestariren artean. Protestariek gobernuaren dimisioa eskatu zuten.

Presidenteak men egin dio presioari, eta onartu egin ditu Askar Mamin lehen ministroaren dimisioa eta haren ministroena. Maminen ordez, Alikhan Smailov lehen ministrordea izendatu du behin-behineko gobernuburu, eta ministroei jarduneko gobernuan jarraitzeko eskatu die, agintari berriak izendatu artean. Berehalako zenbait neurri hartzera deitu ditu: petrolio gas likidotuaren gehienezko prezioa ezartzera eta prezioen gaineko kontrola areagotzera petrolioaren, gasolioaren eta «gizartearentzat garrantzitsuak» diren kontsumo ondasunen arloetan.

Neurri horiek, ordea, ez dira nahikoa izan herritarren haserrea baretzeko, eta, horretaz jabetuta, Tokaievek adierazi zuen «Kazakhstanen eraldaketa politikorako proposamenak» egingo dituela. Gerora, gauean, CSTO Segurtasun Kolektiboaren Itunaren Erakundearen bitartez, eskualdeko aliatuei laguntza militarra eskatu zien «mehatxu terroristari» aurre egiteko.

Hain justu, Errusiak hizpide izan zuen mugakide duen herrialdearen egoera, eta «legearen eta konstituzioaren esparruan» oinarritutako konponbide «baketsu bat» bilatzera deitu zuen. Atzerri Ministerioaren esanetan, Errusiak «arretaz» aztertuko du «herrialde anaian» gertatzen ari dena, eta goraipatu egin zituen Tokaievek arazoei irtenbide azkar bat emateko hartu dituen neurriak; «besteak beste, manifestarien bidezko eskariei erantzutera bideratutakoak». Kremlinek «normalizazio azkar bat» espero du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Oinarrizko eskubideen katalogo berri bat osatu dugu»

Jon Ordoñez Garmendia

Pustilnickek esan du Txileko Konstituzio berriaren zirriborroak gizartearen eskaerei erantzuten diela, eta eskubide sozialetan eta berdintasunean jarri du arreta, baita jatorrizko herrien aitortzan ere
UVF talde paramilitar unionistaren aldeko mural bat, Belfasten, artxiboko irudi batean. ©PAUL MCERLANE / EFE

Ipar Irlandako gatazkako ikerketetan laguntzen dutenei immunitatea emango diete

Ander Perez Zala

Erresuma Batuko Gobernuak iazko proposamena aldatu du, eta batzorde independentearekin kooperatzea jarri du baldintzatzat delituek preskribatzeko

Lis Truss Atzerri ministro, oinez. ©NEIL HALL / EF
Errusiako armada Ukrainako militarrak arakatzen, atzo, Mariupolen. ©EFE

Mariupolgo altzairutegiko ukrainar soldaduek «amore eman dute»

Mikel O. Iribar

260 militarrek baino gehiagok utzi dute Azovstal, 82 egunen ostean. Finlandia eta Suedia NATOn sartzeko eskaera aurkeztekoak dira gaur

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...