Salatu dute datu ofizialek ez dutela islatzen COVID-19ak lanean izandako eragina

Gehiengo sindikalaren arabera, lan istripuek eta gaixotasun profesionalek %10,2 egin zuten gora iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %16,7 Nafarroan

Atzo istripua jazo zen obra, Iruñean, Arrosadia auzoko kaleko lan batean. Irudian, udaltzainak eta suhiltzaileak lanean. JOXERRA SENAR.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Hego Euskal Herriko erakundeen datu ofizialek ez dute inondik ere islatzen langileek COVID-19aren ondorioz jasan behar izan dutena». Salaketa hori Luli Erasorena da, LAB sindikatuko lan osasun arloko arduradunarena. Salatuak, berriz, Osalan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Ekonomiaren Institutua, eta Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako ministerioak dira. Erasok gehiago zehaztu du kritika zorrotza: «Errealitatetik urruntze hori bereziki lazgarria da osasun sektorean eta sektore soziosanitarioan diharduten langileei dagokienez».

Baina zeintzuk dira datu horiek? ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek eta Hiruk eman dituzte 2021eko Hego Euskal Herriko lan istripuen txostenean. Erakundeen datuen arabera, COVID-19arekin loturiko 545 lan istripu zenbatu ziren iaz, 2020an baino 347 gehiago. Iazkoen artean ez zen heriotza bakar bat ere egon. Sindikatuen ustez, kasu horiek «gutxiegi» dira. Alde horretatik, salatu dute mutualitateek ere ez dutela laguntzen kasu kopurua zehatz neurtzen, askotan eremu pertsonalari egozten diotelako lan eremuan izandako kutsatzea.

COVID-19arena txostenaren ondorio nagusietako bat da, baina ez bakarra. Esaterako, sindikatuen kalkuluen arabera, iaz laneko istripu eta gaixotasunek gora egin zuten: %10,2 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta %16,7 Nafarroan. Ezin izan dute Hego Euskal Herriko datu bateratua lortu, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak ez baititu datuak eman, eta Osalanek eta Espainiako Lan Ministerioek zenbaketa irizpide ezberdina baitute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 74.646 lan istripu egon ziren: 36.364k gaixoaldia eragin zuten, 210 larriak izan ziren, eta 35 istriputan langilea hil egin zen. Nafarroan, berriz, gaixoaldia eragindakoak bakarrik zenbatzen dira: 10.982. Horietatik 77 izan ziren larriak, eta hamahirutan langilea hil egin zen.

Mutualitateen iragazkia

Horiei lan gaixotasunak gehitu beharko litzaizkieke, baina, sindikatuen arabera, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak entresaka egiteko boterea ematen die mutualitateei, eta horrek asko txikitzen du kopurua: «Gaixo dauden langileak behartzen ditu aitorpen falta hori epaitegietara eramaten. Mutualitateek, berriz, osasun publikora bideratzen dituzte lanak sortutako gaitz asko».

Sindikatuen datuak ezberdinak dira. Haien zenbaketaren arabera, 68 lagun hil ziren, datu ofizialetan baino hogei gehiago. Handia da aldea, eta Izaro Mujika ELAko osasun arloko arduradunak azaldu du horren zergatia: «Guk istripu ez-traumatikoak, in itinere-koak [lanerako joan-etorrian izaten direnak] eta garraiolari guztienak zenbatzen ditugu. Azken horietako asko trafiko istripu bezala hartzen dituzte erakundeek, ez direlako lantokian izan. Ez du zentzurik: garraiolarien lantokia haien ibilgailua da, eta mugikorra da».

Sindikatuak arduratuta daude zenbatzeko era ezberdinarekin, susmoa dutelako ez dela bakarrik hildakoekin gertatzen: «Pentsatzekoa da istripu arin eta larriekin antzeko beste azpierregistro bat egongo dela». Istripuen datuak xeheago aztertuta, deigarria da sei langile hil izana basolanetan. Hildakoen %13 izan ziren, sektore horretako langile guztien %2,2 bakarrik izan arren. Sindikatuek jardun hori arautuko duen plan berezi bat eskatu dute. Beste datu deigarri batzuk ere eman dituzte: hildakoak eragin zituzten istripuen %44 industrian izan ziren, %14 altueratik erorita, eta %19 azpikontrataturiko zerbitzuetan.

Ordezkaria, «alferrik»

Sindikatuek erakundeei eskatu diete lan ikuskaritza indartzeko. Haien kalkuluen arabera, Hego Euskal Herrian 150 ikuskari falta dira Europako batezbestekoetara iristeko. Gogor kritikatu dute Nafarroako Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura berreskuratu izana. «Guztiz alferrikakoa» dela uste dute, eta «CEN, CCOO eta UGT finantzatzeko» balio duela bakarrik, eta ez «lan istripuak gutxitzeko». Salatu dute CCOOk eta UGTk 3.300 euro jasoko dituztela bisitatzen duten enpresa bakoitzeko. Nafarroako Gobernuak milioi bat euro baino gehiago jarri ditu kargu horrentzat, eta, txostenaren egileek diotenez, 24 teknikari kontratatu ahal izango lirateke diru horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.