Errusiako petrolioa debekatzeko erabakia ez da berehalakoa izango

Europako Batasuneko kide batzuek zalantzak agertu dituzte, «teknikoki eta politikoki» oso neurri zaila delako. Errusiatik iristen da petrolio guztiaren %25, eta arazoak dituzte alternatibak bilatzeko

Errusiatik Europara petrolioa garraiatzeko erabiltzen den Druzhba oliobideko langile bat, Hungarian. L. BELICZAY / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko atzerri ministroek Errusiari beste zigor sorta bat, seigarrena, ezartzeko aukera aztertu zuten atzo, eta proposamen bat izan zuten mahai gainean: Errusiako petrolio inportazioak debekatzea, joan den astean ikatzarekin egin zuten bezala. Batzordeak zirriborro bat aurkeztu zien, baina ez zen adostasunik egon. Gainera, EBko iturriak aipatuta berri agentziek zabaldu dutenez, litekeena da negoziazioak espero zuten baino gehiago luzatzea, «teknikoki eta politikoki gai korapilatsua» delako, bereziki Errusiako petrolioarekiko menpekotasun handiena duten herrialdeentzat. Europako Batasunera inportatzen den petrolio guztiaren %25 inguru Errusiatik ekartzen da, eta estatu kide batzuen kasuan nabarmen handiagoa da kopuru hori.

Debekuaren aukera proposatu zenetik, herrialde batzuek beren zalantzak planteatu dituzte: esaterako, Errusiako petrolio produktu guztiei ala batzuei eragin beharko lieken debekuak, zenbat iraungo luken eta nola ezarriko litzatekeen, bat-batean ala pixkanaka. Beste proposamen batzuk ere egon dira: adibidez, inportazioak debekatu beharrean Errusiako petrolioari muga zergak gehitzea. Era berean, Europako petrolio erreserba estrategikoen liberazioa ere proposatu da, Errusiako petrolioaren debekuak edo murrizketak herrialde batzuetan izango lukeen eraginaren zati bat konpentsatzeko. Gainera, herrialde batzuek uste dute Errusiako petrolio inportazioak debekatzeak eragina izango lukeela mundu osoko petrolio produkzioan, eta horrek erregaien prezioak garestituko lituzkeela.

EBko herrialdeen artean agerikoak dira desadostasunak, ekonomikoak eta politikoak. Errusiako petrolioa debekatzearen aurka dago Hungaria; hango gobernuak lotura estua du Kremlinekin. Viktor Orban presidenteak azpimarratu duenez, Errusiaren petrolioa inportatzeko debekua «marra gorri bat» izango litzateke, eta ohartarazi du EBko 27 estatu kideek aho batez erabaki behar dutela horri buruz.

Alemania litzateke debekuak kalterik handiena eragingo liekeen herrialdeetako bat, menpekotasun oso handia duelako Errusiako petrolioarekiko. Olaf Scholz kantzilerrak esan du «aktiboki» ari direla lanean lotura hori murrizteko, baina aitortu du orain ezingo lukeela neurria hartu, akaso urte amaierarako edo datorren urte hasierarako prest egongo liratekeela. Jean Asselborn Luxenburgoko Atzerri ministroak ohartarazi duenez, debekua orain ezartzea «kolpe gogorra» izango litzateke Alemaniako industriarentzat eta Europa osoko ekonomiarentzat. Wopke Hoekstra Herbehereetako Atzerri ministroak azaldu duenez, beste aukera batzuk ere badituzte: «Gerra amaituko dela jakingo bagenu, oraintxe sinatuko nuke, baina beste aukera batzuk ere aztertu behar dira». Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea prest agertu da herrialdeek planteatu dituzten zalantzak aztertzeko; dena den, Josep Borrell EBko diplomaziaburuak ziurtatu du Errusiako petrolio inportazioak debekatu egingo dituztela, «lehenago edo geroago», baina egin egingo dutela.

Bankarrotetik «gertuago»

Mendebaldea Errusia zigortzen hasi zenetik herrialdeak bankarrot egiteko mamua beti egon da airean. Hori nabarmen indartu da azken asteetan, bereziki Errusiak energia errubloetan pagatzeko exijitu duenetik; erosle batzuek ez dute hala egin, baina Errusiak bai, errubloetan pagatu du bere kanpo zorra. Hala egin zuen aurreko astean, eta, Standard and Poor-en arabera, hartzekodunek ez dute onartu. Orain, Errusiak 30 eguneko epea izango luke dolarretan egiteko, bestela bankarrot egingo luke edo epaitegietan amaituko luke auziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.