Gerraren koreografian

Errusiaren eta Mendebaldeko potentzien arteko saio diplomatikoak ez dira amaitu, baina bi aldeak mugitzen ari dira gatazka militar posible baterako

Errusiako armadako tankeak Bielorrusiara iritsi berri, bi herrialdeen arteko ariketa militar bateratuetarako. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Tentsioak ez du goia jo oraindik Ukrainan, Errusiak eta Mendebaldeko potentziek Europa ekialdean dituzten interes geoestrategiko kontrajarrien ondorioz. Elkarrizketa saioek ez dute korapiloa askatzeko biderik argitu oraingoz. Berritasun handirik gabe amaitu ziren Moskuren eta Washingtonen arteko eta Moskuren eta NATOren arteko negoziazioak, joan den astean. Diplomaziaren bidea ez dago ahituta, eta bi aldeek konpromisoa eskatu diote elkarri irtenbide baketsu bat bilatzeko, baina, badaezpada, mugimenduetan ari dira gatazka militar posible baterako, nork bere posizioa indartu nahian.

Erresuma Batuak adierazi du Ukraina armaz hornitzen hasi dela, Errusiaren inbasio posible bati aurre egiteko. Ben Wallace Erresuma Batuko Defentsa ministroak astelehenean azaldu zuen «tankeen kontrako armamentu sistema defentsiboa» bidali duela. «Ez dira arma estrategikoak, eta ez dira Errusiarentzako mehatxu. Defentsarako armak dira». Aurretik, Londresek finantzaketa eskaini zion Kievi Ukrainaren itsas armada indartzeko.

Kanada ere laguntza militarra ematen ari zaio Ukrainari, herrialde horretako Global News telebista katearen arabera. Haren esanetan, Kanadako Gobernuak operazio berezietarako indarren talde bat bidali du Ukrainara, Kievi aholkua eskaintzeko eta gerra lehertuko balitz Kanadako diplomazialariak herrialdetik atera ahal izateko. Kanadako Operazio Berezietako Indarren Komandantziak adierazi du ezin duela informazio hori baieztatu, baina gaineratu du Kanadako armadak Ukrainako indarrak trebatzeko saioak egiten dituela aldiro 2020. urtetik. Kanada da munduan biztanle ukrainar gehien dituzten herrialdeetan hirugarrena, Ukrainaren eta Errusiaren ondotik.

Errusiak, berriz, soldaduak bidali ditu Bielorrusiara. Datorren hilean, bi herrialdeetako armadak prestakuntza saio bateratuak egitekoak dira Bielorrusiak Poloniarekin, Lituaniarekin eta Ukrainarekin dituen mugetatik gertu. Errusiako Defentsa ministrorde Aleksander Fominek zehaztu duenez, dozena bat gerrarako hegazkin eta bi misil sistema garraiatu dituzte, bietako bat hegazkinen kontrakoa. Ariketa militarren helburua «atzerriko eraso bati» eta «terrorismoari» aurre egiteko trebatzea da.

Ukrainako agintariek kezka agertu dute Errusiak ez ote duen beren herrialdearen kontrako eraso bat abiaraziko hainbat norabidetatik aldi berean, Bielorrusiatik eta Errusiatik, alegia. Mendebaldeko potentziek ohartarazi dute Moskuk 100.000 soldadu baino gehiago pilatu dituela Ukrainarekin duen mugatik gertu, eta horiek atzera mugatik urruntzeko eskatu dio, tentsioa baretze aldera. AEBetako Gobernuak, gainera, joan den astean Kremlini egotzi zion Ukrainaren kontrako esku hartze militar bat hasteko aitzakia bat prestatzen aritzea, bi gobernuen arteko elkarrizketa antzuen ostean.

Errusiak ukatu egin du halakorik, baina esana du Mendebaldeak indarra erabiltzera bultzatuko duela NATOk Europa ekialdean hedatzen jarraitzen badu. Moskuren iritziz, NATOren zabalkundea mehatxu onartezina da bere segurtasunarentzat, aliantzak mugaren ondoan jarri dizkiolako erasorako baliabide militarrak. Ukraina NATOko kide ez bihurtzea exijitu du. Aliantzako kideek erantzun diote Ukraina herrialde subiranoa dela nahi dituen aliatuak aukeratzeko.

Errusiaren eta NATOren arteko eztabaida Ukrainan ardaztu da, baina baliteke aliantzaren ekialderako zabalkundea harago joatea. Tentsio egoerak eztabaida hauspotu du Finlandian eta Suedian, herrialde horiek NATOrekin izan beharko luketen harremanari buruz. Ez dira aliantzako kide, baina haren hurbilekotzat jotzen dira, eta azken urteetan areagotu egin dute NATOrekiko elkarlana. Biek nabarmendu dute beraiena dela aliantzako kide bihurtzeko erabakia, eta ez Errusiarena.

Suediak segurtasun neurriak hartu zituen joan den astean. Soldaduak bidali zituen Itsaso Baltikoan dagoen Gotland uhartera, eta defentsarako misil sistema bat jarri du han. Suediaren eta Errusiaren arteko harremanak gaiztotu egin dira azken urteetan, Ukrainan gatazka lehertu zenetik. Bi herrialdeek elkarri leporatu izan diote bestearen aire eremua urratzea.

Nord Stream 2, kolokan

Alemania ere operazio militar posible baten erantzunerako jarrera finkatzen aritu da egunotan. Annalena Baerbock Atzerri ministroa Dmitri Kuleba herrialdeko Atzerri ministroarekin bildu zen astelehenean Kieven, eta atzo Moskun izan zen, Errusiako haren homologo Sergei Lavrovekin bilduta. Bileraren ostean nabarmendu zuen Berlin prest dagoela «prezio ekonomiko altu bat» ordaintzeko. Prezio horrek zerikusi zuzena izango luke Errusia eta Alemania lotzen dituen baina oraindik lanean hasi ez den Nord Stream 2 gasbidearekin. «Alemaniak berresten du energia arma gisa erabilia bada horrek ondorioak izango dituela gasbidean».

Ildo beretik mintzatu zen atzo Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiarekin bildu ondoren. Haren esanetan, Errusiak Ukrainari eraso eginez gero, «dena eztabaidatu» beharko da. Berlini Nord Stream 2 gasbidea geldiarazteko presioa handitzen ari zaion honetan egin dituzte adierazpenok Alemaniako Gobernuko agintariek.

Bilerek ez dute etenik. AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken Ukrainako presidente Zelenskirekin bilduko da gaur, Kieven, eta Ukrainako hiriburutik Alemaniakora bidaiatuko du segidan, Atlantikoko laukoaren bilera batean parte hartzeko—AEBak, Erresuma Batua, Alemania eta Frantzia—. Errusiako Atzerri ministro Lavrovekin bilduko da ostiralean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.